Zizurkilgo Herriguneko Jaiak 2018

«Sari hau jaso ondoren ere, zenbait urtez lanean jarraitu beharko dut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 10a, 08:03

Xabier Pellejerori arrazoi ugarirengatik jantzi zioten 25. Txapel Eguneko txapela. Aurten, urte luzez jai batzordean lanean aritu ondoren, festei hasiera ematea egokituko zaio.

Zizurkilgo herrigunean, Txapel Egunean sari nagusia janzten duen herritarra izaten da herria irudikatzeko egokiena. Hala da, izan ere, urtero txapela janzten duen pertsona edo taldeak botatzen du suziria, festei hasiera emateko. Aurten, Xabier Pellejerori (Gaintza, 1953) egokitu zaio ardura. Ez dago batere urduri, eta herritarrentzat bueltan, esker oneko hitzak besterik ez zaizkiola geratzen aitortu du.

Ba al dakizu zer esango duzun?
Ez dakit eskerrak emango dizkiedan hau gertatzea posible egin duten guztiei, edo ez. Baina, bai, pentsatzen dut horrelako zerbait esango dudala. Lehenago, ordea, txupinazora etortzera animatu nahi ditut zizurkildarrak.

Zuretzat zer suposatzen du honek?
Errekonozimendu moduko bat da, urteetan zehar egindako lanagatik; herrigintza mailan, boluntario modura zerbait egin dudanaren seinale. Aurten, festa batzordeko kideek txapela jantziko zidatela jakin nuenean, izugarrizko poza eman zidan. Ondorioz, suziria pizteko ilusio handia dut.

Txapel Egunean jaso zenuen saria, baita herritarren esker ona ere.
Beste munduko gauzarik ere ez dut egin. Egia da beti esku bat botatzen aritu izan naizela, urte askotan. Ez nuen espero, eta sorpresaz harrapatu ninduen. Orain bai, sari hau jaso ondoren ere, zenbait urtez lanean jarraitu beharko dut.

Udaletxean zinegotzi izandakoa zara zu. Nola aldatu dira herria eta festak ordutik hona?
Hori duela hogei urte baino gehiago izan zen. Herria, hobeto ezagutzeko aukera izan nuen, eta dudarik gabe, asko aldatu da. Orduan, asko hazi zen herria, eta orain, berriz, pixka bat gelditu da; erritmoa lasaiagoa da.

Festak, berriz, ez dira asko aldatu. Tradizioari eusten diote egitarauko ekintza ugarik, besteak beste, oilasko biltzeak. Hala ere, honek ere garai berrietara egokitzea lortu du. Nahiko jarduera eztabaidagarria izaten da, baina, gaur egun, inongo liskarrik eragin gabe eramaten da aurrera. Azken urteetan, gainera, gazteak dira festetako pisua eramaten dutenak, eta ni bezalako boluntarioek, modu batera edo bestera laguntzen diegu. Bestalde, festetan inoiz aldatu ez den kontua, ordutegiarena da. Arrazoi desberdinengatik, jarduera ia denak beranduago hasten dira festetan. Hori bai ez dela garai berrietara egokituko!

Eta, zertaz gozatuko duzu jaietan?
Egunen batean, festetatik kanpo lanean aritzea egokituko zait agian. Bestela, normalean egiten ditudan lan txikiak egin beharko ditut. Adibidez, oilasko biltzean, lumatzea eta erretzea. Idi-proba ere ohiko ekintza izaten da, eta ofizioa dela eta ez dela, saltsan aritu beharko dut. Egunez gozatzeko parada izango dut, gaupasa luzerik egin gabe, deskuiduren bat edo beste izaten ez badugu. Azken finean, festak ospatzen direnean, ordu asko igarotzen ditut etxetik kanpo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!