Lubakien arrastoari segiko diote

Jon Miranda Labaien 2017ko uzt. 7a, 07:55

Hamazazpi gazte ari dira egunotan Aranzadik gidatuta Zarate Aitzen indusketak egiten, Zizurkil, Asteasu eta Adunako udalek bultzatuta 36ko gerrako memoria historikoa berreskuratzeko proiektuaren barruan.

Belkoain mendian eta Adunako Udalak sustatuta 2013ko udan egin ziren lehen aldiz lubakiak berreskuratzeko lanak. Hurrengo urtean Asteasu eta Zizurkilgo udalak proiektura batu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz memoria historikoa berreskuratzeko egitasmoa jarri zuten abian. Helburua, 1936ko udan gertatu zena argitzea, eta zehatzago, militar kolpistei eta errekete boluntarioei aurre egiteko Asteasu, Zizurkil eta Adunako mendietan osatu zen erresistentzia guneari buruzko informazioa biltzea da.

Horretarako Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta 2014ean egin ziren lehen indusketak eta faxistei aurre egiteko gazte boluntarioek eraiki zituzten lubakien parte bat bistarazi zen Adunan, Belkoain inguruan. Hurrengo urtean auzolandegia Zarate Aitz mendi ingurura aldatu zen eta Asteasuko partean aritu ziren boluntarioak.

Bi urteetan lubakiak berreskuratzearekin batera bala zorroak, latak eta jateko erabiltzen zuten materiala topatu dute. Askotan indusketa bati balioa topatutako materialak ematen dio, baina Oria bailaran emandako erresistentziaren esangura harago duela uste du Manex Arrastoak (Zizurkil, 1992), auzolandegiaren koordinatzaileak: «Hemen ez dugu Burdinezko Gerrikoa esaten zaion inguru horretan bezainbeste material topatu, baina iturri ez materialak eta testigantzak biltzen saiatu gara erresistentzia honen garrantzia ezagutzera emateko».

Horretan jarraituko dute uztailaren 16ra arte hamasei gaztek. Euskal Herriko eta Espainiako zenbait puntutatik iritsi ziren astelehenean Zizurkilera eta Karlos Almorza Aranzadi zientzia elkarteko ikerlarien ahotik jaso zituzten lehen azalpenak. Hain zuzen, duela bi urteko indusketekin jarraituz, Zarate Aitz mendiaren Zizurkilgo partean ariko dira bi astez.

Irteera eta hitzaldiak

Aztarnategian lanean aritzeaz gainera, Sartaguda, Ezkaba, Elgeta eta Lemoa bezalako memoria tokiak bisitatuko dituzte boluntarioek eta hitzaldiak entzuteko aukera izango dute. Herritarrentzako irekiak izango dira, eta gaur lehena, Larraulen izango da Ander Leonen eskutik.

Euren ezagutza zabaltzeko aukera izango dute auzolandegian izena eman duten boluntarioek. Gehienak Arkeologia edo Historia ikasleak dira, egonaldia unibertsitateko praktika aldia egiteko baliatuko dutenak. Haiekin batera egongo dira Iñaki Altzuguren monitore-gidaria eta Julien Blanco bretainiar arkeologoa. Arrastoaren esanetan, «aurten lehen aldiz zabaldu dugu estatu mailara deialdia eta jende askok eman du izena». Elebitan egingo dute auzolandegia.

Egunotan Zarate Aitz mendiaren Zizurkilgo aldean ariko direnez, bertako udalerrian hartu dute ostatu boluntarioek. «San Millan eskolako goiko pisuan bi gela dauzkagu eta bertako jangela erabiltzen dugu. Iriartetik hartzen dugu ogia eta otorduak guk antolatzen ditugu. Taldeka antolatzen gara lan horiek aurrera eramateko», dio Arrastoak. Gogor lan egiteko prest agertu dira boluntario gisa izena eman duten gazteak eta Aranzadi zientzia elkartearen egoitzan, Donostian, emango dute ikasitako guztiaren berri, uztailaren 16an.

 

Kolpistei aurre egin zieten beste boluntario haien memoria, liburu batean

Azpeitiako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak Eusko Gudarostea. Eusko abertzaleak, armak eskuan, Espainiako militarren altxamenduaren aurka liburua aurkeztu zuten Loiolako santutegiaren alboan, aurreko larunbatean.

Toki horretan osatu zen 1936ko abuztu hasieran Azpeitiko Komandantzia, altxamendu faxistaren aurka borrokatzeko prest zeuden ehunka boluntarioz osatua eta Kandido Saseta militar profesionalak gidatua. Tropa kolpistak 34 egunez geldiarazi zituzten Andazarrateko frontean. Erresistentzia hori ezinbestekoa izan zen, gero, Eusko Jaurlaritza osatzeko. Azpeitiko Komandantzia Eusko Gudarostearen ernamuina izan zen.

1.200dik gora boluntariok eman zuten izena komandantzian eta horietatik 561 kide identifikatzea lortu dute Aranzadiko Javi Bucesek eta Karlos Almorzak. Liburuan jaso dute haien memoria.

Gudari haien senideak bildu ziren larunbateko ekitaldira eta Igor Elortzaren olerkiek eta Eñat Elorrietaren musikak goxatu zuten ekitaldia. Bide batez, Sasetaren omenez irudi bat jarri zuten Arrupe etxearen aurreko zelaian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!