Unai Arroyo garaile, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan

Ataria 2024ko urr. 28a, 19:58

Unai Arroyo Hondarribiako helmugan.

Atletico San Sebastian taldeko lasterkari tolosarrak 1.08.14ko denbora egin zuen maratoi erdiko proban. Donostian jokatutako Salto 15K lasterketako 5 kilometroko proban, Paula del Pozo alegiarra txapeldun izan zen.

Behobia-Donostia lasterketa gerturatzen ari da, eta eskualdeko zenbait korrikalari, prestaketa lanetan ari dira buru-belarri. Hori dela eta, azken asteburuetan, lasterketa ugaritan ari dira parte hartzen, eta pasa den asteburuan, bik garaipena lortu zuten.

Unai Arroyo Atletico San Sebastian taldeko lasterkari tolosarra txapeldun izan zen Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketan. Atzo jokatu zen maratoi erdiko –21 kilometro– proba, eta Arroyok 1.08.14ko denbora egin zuen; 2022an ere irabazi zuen lasterketa. 2012an eta 2018an Behobia-Donostia lasterketa irabazi zuen Jaume Leiva helmugaratu zen tolosarraren atzetik, ia minutura (1.09.09), eta Pierre Urruty baionarra izan zen hirugarren (1.12.05). Lasterketa erdian, lau segundoko aldea ateratzen zion Leivak Arroyori, baina tolosarrak azken kilometroetan hartu zion aurre.

Donostian jokatu zen asteburuko proba entzutetsuena, Salto 15K lasterketa, eta bertan bildu ziren eskualdeko korrikalari gehienak. 15 kilometroko proba nagusiaz gain, 5 kilometrokoa jokatu zen, eta emakumezkoetan, Paula del Pozo alegiarra izan zen txapeldun, 17 minutu eta 22 segundoko marka eginda. Izaro Perurena tolosarra izan zen bigarren, ia minutura (18.08), eta Nerea Baena arrasatearra izan zen hirugarren (18.27). 15 kilometrokoan, handbike modalitatean, Ion Galarraga goiaztarra hirugarren izan zen, 29.40ko denborarekin, Sergio Pozos izan zen txapeldun (28.22) eta Iñaki Mujika bigarren (29.34).

Paula del Pozo eta Izaro Perurena, atzo Donostian jokatu zen Salto 15K lasterketako 5 kilometroko proban.

Bestalde, Ataunen, XLIII. Ataungo hiru auzoetako Mantzaren omenezko korrikaldia jokatu zen, 17,3 kilometroko lasterketa, 76 korrikalariren parte hartzearekin. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan, Axier Artola amezketarra eta Eneritz Iraola bidaniarra bigarren izan ziren, hurrenez hurren. Angel Vazquez lazkaotarra izan zen azkarrena gizonezkoetan, eta Xabier Sanchez idiazabaldarra helmugaratu zen Artolaren atzetik. Emakumezkoetan, berriz, Amaia Insausti izan zen txapeldun, eta Elena Beristain zarauztarra heldu zen hirugarren postuan.

Axier Artola eta Eneritz Iraola, atzo, Ataungo lasterketako helmugan. Argazkiak: Maider Insausti / Goierriko Hitza.

Azkenik, Lasarte-Oria Bai! 10 kilometroko lasterketa ere jokatu zen atzo. Emakumezkoetan, Laida Oiz tolosarra hirugarren izan zen, 42.02ko denbora eginda, Irati Larrañaga usurbildarraren (39.37) eta Amagoia Fernandez de Lezea lasartearraren (41.14) atzetik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!