Zizurkilgo XIII. Blues Gaua

Blues doinuak, hamahirugarrenez

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 24a, 15:49

Larunbatean Blues Gaua izango dute Zizurkilen. Jimmy Barnatanek kaleratzear den diskoko kantak ere eskainiko ditu. ATARIA-k Broken Brothers Brass Bandeko Ion Celestino tronpeta jotzailea elkarrizketatu du

Larunbat honetan, hilak 28, blues doinuek hartuko dute Zizurkil. Hamahirugarren edizioa izango da aurtengoa. Hiru talde ariko dira: Broken Brothers Brass Band, White Towels Blues Band, eta Jimmy Barnatan & The Coconers.

Blues Gaua Broken Brothers Brass Bandek irekiko du. Amama Luisa Brass Band taldeko hainbat kidek sortu zuten eta New Orleanseko doinuak ekarriko dituzte Zizurkilera. Kalejira eskainiko dute lehenik eta ondoren kontzertua, Atxulondon. Bertan In the Mud diskoko kantak eskainiko dituzte iruindarrek Haize instrumentuak dira nagusi talde honetan; tronpetak, saxo baritonoak, tronboiak eta helikoia entzun ahalko dira.


White Towels Blues Bandeko abeslaria Lisi da. Pertsonalitatea ematen die eta taldea Euskal Herrian zegoen hutsune bat betetzeko asmoarekin sortu zutela diote blues elektrikoa landuz. Gipuzkoako taldea da eta TolosandBlues jaialdian ere jo zuten.



Azken kontzertua Jimmy Barnatan & The Coconers taldearena izango da. Santander eta New York (AEB) artean hezitakoa da Barnatan, eta  esan izan du The Doors taldeko Jim Morrisonenganako debozioak ireki zizkiola bluesaren ateak. Antzezlea ere bada. Bere bluesman ahotsa eta karisma nabarmendu dituzte antolatzaileek. Zizurkilen ateratzear den Motor Club diskoko abestiak joko ditu, lehen aldiz. Laugarren lan honetan La Fugako Nando G. Miguelek, M-Claneko Carlos Tanquek eta Burning taldeko Johnny Cifuentesek hartu dute parte. Countrya, bluesa eta soula jorratzen ditu, swing gordinarekin nahastuta.
Udalak, urtero bezala, Egarri eta Atxulondo tabernen laguntza izan du Blues Gaua antolatzeko.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!