Motor eta errugbi zaleen bilgune izan da Zizurkil

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko ira. 1a, 15:59

Motor zaleek, auto klasikoak ikusten eta motoek Fraisorora egin duten I. igoera kronometratuarekin gozatu dute. Danenaren zelaian, berriz, errugbi txapelketa jokatu dute. Bazkal ostean jarraituko du festa giroak, musikarekin.

Festak asteartean hasiko badira ere, zizurkildarrak motorrak berotzen hasi dira, goizean, auto eta moto klasikoak herrira iritsi diren unetik aurrera. Bertaratu direnek, ederki gozatu dute gutxienez 30 urte dituzten garraiobideen xehetasunak miatuz. "Harribitxi ederrak dira, ongi zaindutakoak gainera!", aipatu du horietako batek. Horietatik zaharrena, Amador Tolosa donostiarrarena zen, 1923ko auto ederra. Hura bakarrik utzi dute, interesatuenek bisita zezaten.

Ondoren, moto gidariak, euren altxorrak hartu eta Fraisorora igo dira. Lehen aldian, bidea ezagutzeko egin dute igoera. Ondoren, ordea, kronometratua izan da, banaka irten direlarik. Hura amaitu eta gutxira, I. Melokotoi Txapelketa jokatu da. Kasu honetan, errugbiko emakumezkoenIruñeko La Unica, Ordizia, Bilboko U.R.B., Hernani eta Donostiako Bera Bera taldeek hartu dute parte. Lehenago, gainera, haur eta gaztetxoek errugbiaren inguruko zenbait ezagutza izan eta apur batean praktikatzeko aukera izan dute jolasen bitartez.

Txapelketa jokoan zen bitartean, Aiztondotik ibilaldia egin dute ibilgailu klasikoek. Une honetan, berriz, mahaiaren bueltan bilduta aurkitzen dira parte hartzaileak nahiz bertaratzeko asmoa azaldu duten errugbi eta motor zaleek. Azkenik, arratsaldean, Dinbi Danba taldearen kontzertuaz eta DJ-az gozatzeko aukera izango da. Ez da rock musikarik faltako beraz Zizurkilen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!