Aitonaren eta aitaren ondarea dohaintzan ematea erabaki du berriki, eta prozesuan bidelagun izan du Mikel Prieto (Donostia, 1959) ikerlaria. Bata bestearen erantzunak kateatuz, aitonaren eta aitaren oroitzapenak gaurkotu ditu lehenak, eta kontakizuna osatu, bigarrenak.
Zenbat irudiko artxiboa da?
Rikardo Intxausti: Oraindik ez dakigu zehazki, baina milaka dira.
Mikel Prieto: Ez da erraza kalkulatzen. Batetik, kristalezko negatiboak daude kaxetan gordeta. Guztira, 4.500 edo 5.000 kristal izango dira. Eta, bestetik, karreteen biribilkiak dauzkagu. 63 kaxa daude eta bakoitzean 80 bat biribilki egongo dira… 100.000 eta 150.000 negatibo izango lirateke.
Eta hori, behetik jota; izatez, gehiago izango dira. Laborategiko teknikak-eta menderatzen zituenez, negatiboak elkarri itsatsita daude askotan, eta ohikoa baino luzeagoak dira biribilkiak. Zalantzarik gabe, gehiago dago.
Zergatik da interesgarria bilduma?
Prieto: Hainbat ezaugarrik egiten dute bilduma apartekoa eta interesgarria. Batetik, orain arte ez dela topatu barrualdeko bildumarik, hau da, Goierriko eta Tolosaldeko herrien garai bateko argazki sortarik. Donostialdekoak-eta badaude, baita zaharragoak ere. Baina inguru honetako herrien irudi artxiborik ez da topatu orain arte. Eta, gainera, ez da nolanahikoa.
Aparteko beste ezaugarri bat da 90 urte jasotzen dituela bildumak: 1913tik 2003ra. Eta horrekin batera, bi argazkilarik osatu dutela: Ricardo Intxaustik [elkarrizketatuaren aitona] lehenengo, eta Germanek [elkarrizketatuaren aita] gero. Materialen bilakaera ere jasotzen du: hasierako negatiboak kristalean daude, eta gero sartzen da zeluloidea.
Nor ziren Ricardo eta German Intxausti?
Prieto: Ricardo ofizioz udal idazkaria zen; bere semea, berriz, ja argazkilari profesionala. Ez dira alderagarriak, garai ezberdinekoak direlako. Eta garapen profesional aldetik, are gutxiago.
Intxausti: Eta badago beste ezberdintasun bat ere. Nire aitona 1913an hasi zen, data horretakoak dira lehen artxiboak. 1950. urte ingurura arte ikusten da aitonaren lana argazkilaritzan; batez ere, kristalezko negatiboak dira. Nire aita, aldiz, 14 urterekin hasi zen, 1940 inguruan. Hor dago aldaketa kristaletik zeluloidera. 48. urtean soldadu joan zen 51. urtera arte —3 urteko soldaduska egin zuen Afrikan—. 1951 inguruan itzuli zenean hasi zen argazkilaritzan profesionalki. Soldaduskako karta batzuk topatu ditugu, eta haietan amonak kontatzen zion aitona oso lanpetuta zebilela eta ea noiz itzuli behar zuen galdetu, aitonari lagundu ahal izateko behar zutela, batez ere, argazkilaritzarekin. Hor hasi zuen ibilbide profesionala.
Nolako argazkiak dira?
Prieto: Denetik dago, eta ogibidearen bilakaera islatzen dute. Hasierako argazki gehienak festa girokoak dira. Ondoren hasi zitzaizkien beste aukera batzuk sartzen, adibidez, familia ugarien argazkiak. Segidan etorriko dira nortasun agirirako argazkiak, eta ondoren, erreportajeak.
Beste ezaugarri zoragarri bat da Germanen arreba, Ixiar, bizirik dagoela. Eta jarduera profesionalaren nondik norako asko berak kontatu dizkigu.
Intxausti: Zortea daukagu nire izeba Ixiar 95 urterekin bizi dela, eta burua argi duela. Asko ari zaigu laguntzen, zuzenean bizi zuelako eta garai hartako jendea ezagutu zuelako.
