ataria.eus

«Euskal Herriko historiari ekarpen bat egiteko modua da auzolandegi hauetan aritzea»

  Historia  Zizurkil

Auzolandegia abiatu zen egunean hitz egin zuen TOLOSALDEKO ATARIAk 23 urteko iruindarrarekin. Esperientzia amaitzear dela «asko» ikasi duela aitortu du.

Zer moduz pasa dituzue egun hauek indusketetan?

Oso ondo. Lan asko egin dugu. Lehen egunak zonaldea garbitzen eman genituen, zuhaitz gazte asko eta belar asko zegoelako. Behin garbituta ekin genion indusketari eta materiala agertu da. Bala zorroak, metal zatiren bat eta artilleria kanoi baten atzealdea ere topatu dugu. Galdera berriak ere sortu dira: goialdean lubakiaren ibilbidea galdu egiten da eta ez dakigu zehazki zein norabide jarraitzen duen. Beste urte baterako helburua izan daiteke arrasto hori jarraitzea.

Beherantz noraino ikertu ahal izan duzue lubakia?

Garbi ikusten da orain, baina hemengo murru hau lurrez tapatuta zegoen iritsi ginenean. Ganadurako hesi bat zela eta lubaki moduan erabiltzeko berrerabili zela uste dugu. Ez dakigu zein bide egiten duen zehazki baina garrantzitsua iruditzen zaigu ulertzea, zergatik egin zuten horrela, zergatik norabide honetan. Ez dirudi, printzipioz, leku aproposa zenik, aldapa baten gainaldean dagoelako eta 20 metrora bakarrik ikusi zitekeelako etsaia.

Modu inprobisatuan egin zela uste duzue?

Ikerketarekin aurrera egin ahala ikusi dugu lehen lubaki sistema zela hemen ezarri zena, eta pixkat errudimentarioa izan zela Elgeta edo Lemoekin alderatuta. Haiek «profesionalagoak» dira eta ikasita zeukaten nola egin lubaki bat.

Oso egun gutxitan osatu behar izan zuten defentsa sistema.

Hona etorri ziren pertsonak boluntarioak ziren, euren eskopetekin borrokara etorri zirenak. Sasetak hartu zuen Azpeitiko Komandantziaren ardura eta erabaki zuen herrietatik alde egin eta mendietara igotzea. Defentsa sistema oso bat eraiki zuen frankistak geldiarazteko. 34 egunetan iraun zuten eta testuingurua ikusita, lorpen handia izan zen nire ustez.

Goiko parteko lubakiaren arrastoa ezin segitu topatu zarete. Zein da zuen hipotesia?

Aurreko mendeko 50eko hamarkadan egindako argazki batzuei esker, non mendia garbi dagoen, nahikoa argi ikusten da lubakien segida. Garbitzen hasi ginenean, zonalde bat topatu genuen arroka natural askorekin eta ikusten da nola baliatu zituzten harri horiek lubakia egiteko. 20 metro aurrera egin eta arrastoa galdu egiten da. Zehazki nondik segitzen zuen ez dakigu. Badakigu, Zarateko Bentan ere bazeudela beste lubaki batzuk eta hipotesi logikoena da hemengoak eta hangoak lotuta egotea. Baina hori frogatzeko oraindik ere lan asko egin beharra dago.

Aipatu duzuenez, ez duzue material gehiegi topatu.

Bai, hala da. Polita izango zen objektu pertsonalak topatzea, jakiteko gudariek zer bizimodu egin zuten hemen egon ziren bitartean. Hilabete oso bat pasa zuten hemen eta pentsatzekoa da ez zutela bakarrik txapela eta fusila ekarriko, puskak ekarriko zituztela. Baina ez dugu horrelakorik topatu, soilik material militarra aurkitu dugu. Agertu den artilleria kanoiaren zatiak frogatzen du frankistek arma astunak erabili zituztela fronte hau defendatzen aritu zirenen kontra.

Zergatik da garrantzitsua duela 81 urte gertatu zena argitzea?

Isilean pasa delako orain arte. Pentsatu behar dugu, frankistek zonaldea hartu eta abandonatu egin zutela. Gerraostean zegoen beharrari aurre egiteko, jendea hona gerra zibileko arrastoek utzitako metal bila gerturatzen ziren, gero herrietan saldu eta diru apur bat lortzeko. Beraz, aztarna asko galdu egin dira.

Errepikatuko zenuke esperientzia?

Oso pozik nago egindako lanarekin. Niretzat Euskal Herriko historiari ekarpen bat egiteko modua izan da hemen aritzea. Horrelako ekimenetan lagundu nahi dutenei gomendatzen diet etortzea. Asko ikasten da. Ni Iruñeako naiz eta sanferminak data hauetan ospatzen direnez, ez dakit urtero, baina bi urtez behin etorriko nintzateke. Giro ona eta elkar lagunduz aritu gara egun hauetan, oso umore onean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa