Tolosaldeko Ernaik irailaren 13an Donostian egingo duen mobilizaziora batzeko deia egin du

'Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez' lelopean egingo dute manifestazioa. Gazte antolakundearen esanetan, faxismoaren jomugan dago Euskal Herria, eta alternatiba baten alde indar egin behar da: «Euskal Herria irabazteko ordua delako».

Irailaren 13an Donostian mobilizatzeko deia egin du Tolosaldeko Ernaik. Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez lelopean egingo dute. Gazte antolakundearen ustez, «garai erabakigarria» da, eta Euskal Herriak badu zeresana: «Garaiak eskatzen duen neurriko bultzada emateko, ikasturte hasiera honetan mobilizatzea garrantzitsua da».

Nazioarteko egoerari erreparatu diote. «Kapitalismoaren sakoneko krisialdi batean murgilduta gaude, eta gauzak abiadura bizian aldatzen ari dira» eta «aterabide baztertzaile eta atzerakoiak» indar hartzen ari direla gehitu dute. Horien xedea da «sistema kapitalistaren bertsio basatiago eta autoritarioago bati» bide ematea.

Horrekin zuzenean lotu dituzte «diskurtso erreakzionario eta faxistak», eta zehaztu Euskal Herrian «aurpegi ezagunak» dituela joera horrek: «Espainolismo eta jakobinismo erreakzionarioak». Izan ere, uste dute Euskal Herria bera horien jopuntuan dagoela, badirelako bertan «zapalkuntzarik gabeko herri bat eraikitzeko aukerak».

Hain zuzen, bide horretan indar egin nahi du Ernaik, eta konpromisoa hartu du «Euskal Herria askatasunera eraman eta Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizitzeko» lan egiteko. Horretarako, beharrezkotzat jo dute gizartea mobilizatzea, eta xede hori izango du irailaren 13ko manifestazioak: «Garaiak borroka eskatzen du, faxismoari ezetz esateko, baina bereziki Euskal Herria irabazteko ordua delako».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!