Nolakoa zen argazkilari jarduna?
Intxausti: Mikelek esan bezala, lehen kolpea familia ugariena izan zen; eta ondoren hasi zen nortasun agirietarako argazkiekin. Herrietatik deitzen zioten bertara joateko. Igande goizetan joaten zen herriren batera —Albiztur, Amezketa, Baliarrain...— eta gogoan dut ni ere joaten nintzela. Argazkiak ateratzen zituen berak, eta idazteko makinan datuak jasotzen nituen nik.
Informazio asko jaso zuen. Inguru honetako baserri guztietako jendea ezagutzen zuen, izen eta guzti; arreta handia eman dit horrek beti.
Hirugarren kolpea izan zuen ezkontzekin. Eta horrekin ere dokumentazio handia topatu dugu: urte amaieran jasotzen zuen zenbat ezkontza egin zituen, eta baita zenbat utzi zituen egin gabe ere. Bikoiztu egiten zitzaizkion eta ezetz esan behar izaten zuen. Harrigarria da zein puntutaraino jasotzen zituen xehetasunak: gonbidapenak, nor ezkondu zen, zein menu jan zuten... Ezkontzan zenbat gonbidatu izan ziren ere topatu dugu.
Eta hortik aurrera denetik dago. Baita istripuak ere. 60. hamarkadan-eta izandako istripu guztien dokumentazioa dago.
Istripuen argazkiak ere ateratzen zituen?
Prieto: Aipatutako guztiaz gain kronikaria ere bazen; eta lan horretan, istripu mota guztiak jaso zituen. Hildakoen argazkiak ere topatu ditugu. Garai hartan ohikoa zen.
Intxausti: Hileten argazki asko ere badaude. Garai hartan elizatik kanposantura hildakoa bizkarrean eramaten zen. Izatez, hildakoen argazkiak ere badaude; eta izebarentzat, adibidez, ez da batere arraroa. Niretzat ere nahikoa ohikoa izan da, etxean ezagutu dudalako.
Horrez gain, paisaiari ere ateratzen zizkion argazkiak. Eta harago, ikusten bazuen obraren bat hastera zihoala... Hasieran argazkia ateratzen zuen, eta baita bukaeran ere.
Era guztietako argazkiak, hortaz.
Intxausti: Garai batean kartoizko poteetan saltzen zen ColaCao. Alegian egiten ziren poteak; eta haien argazkiak ere atera zituen katalogo bezala erabiltzeko. Topatu ditugu Alegian Fabrensa fabrika eraiki zuteneko irudiak ere. Eraikitzen hasi, bukatu, eta baita bedeinkatu zutenekoa ere.
Ikusten da zubitik errotara hiru etxe bakarrik zeudela fabrika egiten hasi zirenean. Horrelakoetan ikus daiteke, hirigintzari dagokionez, herria nola aldatu den ere.
Prieto: Beste lan esparru bat izan zen argazkilaritza industriala. Alegiako irudiak aipatu ditugu, baina badaude Tolosaldekoak ere. Lagunak zituen Boinas Elosegui eta abar.
Intxausti: Villabonako Sacem ere ikusten da; makinak berri-berri zireneko irudiak daude. Eta egongo dira fabrika gehiago ere. Ez dakit noraino iristen den kantitatez, baina...
Mikel Prieto: «Momentu askotan artxibo ezezaguna da oraindik, hein batean, sekulakoa delako»
Izan al duzue aukerarik edukia nolabait neurtzeko?
Prieto: Izatez, ez dakigu zehazki zer daukagun esku artean. Hurbilpen ariketa edo saio bat ari gara egiten material horretara. Momentu askotan artxibo ezezaguna da oraindik, hein batean, sekulakoa delako.
Rikardo Intxausti: «Alegian mitin nazi bat egin izanaren dokumentazioa ere aurkitu dugu. Ez dugu, ordea, argazkia ikusi oraindik»
Intxausti: Mugitu ahala ari dira ateratzen gauzak. Gerra aurretik ikusi dugu badaudela argazki batzuk mitinenak. Eta Alegian mitin nazi bat egin izanaren dokumentazioa ere aurkitu dugu. Ez dugu, ordea, argazkia ikusi oraindik.
Zergatik erabaki duzu dohaintza egitea?
Intxausti: Jende asko etorri zait irudiak eskatzen, eta denei ezezkoa eman diet; ez nuelako lardaskan aritu nahi, artxiboa zeinen txukun antolatuta zuen ikusita. Ezezkoa ematen nien, nahiz eta jakin askotan haserrea sortzen zuela.
Mikel ere horrela etorri zen, baina zerbait ezberdina sumatu nuen berarengan. Berarekin zenbait aditurengana jo, eta hasieratik konektatu genuen. Horretan ari ginela uholdeak izan ziren Alegian, eta atzeratu egin da kontua; baina zorionez urak ez zuen harrapatu. Aldundiarekin konpromisoa sinatu dugu, eta aditu bat bidali zuten balorazioa egitera.
Eta zer esan zizuen hark?
Intxausti: Flipatu egin zuen, eta ez artxiboa bereziki zaharra delako; halakoak topatu omen ditu lehenago ere. Argazkilari bategatik espero zitekeenetik harago doazen ezaugarriak ikusi ditu.
Prieto: Batetik, barrualdeko argazkiak direlako: Goierrikoak eta Tolosaldekoak. Bestetik, oso baldintza onetan daudelako gordeta gauzak. Bestalde, deigarria iruditu zaio bi belaunaldiren artean osatutako bilduma izatea. Eta, batez ere, garrantzia eman die indizeei.
Intxausti: Urtez urte dena dago dokumentatuta. Hamarnaka koadernotan jasota daude irudi bakoitzaren deskribapena, urtea, argazki karretearen zenbakia eta zein kamerarekin atera zituen. Lau irizpide horien arabera dago jasota guztia. Oso deigarria da. Gainera, kaligrafia berarekin dago dena idatzita; propio egindako egitura eta intentzio bat dira.
Zein izango dira hurrengo pausoak?
Intxausti: Aditua etorri zen, eta oso sentsazio onarekin egin zuen alde. Orain artxiboko langileen zain gaude. Tolosako artxibora joango dira negatiboak; eta materiala, hasieran, Gordailuak [Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroak] gordeko du. Dena dela, aurretik, Alegiako udaletxean erakusketa egingo dugu jendeak ikus edo jakin dezan nola egin zuten lan aitak eta aitonak: nolakoa zen laborategia, kamerak, materiala... Erakusketa hori datorren urteko udazkenean egitea da asmoa. 2026an 100 urte beteko dira nire aita German jaio zenetik, eta dena lotu nahi dugu.
Indizeak aipatu dituzue behin baino gehiagotan.
Prieto: Den-dena jasotzen zuen, eta esan behar da batzuetan indizea baino gehiago, egunerokoa ematen duela. Zehatz kontatzen ditu eguneroko zenbait kontu. Ez da indize huts bat, eta idazteko zaletasuna ere adierazten du.
Intxausti: Xehetasunez kontatzen ditu gertakariak ere. Bada, adibidez, apaiz berriak lehenengoz meza eman zuenekoa. Edo gobernadore zibila etorri zela eta abar... Eguneroko bat da ia. Horrek ere atentzioa eman dio adituari.
Gertakariak xehetasunez idaztea, istripuen eta obren inguruko argazkiak ateratzea… Dokumentaziorako sen moduko bat suma liteke?
Intxausti: Izan liteke. Beharrak gidatuta ere egingo zituen. Argazkilari profesionala zen heinean, enkarguak ere izango ziren. Ez dakit ziur esaten.
Prieto: Ixiar Intxaustik aipatu izan du beti irakurtzeko prest izaten zela; eta idatzi ere asko egiten zuela. Aipatu izan duzu [Rikardori begira] poteoan, behintzat, ez zela ibiltzen.
