Ez zuen garbi ikusten zer esango zuen, baina ederki asko bota du festen hastapeneko mezua, Xabier Pellejerok. "Errespetuz jokatu eta ondo pasa!" esanez amaitu du bere hitzaldia. Lehenago, ordea, oilaskoak biltzen aritu diren gazteei zuzendu zaie, festa batzordean euren beharra ikusten duela eta, jaien antolakuntzan parte har dezaten. "Agian, ez duzue gaur bezain ondo pasako, baina merezi du", azaldu du Pellejerok.
Suziria lehertu ostean, Iriarte jatetxeko balkoitik gozokiak botatzen aritu da, haurren eta ez horren haurren gozamenerako. Behin festei hasiera emanda, indarkeria matxistaren aurkako herri argazkia atera dute bertaratu diren guztiek, "erasorik ez!" zioen esaldia eskuetan hartuta. Azkenik, goizeko 6:30ean bildu eta baserriz baserri oilaskoak biltzen eta txapliguak botatzen aritu diren gazteen txanda heldu da. Oilasko biltzaileen dantzaz gain, soka dantza ere egin dute, ohiko azeri dantza, fandangoa eta arin-arina dantzatuz. Lehena, gainera, puxikekin egin dute, eta tartean izan da asmatu ez duenik ere.
Gaur arratsaldean, bike trial modalitateko Irene Caminos eta Javi Alonso kirolarien ikuskizunaren txanda izango da, iluntzean, kultur etxean ikusgai egongo diren argazki zaharren erakusketaren inaugurazioa egin aurretik. Gauean, berriz, herritarrak plazan bilduko dira, herri afarirako, eta erromeria izango da plazan, Iratzar taldearen eskutik. Bihar, Ama Birjin eguna ospatuko dute Zizurkilgo herrigunean (goian).