Txirrindulari batek nahiago izaten ditu garaipenak errepidean lortu, baina errepideaz kanpoko horrelako sariak ere laguntzen dute ezta?
Nire inguruan oihartzuna duen omenaldia da Zizurkilgoa. Gustura joaten naiz, eta eskertzekoa da urtero egiten duten ahalegina. Eserleku guztiak beteta egoten dira eta jendea zain egoten da urte horretan nor etorriko.
Zazpigarrenez jantziko duzu Tourreko lehen euskaldunaren txapela. Gehienetan lortu duzuna zara.
Txantxetan ere esan izan ohi dut Tourra lehiatzeko aukera gehien ere nik neuk izan ditudala. Indurainek bost aldiz irabazi zuen Tourra eta horrek eman zion ospea sari honi, baina jende garrantzitsua pasa da: Olano, Marino Lejarreta, Joseba Beloki...
Hainbeste urteren ondoren, zein motatako erlazioa duzu Urkamendiko kideekin?
Gehienbat Joxe Marirekin hitz egiten dut, berak deitzen nau dena lotzeko. Kasualitatez ere kuadrillako bat bertan bizi da eta bere bikotea elkartekidea da. Nolabaiteko lotura badut.
Berehala bazkide zaitugu...
Bai, azken urtetako txantxa izan ohi da. Hainbeste urte eta gero, jende asko ezagutu dut. Lehen profesional urtetan ere joan izan nintzen eta ohitura bilakatu da.
Aurre-denboraldiaren hasierarekin bat egiten du zita honek.
Hasi gara pixkanaka, bai. Datorren astean noa lehen taldeko kontzentraziora. Levante ingurura goaz hamar egunetarako.
Eta nola ikusten duzu zeure burua?
Oraindik oso goiz da. Aurretik ere pare bat egunez Italian izan ginen egutegiaz hitz egiteko eta taldeko berrikuntza berriak zeintzuk diren jakiteko. Ez daukagu aldaketa handirik: bi fitxaketa egin ditugu soilik, baina bat garrantzitsua: Bauke Mollema, lider moduak etorriko baita. Gainontzean niretzako egutegia ez da asko aldatuko: Otsailean Dubaien hasiko dut urtea eta pasa den urteko egutegia jarraituko dut gutxi gora behera.
Zein helburu izango dituzu?
Urtero moduan, Euskal Herriko itzulian eta Frantziako Tourrean ongi ibiltzea.