Intxausti: Ez, ez [barrez, leun]. Nire aitaren bila tabernara joatea alferrik zen; hark beti izaten zuen burua martxan. Ez dugu aipatu, baina sobre bat topatu dugu urte askotako laborategiko formulak biltzen dituena.
Prieto: Aldundiko argazkilaritzan adituak esan digu bere ustez laborategi horretan daudela substantzia batzuk ohikoak ez direnak: oso-oso oinarrizkoak. Benetan gauzak hutsetik sortzen edo elaboratzen zituen.
Intxausti: Beti autodidakta izan da; probak eginez ikasi du. Teknika ezberdinak irakurri eta probatu egiten zituen; eta dena dokumentatuta utzi; eta, gainera, gorde. Irakurtzen, idazten, margotzen... Marraztu egiten zuen asko.
Marraztu ere egiten zuen?
Intxausti: Beste ezaugarri bat zuen marrazkirako artea. Estudioan argazkiak ateratzeko hondoak —Eguberrietan-eta erabiltzen zituen— berak marrazten zituen. Gaur egun chroma batekin egiten dena edozein hondo jartzeko? Ba marrazki horiek ere berak egiten zituen. Aditu hark ez omen du topatu halakorik egiten zuen beste argazkilaririk, eta aitari deitu dio «fotógrafo artista». Argazkilari artista izan zen nire aita. Ogibidez argazkilaria zen, baina harago ere joan zen.
Prieto: Autodidakta zela esan dugu, eta liburutegi koxkor bat ere badauka. Liburu askotan bere apunte propioak topatu ditugu: zer ikasi zuen, teknikaren inguruko aipamenak, huts egiteenak... Denetik.
Eta aitona ere oso mugitua omen zen. Udal idazkaria izateaz gain, kudeaketa lanak ere egiten zituen, adibidez, eskriturekin-eta. Organoa jotzen zuen apaizak eskatutakoan, txistua ere jotzen zuen... Eta dena bere kabuz ikasi zuen. Hori gutxi ez, eta non topatzen dugun lursailak neurtzeko tresneria ere. Rikardori esan diot, aitonak ezohiko gaitasunak zituela.
[Prieto begira geratzen zaio; hari erantzunez hitz egiten du Intxaustik]
Intxausti: Beharrak ere gidatuko zuen ziur aski. Aitona Alegiakoa zen, eta amona, Legorretakoa. Legorretara idazkari joan zen aitona, eta han bizi izan ziren. 1926an jaio zen aita; hiru anai-arreba dira eta hirurak Legorretan jaio ziren. Izebari galdetu eta ez da oso ondo gogoratzen, baina 1938 inguruan etorri ziren Alegiara, 36ko gerraren ondoren. Alegiakoa zen birraitona —Mieltxiki izena zuen— hil egin zen eta komertzio bat utzi zuen hemen. Aitona seme bakarra izanik, hona etorri eta komertzio hari heldu zion, eta orduan hasi zen hemengo jarduera guztia. Han urte askoan ezagutu ditut denda eta taberna.
Eta komertzio hura izan zen lekuan jarraitzen dute gauzek?
Intxausti: Ez. Denda hura San Juan kaleko 73. zenbakian zegoen, elizaren ondoan. Goiko pisuan argazkilaritza estudioa edo zuen; eta han egiten zuen lan aitak. Dena han egiten zen. Garai hartan igandeetan 06:00etan meza ematen zen. Baserrietatik meza horretara etortzen ziren, eta ondorengo gosari hori tabernan egiten zuten, irekita egoten baitzen. Bada, hor egiten zen bulego lana, eta argazkia atera behar izanez gero, berdin. Askorentzat bulego bihurtu zen espazio hori.
Orduan, noiz lekualdatu ziren?
Intxausti: 1983. urtean uholdeak izan ziren, eta momentua aprobetxatu zuten orain gauden lekura etortzeko laborategi eta argazki dendarekin, ordurako hemen bizi baikinen. Uholdearen ondoren urte hura aprobetxatu zen obra egin, denda egokitu eta beste era batera jartzeko.
Gogoratzen al duzu dendako garai hartako giroa?
