San Joan suak, bai, baina arduraz

Ataria 2026ko ekainaren 22a

Iazko San Joan bezperako suaren une bat, Anoetan. ATARIA

Segurtasun Sailak San Joan suak antolatzen dituztenei gomendatu die udalerri bakoitzeko egoera aztertzeko. Eskualdeko udaletxe eta elkarteak hainbat aldaketa iragartzen ari dira.

Ez da nolanahikoa azken egunotako beroa, ezta datorren egunetako iragarpena ere. Sargoria dela-eta, ekitaldiak mantendu, alboratu edo egokitzeko erabakia bakoitzaren egoera aztertu ondoren hartzeko gomendatu die Segurtasun Sailak udalerriei; eta eskualdean iragarri dituzte aldaketak zenbaitek udalek.
 
Ibarrako Udalak San Joan sua ez piztea erabaki du. Dantza emanaldia izango da, baina ez dute ordua zehaztu.
 
Amasa-Villabonako Udalak, adibidez, adierazi du ezingo dela San Joan surik piztu baserrietan, baina Villabonako eta Amasako plazetako suak mantenduko dituela, segurtasun neurri bereziekin. Era berean, ohartarazi du ezingo direla erabili Lasturko eta Komizarko parrillak.
 
Bidania-Goiatzen ere sua mantendu egingo dute, baina bertako udalak nabarmendu du ezingo dela surik egin herriguneko eremutik kanpo, hain zuzen, alerta egoera dela-eta.
 
Hari berari tiraka aipatu du Zizurkilgo Udalak suak piztuko dituztela herrigunean eta Elbarrenan, baina txondorraren zati handiena erre bezain laster itzaliko dutela sua brigadako langileek eta udaltzainek. Zentzu horretan, gaineratu dute aurten ezin izango dela ezer bota sutara, sua handitu ez dadin eta kontrolpean izan dezaten uneoro.
 
Tolosako Udalak esan du bihar goizean erabakiko duela San Joan suak bere horretan mantendu edota aldaketarik izango ote duten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!