Zuretzat zer da parekoa?
Zeberio: Artista handi bat. Musikari fenomeno bat eta erreferente handi bat.
Sastre: Ni naizen hori jendearengana iristen lagundu didan laguna. Artista handi bat da. Haren proiektuak jende asko eraman du ni ikustera. Infinituki eskertuta nago berarekin.
Nola definituko zenuke?
Zeberio: Inon kabitzen ez den artista gisa. Musikaria izateaz gain, bera da musika. Gorputzeko adar eta poro guztietatik dario musika. Haren ondoan musika bizitzea plazer hutsa da.
Sastre: Eredu bat da zentzu askotan. Oso langilea da. Beti dauka lehen ikuspegi artistiko bat. Oso bide luzea egin du. Eredugarria da.
Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?
Zeberio: Sortzeko eta gauza berriak imajinatzeko daukan gaitasuna, bere instrumentua den pianotik zabaltzen duena. Mugagabeko musika dauka barruan.
Sastre: Ikasle ibili zen garaietan, marko itxietatik harago joaten jakin zuen. Bere sinadura sortzen jakin du. Atzetik daraman kolaborazioen zerrenda izugarria da!
Zerbait ez hain positiboa?
Zeberio: Kaos pixka bat bada Iñar! Bere gaitasun neurrigabe hori bideratzeko kaos pixka bat dauka. Ordena pixka bat falta zaio gaitasun horiek guztiak bideratzeko.
Sastre: Gauzak kontrolatuta izatea gustatzen zaio; beraz, kaosean sufritu egiten du. Bere gauzetan gauzak lekuz kanpo ikusten dituenean sufritu egiten du.
Beste instrumentu bat aukeratu beharko bazenute, zein aukeratuko zenukete?
Zeberio: Nik txeloa aukeratuko nuke. Izugarria iruditzen zait!
Sastre: Nik ere txeloa oso gustuko dut.
Berarekin pasatako pasadizo bereziren bat?
Zeberio: Barre asko egiten dut Iñarrekin. Ez nuke jakingo une jakin bat esaten. Niretzat oso garrantzitsuak dira pertsonak, eta berarekin une bikain asko igaro ditut, kotxeko bidaietan esaterako. Umore handikoa da.
Sastre: Indar emozional handiko momentuak bizi izan ditugu. Bere proiektuan egotea oso garrantzitsua izan da niretzat. Bat aukeratzekotan, Leidorren Pause plazaratu genueneko egun hura aukeratuko nuke.