Intxausti: Hona etorri zireneko jardunari buruz ez dakit asko-asko. Uholdeak 1983an izan ziren, eta ni 1984an joan nintzen soldadu; hamahiru hilabete egin nituen. Handik etorritakoan, adinagatik-eta, bizimodua bilatzen hasi eta etxetik kanpo bizi nintzen. 90. urtetik aurrera kanpoan bizitzen aritu naiz 30 urtez. Horregatik, askoz oroitzapen argiagoak ditut aurreko garai hartakoak.
Haurra nintzenean dendan laguntzen nuen, eta tabernan ere umea izanik, askorentzat jolaserako aitzakia nintzen. Oroitzapen oso onak ditut. Aitonarekin eta... Hura nik 7 urte nituela hil zen. Familian harekin harreman handiena izan zuena naiz, ni bainaiz iloba zaharrena; eta horregatik izena dut aitona bezala. Garai hartako istorioak oso politak dira.
Argazkilari izateaz harago, txistularia ere bazen German, ezta?
Intxausti: Argazkilaritza ofizio zuen, eta txistua jotzea zaletasun. Izatez, aitona zen txistularia —hori ere bere kabuz ikasi zuen—, eta aitari pasa zion afizioa. Aitak, argazkilaritzarekin egin zuen bezala, txistua ere profesionalizatu egin zuen. Isidro Ansorenarengana joan zen, ez dakit ikastera, baina hobetzera, behintzat, bai. Aitak soldadu zela Ansorenari bidalitako karta bat topatu dut, entzun edo jakin zuelako Hernaniko Udalak omenaldia egingo ziola eta horregatik zorionak emanez.
Beste bitxikeria bat da soldadu joan zen bitartean Amezketako Udaleko alkateak karta bat bidali zuela kuartelera, eskatuz German baimenarekin bidaltzeko: herriko festak zirela, bera musikaria zelako behar zutela eta mesedez baimena emateko. 22 urte izango zituen, eta ordurako bazebilen.
Eta gerora mantendu egin zuen.
Intxausti: Amezketako eta Albizturko festetara joanez 65 urtetik gora egin ditu. Niri askotan egokitu zitzaidan berarekin joatea. Altzon ere 50 urtetik gora egin zituen. Orendainen ere aritu zen, eta Araman, Altzagan… Ere izandakoa da. Alegiako Udaleko txistularia ere izan zen.
Ez zen, beraz, nolanahiko zaletasuna.
Intxausti: Sortzailea zen, eta konposatzen ere aritu zen. Hogeita piko pieza ditu, batez ere, fandangoak eta arin-arinak; baina baita kalejirak eta polkaren bat ere. Txintxarriaren hileta ere berea da. Hainbat pieza erabili zituen txapelketetan parte hartzeko. Adibidez, Segurako dantza sueltoko Euskal Herriko txapelketan aritu zen bolada batez, eta baita Hondarribikoan ere. Garai batean dantza txapelketaren aurretik, musika piezen lehiaketa egiten zuten; eta, gero, pieza garaileak jotzen zituzten dantza txapelketan. Bada nire aitak urte batzuetan parte hartu zuen, eta baita zenbaitetan irabazi ere. Seguran bi piezekin —arin-arin eta fandango— irabazi zuen.
Marraztu, argazkiak atera eta errebelatu, txistua jo, abestiak konposatu…
Intxausti: Gero beste kontu bat dago, ia behin ere aipatzen ez duguna. Argazkilaritza erreportajeak-eta asteburuetan egiten zituen asko: ezkontzak, komunioak, festak… Berdin txistuarekin. Eta emazte bat eta seme-alabak zituen. Ez dugu kontuan hartzen, baina emazteak ere badu bere partea istorio honetan. Bereak ere pasako zituen nire aitak gauza hauek guztiak egin ahal izateko. Eta hori ere jarri nahi dut mahai gainean. Bere bizitza egin zuen nire aitak, bai profesionalki eta baita afizioekin ere; eta behin ere ez du ezezkorik izan etxean. Hori aitortu egin behar da ezinbestean.
