Unai Arroyo eta Nerea Murua garaile, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan

Josu Artutxa Dorronsoro

1.08.33ko denbora egin zuen tolosarrak maratoi erdiko proba irabazteko; Ixilpen taldeko altzotarrak, berriz, 1.21.03ko denbora egin zuen. Ander Garin alegiarrak 29. Lasarte-Oria Bai 10 kilometroko lasterketa irabazi zuen eta Enara Agote tolosarrak Ataungo Hiru Auzoetako XLV. Korrikaldia.

Unai Arroyo korrikalari tolosarrak hirugarrenez irabazi du Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdia. Atzo jokatu zen lasterketa, eta gizonezkoetan tolosarra izan zen azkarrena, ordubete, zortzi minutu eta 33 segundoko denbora eginda. 2022an (1.09.21) eta 2024an (1.08.14) ere txapeldun izan zen Arroyo. Atzo, hasieratik izan zen nagusi, eta lasterketa erdian zazpi segundoko aldea ateratzen zion bigarren sailkatuari. Amaieran, ia minutukoa izan zen aldea. Kevin Lassere frantziarra izan zen bigarren (1.09.25), eta Timo Küpper alemaniarra hirugarren (1.10.03).

Emakumezkoetan, Ixilpen taldeko Nerea Murua altzotarrak lortu zuen garaipena, 1.21.03ko denbora eginda. Gizonezkoen proban bezala, lan erdietan zazpi segundoko aldea ateratzen zion Esther Ramos bigarren sailkatuari. Bigarren zatian parean ere joan ziren bi korrikalariak, baina helmugan, ia minutu erdiko aldea atera zion Muruak; 1.21.26ko denbora egin zuen Ramosek. Nerea Egia donostiarra izan zen hirugarren (1.22.28).

Lapurdi eta Gipuzkoa batu zituen lasterketa ez zen atzo jokatu zen bakarra izan. Esaterako, 29. aldiz egin zuten Lasarte-Oria Bai 10 kilometroko proba, eta gizonezkoetan Ander Garin alegiarra izan zen azkarrena, 31.46ko denbora eginda. Garaipen estua lortu zuen Garinek, lau segundora helmugaratu baitzen bigarren postuan Jon Presa lasartearra (31.50). Astebete lehenago Orendaingo X. Eltxo Trail lasterketa irabazi zuen Amets Aranbarri aizarnarra izan zen hirugarren (31.53).

Bestetik, Ataunen, Hiru Auzoetako XLV. Korrikaldia izan zen. 17,3 kilometroko proban, emakumezkoetan, Enara Agote tolosarra izan zen azkarrena, 1.14.21eko denbora eginda. Ia bi minutuko aldea atera zion bigarren sailkatu zen Luzia Urkiola gabiriarrari (1.16.14). Amaia Insausti idiazabaldarra izan zen hirugarren (1.17.29). Gizonezkoetan, Juan Garikano tolosarra eta Jokin Tolosa anoetarra laugarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren.

Azkenik, atzo baita ere Salto 15K lasterketa jokatu zen Donostian. Korrikako 15 eta 5 kilometrotako probez gain, roller, handbike eta gurpildun aulkia modalitateetako probak ere izan ziren, 15 kilometrokoak. Roller modalitatean, Irristaka taldeko bi irristalariren arteko esprintean erabaki zen garailea. Azkenean, 25.15eko denbora egin zuten Aitor Vacas mataukuarrak eta Julen Urkizar tolosarrak. Nicolas Alonso donostiarra heldu zen helmugara hirugarren postuan (25.36). Handbike modalitatean, Bidania-Goiazko Jon Galarraga hirugarren (31.24) izan zen eta Mikel Goikoetxea amezketarra seigarren (36.04). Iñaki Mujika altsasuarrak irabazi zuen proba: 28.09.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!