ataria.eus

Gertatu zena argitzeko begi eta eskuak

  Historia  Zizurkil

Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta 1936ko gerraren inguruko ikerketa historikoa osatzeko, arkeologia arrastoen bila aritu dira egun hauetan 17 gazte boluntario Zizurkilgo Zarate Aitz mendiaren magalean.

Duela bi urte, Zarate Aitz mendiaren magalean, Asteasuko partean hasi zituzten indusketak jarraitu dituzte aurten 17 gazte boluntariok. Aranzadi zientzia elkarteko Javi Buces eta Karlos Almorzak egindako ikerketa historikoan oinarrituta, 2015ean, harriz egindako murru baten zati batzuk berreskuratu zituzten. Gazteekin batera Julien Blanco arkeologo bretoia aritu da egunotan lanean, toki berean, baina Zizurkilgo partean: «Airetik ateratako argazkiek erakusten dute murru hauek ganadurako lur eremu bat mugatzen zutela. Gure hipotesia da, erresistenteek murru horiek gerrarako lubakiak egiteko berrerabili zituztela, nahiz eta ezin izan dugun arkeologikoki frogatu». Duela bi urte, besteak beste, eremu horretan gerran erabilitako 88 bala zorro aurkitu zituzten. Aurten material gutxiago topatu dute, baina aitzitik, lubakiak dokumentatzeko aukera izan dute boluntarioek.

Lau udalerri bat eginda

Saseta komandantearen esanetara zeuden gazte boluntarioek osatu zuten defentsa sistema 1936ko uda hasieran. «Oso garrantzitsua» izan zen bertan gudariek egin zuten erresistentzia, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendaritza nagusiaren ustez. «Hemen 34 egunez eutsi ahal izan ziotelako osatu ahal izan zen 1936ko urrian lehen Eusko Jaurlaritza». Memoriaren pasarte guztiak ezagutarazteko helburua du Foru Aldundiak eta horregatik laguntzen du duela hiru urtetik hona Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo udalek memoria historikoa berreskuratzeko abiatu duten proiektua.

Vaqueroren esanetan, gertatutakoa ezagutarazteaz gain, inportantea da transmisioa bultzatzea, «eta horri asko laguntzen dio hemen bildutako boluntarioak gazteak izatea».

Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateordeak adierazi duenez defentsa sistema bistaratzeko hiru udalerriek hasitako proiektuan Aranzadi zientzia elkartea «ezinbesteko» bidelagun izan da eta auzolandegietan parte hartzen ari diren gazteak dira, «gure begi eta eskuak». Egiaren transmisioari «balio erantsia» ematen diote Amenabarren hitzetan.

Egitasmoaren barruan, Aranzadik, iaz eta hiru udalen laguntzarekin Saseta denfentsa-sistema: armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen liburua kaleratu zuen eta han abiatutako bideak «segida izango duela eta lantzeko eta bultzatzeko asko dagoela» adierazi du Pili Legarra, Asteasuko alkateak. Adunakoak, Josu Amilibiak ere, «hemen gertatutakoa eta gudariek egindako lana azalerazten» jarraituko dutela esan du.

Aurten, lehen aldiz, proiektura batu da Larraulgo Udala. Ander Leon zinegotziak esan duenez, «modu xumean gehitu gara egitasmo honetara, baina hurrengo urtean beste kide bat bezala ariko gara. Hiru beharrean lau udalerri izango gara, eta indartsuago ekingo diogu lanari».

Aurten, adibidez, Larraulen eskaini da auzolandegien barruan eskainitako hitzaldietako bat. Manex Arrastoa, koordinatzaileak azaldu duenez, horrekin batera irteerak egin dituzte Sartagudara, Lemoara edota Elgetara. Auzolandegia koordinatzen aritu den zizurkildarrak eskerrak eman dizkie egitasmoa posible egin duten herritarrei, eta bereziki, «Andaluzia, Asturias, Madril edota Herrialde Katalanetatik etorri diren gazte boluntarioei, eta noski, baita bertakoei ere».

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa