Zizurkil Goiko Amabirjinak 2017

Astondoa, Otaegi eta Urteaga apustuko garaile

Ataria 2017ko abu. 13a, 17:01

Herri kirol apustua egin dute eguerdian. Irati Astondoak, Joseba Otaegik eta Aitor Urteagak irabazi dute Alatzne Etxaburua, Unai Otaegi eta Jon irazuren aurka. Arratsaldean, idi probak eta sagardo dastaketa egingo dituzte.

Baserritarren eguna da gaur Zizurkilen. Goizean, erretirodunen hamaiketakoa egin dute Iriarte jartetxean. Ondoren, herri kirol apustua egin dute hirunakako bi taldek elkarren aurka; alde batetik, Alatzne Etxaburua, Unai Otaegi eta Jon irazu, eta bestetik, Irati Astondoa, Joseba Otaegi eta Aitor Urteaga.

Banaka, binaka eta taldeka egin dituzte lanak. Irati eta Alatzne 45 ontzako enborrarekin aritu dira lanean, Aitor eta Unai kanaerdikoarekin eta Joseba eta Jon 60 ontzakoarekin. Lehenengo, Iratik Alatzneren aurka jokatu du, Aitorrek Unairen aurka, eta Josebak Jonen kontra. Enborra kolpe gutxienetan moztu dutenek irabazi dute lehengo puntua; Iratik, Unaik eta Josebak, hain zuzen. 

Ondoren, binaka aritu dira, enborra nork lehenago moztu; Iratik 4 minutu eta 48 segundo behar izan ditu, eta Alaznek, berriz, 5 minutu eta 30 segundo. Unaik 1 minutu eta 50 segundo, eta Urteagak, aldiz, 2 minutu eta 29 segundo. Azkenik, Josebak 2 minutu eta 21 segundotan moztu du enborra, eta Jonek 3 minutu eta 29 segundotan.

Azkenik, taldeka aritu dira eta bakoitzak bi enbor moztu behar izan ditu bata bestearen segidan. Azkarrenak Irati, Joseba eta Aitor izan dira, eta beraiek irabazi dute apustua 15 eta 4ko puntuazioarekin. Irantzu Urkola Zizurkil Goiko festa batzordeko kideak zapi bana eta txanpain botila eman die irabazleei; apustuaren galtzaileak ere ez dira esku hutsik joan, eta ardo botila bana jaso dute.

Arratsaldean, idi probak eta sagardo dastaketa

Arratsaldean, idi probak egingo dituzte, eta haurrentzako jolasak ere antolatu dituzte. Ondoren, sagardo dastaketa egingo dute Leire Zumeta eta Amaia Arza trikitilariek alaiturik. Gauean, bertso saioa egingo dute: Unai Mendizabal, Maialen Lujanbio, iker Zubeldia, Oihana Iguaran, Andoni Egaña eta Sustrai Colina igoko dira oholtzara, eta gai-jartzailea Igotz Alkorta izango da.

Egunaren amaieran, Obaneuke taldearen erromeria izango da. 

Ikusi hemen egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!