Antolatzaileek aurreikusten zuten bezala, lokatz dezente izan dute X. Eltxo Trail Mikel Garmendiaren Memoriala mendi lasterketako proba luzeko korrikalariek ibilbideko zenbait gunetan. 21,2 kilometroko luzera eta 864 metroko desnibel positibo metatua zituen ibilbideak, igoera gogorrekin. Orendaindik irten dira, Ibiur urtegiaren ondotik igaro ondoren, Gaintzara igo dira, eta handik Altzagamendira. Gero, Baliarrainera jaitsi, eta berriro Ibiur ondotik kilometro batzuk egin ondoren, Orendainera igo dira. Ia denak lokatz arrastoekin heldu dira Orendaingo plazara; 88k emana zuten izena, baina, ziurrenik eguraldiak eraginda, ez dira denak irteeran izan. Azkenean, 76 heldu dira helmugara.
Horietan guztietan azkarrena Amets Aranberri izan da. Aizarnarrak 1.29.38ko denbora egin du. Gizonezkoetan, Gaizka Lasa legorretarra (1.34.14) eta Unai Altuna alegiarra (1.37.53) izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Amagoia Iribar oriotarra izan da garailea, 2.00.39ko denbora eginda, eta atzetik sailkatu dira bigarren Irati Larrañaga usurbildarra (2.01.16) eta Eneida Etxabe getariarra (2.07.01).
Beteranoetan, Ibon Artola eta Libe Lafuente izan dira onenak. Lehen orendaindarra, berriz, Iker Ormaetxea izan da.