Zizurkilgo XIII. Blues Gaua

Ion Celestino: «Gurea New Orleanseko galbahetik pasatako musika beltz dantzagarria da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 24a, 15:59

Ion Celestino • Broken Brothers Brass Band taldeko tronpeta jotzailea

In the Mud da talde jendetsu honen azken diskoaren izena. Batek baino gehiagok egingo zuen lotura Glenn Miller tronboi jotzaile eta orkestra zuzendariaren In the Mood kantarekin, eta ez da kasualitatea.  
Broken Brothers Brass Band taldeak irekiko du, hain justu, Blues Gaua. Kalejira eskainiko dute lehenik, eta ondoren, bere azken laneko kantak eskainiko dituzte Atxulondo tabernan, 23:30etik aurrera. Kaleko taldea dira batez ere, hori dio Ion Celestino tronpeta jotzaileak; denbora luzez kalean jotzen zuten bakarrik. Orain bi lan dituzte; In the Mud (Errabal, 2014), eta The Life We Deserve (Errabal, 2012).

Zizurkilen kalejira eskainiko duzue lehenik eta oholtzan izango zarete gero, nola banatuko dituzue emanaldiak?
Kalean New Orleanseko (AEB) tradizioko kantak eskainiko ditugu, batez ere, eta kontzertuan disko berriko abestiak joko ditugu.  

Urtea hastearekin batera aurkeztutako In the Mud laneko kantak entzun ahal izango dira, beraz. Nola definituko zenukete bigarren lana?
Gure ahots propioaren bila gabiltzala esango nuke, hori ari gara garatzen.

Diruak ematen ez duela entzuten ari garen eta zuzeneko formatuak txikitzen ari diren honetan, zuek kontrako bidean zaudete, eta oholtzan talde handia osatzen duzue.
Asko gara eta geroz eta gehiago, bai. Diruari begira egingo bagenu, agian ez genuke egingo. Herri honetan egiten diren hainbat eta hainbat gauza bezala, egin behar dira egin behar direlako. Bestetik, guretzat taldea lagun talde bat da eta baita etorkizuneko apustu bat ere, egia esan ez dakit objetiboki azaltzen, baina batzuetan gertatzen da merkatuari begiratzen badiozu geldirik geratzen zarela, beraz, guk jarraitu dugu jotzen, nahiz eta horrenbeste jende izan.

Ikusleak dantzan jarriko dituzue, noski.
Guztiz. Nahiz eta oholtzan jo, jotzen dugun musikaren ildoa beti da New Orleanseko galbahetik pasatako musika beltz dantzagarria. Oholtzan bai jotzen ditugula gehiago kanta propioak eta kalean abesti tradizionalak, baina estilo aldetik beti da ildo bera.

Zuen bidea egiten ari zarete.
New Orleanseko musika eta tradizioa gure ispilu dira gauza askotan. Hango taldeek ere hori egiten dute; badute beraien tradizioa eta hori hartzen dute, baina talde bakoitzak bere ahotsa ematen dio, bere modura lantzen du. Guk ere nahasketa egiten dugu. Jazza eta New Orleanseko musika lantzeaz gain, hip-hopa eta musika jamaikarra ere entzuten ditugu, beraz, nahastu egiten dugu.

Zuen erara jotzen duzue New Orleanseko musika, alegia.
Hangoa bezalako musika egiten dutenak han daude, noski, eta baita munduko beste toki askotan ere. Baina ez dute pertsonlitatetik, nolabait esateko, guk gurea egin nahi dugu.

In the Muden rap ukituak eman dizkiozue zuen musikari.
Zenbait kantetan scratcha egiten duen tipo bat dago eta hor erabili ditugun disko guztiak 60 eta 70eko hamarkadetan Euskal Herrian egindakoak dira. Hori da gure ahotsaren kontu horretatik datorrena, hau da, gure ahotsa egiten ari gara, baina ez gaude egiten munduko edozein tokitan, baizik eta hemen.

Nolatan erabaki zenuten rapa sartzea?
Bi gauzengatik: gutako askok rapa entzuten dugulako aspalditik, eta New Orleanseko talde askok ere erabiltzen dutelako errekurtso hori. Azkenean New Orleanseko talde askorekin gertatzen dena da –eta gu horregatik gaude obsesionatu samar, ni behintzat, hango musikarekin–, azkenean musika beltzaren estilo gehienen jatorrian ildo hori dago, eta horrek esan nahi du XX. mendeko herri musika gehienaren oinarrian dagoela. Beraientzat gauza guzti horiek nahastea, bai rapa, bai soula eta bestelako estiloak, oso gauza naturala da. Eta guretzako ere horrela da.

Modan dagoela esan daiteke.
Niretzako rapa sartzearena retroa izan da. Ni rapean 1998 eta 1999. urteen inguruan nengoen sartu samar eta orduan bai zela nahiko gauza minoritarioa, Iruñean behintzat. Eta horretatik nahiko deskonektatua egon ondoren –entzule bezala bai, baina musikari bezala ez– bat batean orain itzuli naiz horretara. Ez da modernitate itxura bat emateagatik, ia-ia kontrakoa. Oso naturalki uztartzen da.

Jazz ukitu ‘punkarrak’, propioak, blues jaialdi batean...
Dena da herri musika eta bluesa musika honen guztiaren jatorria da ia-ia. Bluesak lotura handia du egiten dugun guztiarekin bai lengoaia aldetik eta baita estetika aldetik ere.

Erlazionatuak

Blues doinuak, hamahirugarrenez

Rebeka Calvo Gonzalez 2015 ots 24 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!