Eusko Jaurlaritzak asteazkena arte luzatu du alarma gorria muturreko tenperatura altuengatik, datozen egunetan muturreko bero-gertakariak Euskadiko zati handi bati eragiten jarraituko duela aurreikusi baitute. Horiek horrela, bihar iluntzeko Sanjoan suetarako arretaz jokatzeko eskatu dute. Zehazki Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak suetako erakunde eskudunei gomendatu die udalerri bakoitzeko egoera aztertzeko eta, hala badagokio, baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak ez pizteko.
Gainontzean sailak gogoratu du biharko tenperatura maximoak 40 gradu ingurukoak izan daitezkeela Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 gradu ingurukoak trantsizio-eremuan, eta 40 gradu ingurukoak Ebro ardatzean. Itsasertzean, alerta laranja aktibatuko dute muturreko tenperatura altuengatik, 12:00etatik 18:00etara, eta kostaldean maximoak 35 gradu ingurukoak izan daitezke.
Asteazkenean, ekainak 24, alarma gorria mantenduko dute muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, 12:00etatik 20:00etara. Tenperatura maximoak 40 gradu ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean, eta 39 gradu ingurukoak trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean. Kostaldean, alerta laranja indarrean egongo da 12:00etatik 18:00etara, eta maximoak 36 gradura irits daitezke.
Gainera, Euskalmetek alerta laranja mantentzen du bi jardunaldietarako tenperatura altu iraunkorrengatik Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoan, 00:00etatik 24:00etara, tenperaturek altu jarraituko baitute bi egunetan, eta gau tropikalak utziko baitituzte lurralde osoan. Asteartean, minimoak 22 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean, 20 gradu ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 19 gradu ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22 gradu ingurukoak Ebro ardatzean. Asteazkenean, balioak 22 gradu ingurukoak izan daitezke kostaldean, 21 gradu ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 20 gradu ingurukoak trantsizio-eremuan eta 22 gradu ingurukoak Ebro ardatzean.
Alarma gorria zabaltzea muturreko bero-gertakari baten testuinguruan gertatu da; izan ere, astelehen honetan, ekainak 22, alarma gorria aktibatu da Euskadin muturreko tenperatura altuengatik 12:00etatik 20:00etara, eta 37 graduko maximoak aurreikusten dira kostaldean, 40 gradukoak Kantauri isurialdeko barnealdean, 39 gradukoak trantsizio-eremuan eta 40 gradukoak Ebro ardatzean.
Muturreko bero-testuinguru honetan, eta San Juan gaua ospatuko dela kontuan hartuta, Euskadiko udalerri askotan ohiko suak piztea aurreikusita baitago, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak erakunde eskudunei gomendatzen die udalerri bakoitzeko egoera aztertzeko eta, hala badagokio, baso-masetatik hurbil dauden eremuetan suak ez pizteko.
Egoera horren aurrean, Segurtasun Sailak gaur, 12:00etatik aurrera, LABIren Larrialdi Fasea deklaratu du: 0 egoera, gertakariaren jarraipena, ebaluazioa eta aurreikuspena egiteko.