Tolosaldeko ospitale publikoa

EH Bilduk Asuncion Klinika publiko egitea aztertzearen alde egin du

Ataria 2026ko maiatzaren 29a

Asuncion Klinika.

Tolosaldeko osasun arreta izan dute hizpide gaur, Legebiltzarrean. Alberto Martinez osasun sailburuak esan du ospitalea eraikitzeko partzelak lagatzea eskatuko diola Tolosako Udalari datorren astean, eta EH Bilduk erantzun dio plan funtzionalaren arabera, eskualdeko osasun zerbitzuak murriztuko dituztela.

Rebeka Ubera legebiltzarkideak esan du Osasun sailak aurkeztutako Tolosako ospitalearen plan funtzionalaren arabera Tolosaldeko osasun arreta murriztuko dela. «Egiten duzuen planteamenduarekin orain eskaintzen diren osasun zerbitzuak murrizten dira. Horrela zaila da osasun zerbitzuen kalitatea hobetzea. Kirurgiak desagertuko dira, eta zer egingo duzue traumarekin? Akutuen ospitalizazioak ere desagertzen dira. Planteatzen duzuena ez da ospitale bat, baizik eta, dokumentuan diozuen bezala, definiziorik ez duen azpiegitura bat». Gehitu du ez dela argitzen ere larrialdi zerbitzuak nola geratuko diren, eta Tolosaldeak irisgarritasuna eta zerbitzuak galtzen dituela,  eta Donostia saturatzen duela.


Uberak esan du lehen aldiz ikusi dutela horrelako plan funtzional bat, eta gehitu du ulertzen dutela patologia konplexuetan ospitale unibertsitarioetara jotzea, baina ez hori egitea oinarrizko zerbitzuekin. «Zulo bat areagotzen da, beste zulo bat estaltzeko aitzakiarekin». Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, plan funtzionalaren arabera Donostiako ESIari zama areagotuko zaio. Donostian gauden bezala, nola emango zaie arreta beste 60.000 pertsonei?».

 

Aipatu du ere plan funtzionalean ez dela zehazten zer gertatuko den Tolosaldeko ESIarekin: «Integrazioaz hitz egiten da, baina zatikatzea areagotzen da, ESIa apurtzen da». «Horretarako ez da 107 milioi zementuan xahutzerik behar, ez al da hobea Asuncion Klinika publiko egitea? