Intxaustitarren ondarea hilezkortzeko urtea

Aitor Arroyo Askarai 2026ko maiatzaren 22a

Erdian Rikardo Intxausti, argazkilarien ondorengoa eta Regina Sorarrain Alegiako alkatea; alboetan adituak eta artxiboetako arduradunak. A. ARROYO

‘Intxausti urtea’ aurkeztu du Alegiako Udalak Ricardo eta German Intxausti alegiarrak omentzeko. Haien argazki ondarea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetara pasa da, eta datozen asteetan zabalduko dute aukera herritarrek kontsultak egiteko. Adituen arabera 1913tik 2003ra arteko 200.000 irudi inguru ditu bildumak.

Uneak betikotzeko balio izan du argazkilaritzak sortu zutenetik. Tolosaldeko zein Goierriko herriak eta pertsonak iruditan jaso zituzten Ricardo eta German Intxaustik 1913tik 2003ra, eta guzti-guztia haiek utzi bezala mantendu du intxaustitarren sendiak. Gorde bakarrik ez, ondarea Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi dute, eta egindakoa omentzeko Intxausti urtea antolatu du Alegiako Udalak familiarekin elkarlanean.

Ekimena elkarrekin aurkeztu dute Rikardo Intxaustik —argazkilarien ondorengoak—, Alegiako Regina Sorarrain alkateak, Mikel Prieto ikerlariak, Ramon Martin Sukia Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen zerbitzuburuak eta Jose Valderrey argazkigintzan adituak.

Alegiako eta inguruko herrien 200.000 argazki negatibo inguru, argazki kamerak, indizeak, errebelatzeko materiala… Ia mende bateko argazkigintza ondarearen dohaintza egin du Rikardo Intxaustik, eta aitortu du «pisua kendu» duela gainetik: «Oso eskertuta nago interesa azaldu duten guztiei. Sekulako lana egiten ari dira aitaren eta aitonaren material guztia modu zuzen eta egokian jasotzeko, eta horrek lasaitasun handia ematen dit».

Oroitzeko ekitaldiak

Rikardo Intxaustik herriko alkatearekin batera azaldu du dohaintza omenaldiaren «lehen atala» bakarrik dela. German Intxausti argazkilaria ez ezik, txistularia eta konposatzailea ere bazen, eta horri tiraka prestatu dute hura omentzeko lehen ekitaldia: txistularien alardea egingo dute uztailaren 12an. «Alarde berezia izango da, ez ditugulako edozein kanta joko. Berak konposatutako piezak joko ditugu», hunkituta hitz egin du argazkilarien ondorengoak.

Txistularien topaketa izango da lehena, eta udazkenera begira ere hasi dira beste hitzordu bat prestatzen. Azaldu dutenaren arabera, erakusketa bat antolatuko dute intxaustitarren lana eta ondarea ezagutarazteko, eta hainbat hitzaldi ere egingo dituzte, besteak beste, zein balio duten azaltzeko. Sorarrain alkatearen hitzetan: «Familia honek merezi duen eskertzea eta aitortza, horixe izango da Intxausti urtearen helburua».

Ezohiko bilduma

Tamainaz gain, zenbait ezaugarrik bilduma «oso berezi» egiten dutela nabarmendu du Mikel Prieto ikerlariak: «Barnealdeko herrien argazkiak atera zituzten, eta ez hori bakarrik, eguneroko irudiak dira: aberatsenak zein pobreenak».

Horrez gain, «aparteko balioa» ematen dion beste elementu bat ere topatu dute: argazkien indizeak. «Argazki karrete guztien indizea osatu zuten, eta horrek ikaragarrizko balioa ematen dio, eguneroko bat ere osatzen duelako ia».

Zentzu horretan «barkamena eskatzeko» ere baliatu du hitzordua Rikardo Intxaustik: «Niregana pertsona askok jo dute argazkiren baten eske, ezagutzen zutelako aitak egiten zuen lana. Ezezkoa esan diet denei, eta arrazoia da ez nuela lardaskan aritu nahi. Guztia txukun-txukun jasota zegoen, eta eskua ahalik eta gutxien sartu nahi nuen, sor zitekeen edozein kalte saihesteko».

Ondarearen inguruan Jose Valderrey argazkigintzan adituak ere hartu du hitza, eta adierazi du «XX. mendeko argazkigintzaren laburpen bat» dela topatu dutena: «Sekulako emozioa sortzen dit bilduma honek. Etxera sartu ahala denbora gelditu egin zela ematen zuen. Etxearen barruan primeran kontserbatuta zegoen guztia: argiak, karreteak, errebelatzeko likidoak, indizeak, kamerak…». Hunkituta nabarmendu du «konposizio aldetik» ere balio handiko argazkiak direla; are, «argazkilari handien» parekoak.

Bestalde, Alegiako alkateak «ezkutuan lan egin dutenak» ere goraipatu ditu: «Irudian bi gizon ikusten baditugu ere, haien ondarea eta ibilbidea seguru asko ez zen posible izango atzean izan zituzten emakumeen lanik gabe. Horiek ere gogoan izango ditugu erakusketan eta, oro har, omenaldian». Hain zuzen, Prietok gaineratu du «indize beltza» Ricardo zenaren bikoteak egin zuela.

Lanaren hasiera

Ricardo eta German Intxaustik ogibidetik arte egin zuten, eta haien lana ondare bilakatu da, ekinaren zein denboraren eraginez. Material guztia eta 200.000 argazki inguruko bilduma Aldundiaren eskuetan badago ere, Ramon Martin Sukia Gipuzkoako Foru Aldundiko artxiboen zerbitzuburuak adierazi du «lehen pausoa» bakarrik eman dutela: «Material gehiegi da gure kasa lantzeko, eta hemendik aurrera, herritarren laguntza beharko dugu aurrera jarraitzeko».

Bildumaren bat jasotzen dutenean, normalean, materiala landu eta ondoren jartzen dute jendearentzat eskuragarri. Kasu honetan, ordea, «ezinezkoa» zaie horrela jardutea, argazkien kopuruagatik. Hori horrela, Lanean irekita: Intxausti argazki funtsa gipuzkoarren eskura ipintzeko egitasmoa aurkeztu du.

Hain zuzen, adimen artifizialaren laguntzarekin argazkien indize guztiak digitalizatu dituzte lehenik, eta horiek kontsultatzeko aukera izango dute herritarrek zenbait asteren buruan. Modu horretan, «irudi interesgarriak» zein diren hautatu eta horiek digitalizatuko dituztela azaldu du artxiboen zerbitzuburuak.

Indize horiek aztertzeko, berriz, Tolosako Gipuzkoako Artxibo Orokorrera jo beharko dute interesa dutenek, bertan egongo baitira eskuragarri.

Erronkari heltzeko prest

Aurkezpenean parte hartu dute, baita ere, Gipuzkoako Artxibo Orokorreko Maider Etxagibel Galdos arduradunak, eta Albizturko Alazne Urkizu, Altzoko Xabier Olano zein Amezketako Mikel Arteaga alkateek. Hirurek azaldu dute interesa argazki bildumaren inguruan, eta eskerrak eman dizkiete sendiari zein adituei, ondarea herritarren eskura jartzeagatik.

Albizturren, esate baterako, aurretik ere aritu dira elkarlanean argazki bildumako arduradunekin, eta irudietan azaltzen diren herritarrak identifikatzeko egitasmoa jarri zuten martxan, herriko adinekoen laguntzarekin. Amezketan ere herritar talde bat ari da ekimen bera gauzatzen, eta alkateak nabarmendu du gogotsu helduko diotela aukera berriari. Hari berari tiraka hitz egin du Altzoko alkateak ere, eta nabarmendu du «zortea» dutela Altzon ere, badirelako adineko herritarrak laguntzeko eta ekiteko prest.

Erlazionatuak

«Aitarentzako omenaldia izango da»

Aitor Arroyo Askarai urt 18 Alegia

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!