3 pieza jo behar zituen bikote bakoitzak (trikitia, porrusalda eta fandango edo arin-arina), eta zozketaren arabera orden honetan igo dira oholtzara 10 bikoteak: Ane Arruti eta Aintzane Elosegi urnietarrak, Eneko Urkola zaldibiarra eta Julene Sarabia arrasatearra, Nahia Dorronsoro bidaniarra eta Iraia Arteaga Urrestillakoa, Urkizuko Maialen Oroz eta Zizurkilgo Nagore Iraola eta Bidania-Goiazko Maddi Senperena eta Zizurkilgo Uxue Zinkunegi.
Epaimahaia, berriz, Peio Aiestaran eta Alaitz Ormazabalek osatu dute, Kristina Solanoren laguntzaz. Azken hau, gainera, pare bat pieza jotzera igo da bere ikasle Goiatz, Eider, Mirari eta Eiderrekin batera, gainerakoek irabazlea nor zen erabakitzen zuten bitartean. Sariak banatu baino lehen, Geresta garraioak eta Argi karrozeria enpresei eskerrak eman nahi izan dizkiete txapelketa posible egiteagatik.
Azkenean, Eneko Urkola eta Julene Sarabiarentzat izan dira txapelak, garaikurrak eta dirua. horrela, Goiatzen duela hiru egun lortu zuten garaipena lortu dute gaur ere. Nahia Dorronsoro eta Iraia Arteaga sailkatu dira hauen atzetik, eta gainontzeko partaideei bezala, hauei ere garaikurrak eta dirua eman dizkiete saritan. Gaur gauean, bertso saio ederraz gozatzeko aukera izango da Zizurkilen, eta bihar ere festa giroan murgilduta jarraituko du herriguneak.