Hor beste berezitasun bat ere badago: kuriosoa da, negatiboetan ikusten delako etxekoen argazki gehienak karretea bukatzeko erabiltzen zituela. Politak dira, eta asko karreteen bukaeran daude. Pentsa, ezkontza baterako erabili eta bizpahiru argazkiren faltan geratzen bazen, ba horiek bukatu eta berehala errebelatzeko erabiltzen zituen.
Zuretzat zer esan nahi du dohaintza egiteak?
Intxausti: Asmoa zen erretiratzen nintzenean honekin zerbait egitea. Gertatu da, ordea, Mikel etorri zela, eta lehen unetik ulertu nuela hau nire eskuez harago zegoela. Eta gerora prozesu oso bat egon da.
Niretzat sorpresa bat izan da. Banekien hau guztia hemen zegoela, baina ez nekien dimentsio hau zuenik. Gauza batek bestera eraman gaitu, eta dena izan da kasualitateen kate bat. Jabetu naiz egin duena egin eta gero, jendeak ez dakiela; neronek ere ez nekien eta. Baina uste dut ez zela edonor, eta jendeak jakin behar duela zer egin zuen.
Zama arintzea ere izan liteke?
Intxausti: Istorio hau lan handia ematen ari zait. Liberazio edo askapen moduko bat ere izango da. Eskean etorri eta ezetza jaso duen jende horrek orain aukera izango du nahi bezainbeste begiratzeko. Eta jakina, aitari omenaldia ere izango da. Horrek ere lasaitzen nau.
Beste kontu oso garrantzitsu bat da ondo gordeta egongo dela. Esan nahi dut, ondo kontserbatuko diren leku batean egongo dira gauzak, aditu den jendeak zainduta. Hori ere sekulakoa da, nik hemen ezin baitut ziurtatu.
Dohaintzaz gain, ekitaldiak ere egingo dituzue.
Intxausti: 2026an 100 urte beteko lituzke aitak; eta guztiari lotura eman nahi zaio. Urteurrenari zentzua emateko ekitaldi batzuk ari gara prestatzen. Argazkilaritzari dagokionez, Alegian lehen aipatutako erakusketa jartzeko asmoa daukagu.
Musika piezak ere hor daude, eta Intxausti urtea deitzen ari garen horretan ekitaldi bat ere egingo dugu haiekin. Nahiko lotuta daukat zer egingo dugun, baina ez dut asko aurreratu nahi. Datorren urtea… Potentea izango da niretzat; baina gustura egingo dut, aitarentzako omenaldia izango delako.
Prieto: Eta horrela zikloa ixten da: dohaintza eta aitari aitortza duin bat ematea. Oso garrantzitsua da nabarmentzea dohaintza egiten den unetik aurrera Artxiboataria.gipuzkoa.eus helbidean sartu eta bertan egongo direla Intxaustitarren argazkiak; digitalizatu ahala. Argazki horiek eskuragarri egongo dira, debalde. Gehiago nahi izanez gero, eskatu egin beharko dira. Eta digitalizatutakoan, ikusgai egongo da denentzat. Hori ere garrantzitsua da jakitea.
Nola eskatu beharko dira?
Intxausti: Lehenengo indizeak digitalizatuko dituzte, bilaketa errazteko. Eta, gero, eskaeraren arabera digitalizatuko dituzte.
Prieto: Gakoetako bat izango da indizeak digitalizatzeko prozesu horretan konturatzea zein irudi existitzen diren eta zein ez. Ikusiko dugu herri bakoitzak zenbateko materiala duen, eta hori sekulakoa da. Dimentsioa emango dio herri bakoitzaren inguruan dagoen materialari.
Ez dugu ahaztu behar momentuz gerturatze bat bakarrik egin dugula. Oso momentu polita iritsiko da. Aldiro digitalizatuko diren argazki horietan zenbat gauza berri ikusiko ditugu? Datu interesgarri pila bat azaleratuko dituzte jantzigintzari, hirigintzari, industriari, gerrari eta halakoei buruz. Etorkizunean ikertzeko ekarpen handia egin lezake honek.









