«Sortzen duzun bitartean gozatzea da garrantzitsuena»

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 17a, 08:00

Idoia Beratarbide oiartzuarrak 'Barruko denbora' izenburuarekin hilaren 26ra arte bere lanak erakutsiko ditu Plazida Otaño liburutegian eta egun horretan bertan artista tailerra eskainiko du.

Ilustratzaile bezala aurkezten duzu zure burua.

Ilustratzailea, batzuetan. Nahikoa saltseroa naiz, eta orokorragoa, esango nuke sortzailea naizela. Ilustrazioaz gainera, gauza gehiago egiten ditut: antzerkia, antzerkirako arropak, sorkuntzako klaseak ematen ditut eta ilustrazioak, noizbehinka egiten ditut. Nire lan indibiduala, ez dut ilustrazioaren eremuan bakarrik ikusten, piktorikora ere jotzen dut. Askotan ilustratzaileek esan izan didate oso margolaria naizela eta margolariek oso ilustratzaile naizela.

Zein formazio duzu zuk arte munduan?

EHUn Arte Ederrak ikasketak egin nituen eta handik atera nintzenetik sortzen dihardut. Lehenengo urteetan erakusketa dezente egiten nituen, eta hori izan daiteke, ni neroni fakultatetik atera nintzenean nuen jarreragatik eta gizartean ere bazegoelako horretarako aukera. Zirkuitu ezberdinak zeuden, kultur etxeetan, tabernetan... eta horietan erakustea ez zen hain zaila. Azken urteetan aldatu egin da giroa eta ez da hain erraza erakusketak egitea; bestalde, nik neuk ere ez dut erakusteko hainbesteko beharrik.

Nondik abiatzen zara zure sormen lanak egiteko?

Abiapuntua zerrori zara, zeure barruarekin bat egiten duzunean. Momentu bat iritsi da, non margolanak egin eta egin etxean ere tokirik gabe geratzen zaren. Nire ibilbidean bilakaera bat egon da eta bitxia da baina fakultatean egiten nuen horretara bueltatu naiz. Urteak eman ditut frogatzen akrilikoarekin, olioarekin... eta azken urteetan, erosoen paperean sentitzen naiz, atzera, marrazkia eta collagea uztartuz.

Azken aldian lantzen ari zaren horren erakusgarri da 'Barruko denbora'?

Bai, alde batetik, erakusketa honetarako prestatu ditudan lantxoak daude, marrazkia eta collagearekin egindakoak. Erakusketa kolektibo baterako koadro bat eta eskultura batzuk ere ekarri ditut eta horren aurretik egin nuen beste erakusketa baterako bereziki eskatu zizkidatenak ere bai. Bukatzeko, duela zazpi urte prestatu nuen erakusketa handi batetik beste pare bat koadro ekarri ditut.

Zenbat denboran egin dituzu erakusketa honetarako propio sortutako lanak?

Ez da erraza esplikatzen. Egiterako momentuan azkar egin ditut, baina aspalditik nerabiltzan buruan hemen jasotako ideiak. Collageak direnez urteetan gordetako materialaz baliatu naiz. Kaxatxo batean material asko jasotzen dut eta lan hori aurreratuta edukitzen dut. Hortaz, konposizioak egiten ez dut hainbeste denbora ematen. Zazpi lan txiki hauek hilabete batean egin ditut adibidez.

Zer da arte lan hauek transmititu nahi duzuna?

Aurreko erakusketari, Denboraren itzala deitu nion. Hortik tiraka etorri zitzaidan izenburua eta islatzen du nire momentua. Inflexio une batean nago, non egin ditudan gauzak niregana ekarri nahi ditudan berriro, gerturatu.

Zein gai lantzen dituzu?

Denboraren gaia, lotzen gaituzten hariak agertzen dira... gai asko dira eta seguruena gai horietako bakoitzetik tiraka beste hainbat sortu daitezkeela. Disfrutatzeko eta sortzeko gogoa dudan une batean aurkitzen naiz. Urte guzti hauetan, besteei sortzen erakusten aritu naiz eta plazeragatik bakarrik, burua gehiegi jan gabe, gai jakin bat eduki gabe, nire burua eramaten utzi eta sortzera dedikatu nahi dut. Auto-erretratuaren eremuan egiten dut lan azken aldia eta nire irudiak, edo nire irudiak izan daitezkeenak agertzen dira erakusketa honetan.

Zer erakutsiko duzu hilaren 26an eskainiko duzun artista tailerrean?

Niretzako garrantzitsuena sortzen duzun bitartean gozatzea da. Helburua hori da eta ez tailerretik ateratzea zerbait itxiarekin eta bukatuarekin. Erakusketarekin lotuz, erretratuak jorratzea da nire asmoa. Ez pentsatu betiko erretratu tipikoan, norberaren iruditik abiatuta, noraino iritsi gaitezkeen esploratzeko asmoa dut gerturatzen den jendearekin.

Nola gonbidatuko zenuke jendea erakusketara?

Beti da interesgarria edozeinen lana ikustea. Uste dut geroz eta gutxiago ohitzen dugula gure burua horrelako gauzetara. Gauza bat da artistak sortzen duena eta hor uzten duena, baina gero ikuslea dago, eta batez ere, ikusleak aurrean duen horrekin sortzen duen elkarrizketa. Interesgarria da lan baten aurrean jarri eta kontatzen dizun hori aditzea.

Erlazionatuak

'Barruko denbora' erakusketa ikusgai

Tolosaldeko Ataria 2018 urt 17 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!