«Nire hurrengo erronka Munduko Txapelketara joatea da»

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 11

Jokin Alberdi (1998, Zizurkil) 2014ko kirolari zizurkildar onena izendatuko dute bihar. Ziklo-kroseko ia txapela guztiak irabazi ditu gazteak.

Pasa den asteburuan bertan hiru lasterketa izan zituen, Asteasun, Puente Viesgon (Kantabria) eta Igorren (Bizkaia). Lehen biak irabazi zituen eta Igorren bigarren egin zuen.

2014ko Espainiako kadete mailako txapelduna, Gipuzkoako eta Euskadiko garaipenak... Urte oparoa izan duzu.
Horrela da bai, Espainiako Kopan ari gara orain eta lasterketa baten faltan irabazita daukat. Oso kontentu nago.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Oraindik ez naiz gogor hasi, baina orain, Espainiako Txapelketara begira, entrenamenduak gogortzen hasiko naiz.

Nola moldatzen zara entrenamenduak eta ikasketak uztartzeko?
Institututik etxera iristerakoan bizikletan ibiltzen naiz pixka bat, eta gero egiten ditut eskolako etxeko lanak. Ez dut denbora asko izaten.

Noiz hasi zinen ziklo-krosean?
Orain dela hiru urte. 7 urte nituela hasi nintzen Andoaingo Txirrindulari Eskolan eta oso gustura nago bertan.

Urduri al zaude omenaldia dela eta?
Ez nago urduri, gainera taldekoak etorriko dira omenaldira eta denak batera egongo gara. Ekitaldi polita izango da.

Zein da zure hurrengo erronka?
Nire nahia Munduko Txapelketara joatea da, ea Espainiako Kopa irabazita eramaten didaten, baina ikusiko dugu. Lanean jarraitu beharra daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!