Iraganeko irudien inguruko informazioa bilduko dute ostiralean

Tolosaldeko Ataria

Hainbat erakundetako ordezkariak, adituak eta senideak Intxaustitarrak omentzeko ekitaldiaren aurkezpenean. A. ARROYO

Lanean irekita proiektuaren lehen saioa egingo dute ostiralean, Amezketako kultur etxean. Intxaustitarren argazki ondareko irudiak identifikatzeko informazioa lortzea da ekimenaren helburua, eta herritar talde batek hartuko du parte.

Tolosaldeko zein Goierriko herriak, eguneroko uneak eta pertsonak iruditan jaso zituzten Ricardo eta German Intxaustik 1913tik 2003ra, eta ondare hori guztia Gipuzkoako Artxibo Orokorrari eman zion dohaintzan Rikardo Intxausti ondorengoak. Intxaustitarren argazki ondareko zenbait irudi identifikatzeko, ordea, ez dute behar adina informazio, eta hori lortzea izango da Lanean irekita ekimenaren helburua. Ostiralean egingo dute proiektuko lehen saioa, 09:30ean, Amezketako kultur etxean, eta parte hartuko dute, besteak beste, Amezketako Udalak, herritar talde batek eta funtsaren emaileak —Rikardo Intxaustik—.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoa, Bildumak eta Museoen Zerbitzutik nabarmendu dute «balio historiko eta dokumental handiko» funtsa dela: «200.000 argazki-negatibo inguruk osatzen dute, Intxaustitarren estudio eta laborategiko materialaz eta beren liburutegi espezializatuaz gain. Irudi askok identifikatzeko behar adinako informaziorik ez dutenez, Lanean irekita proiektua jarri dugu abian».

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!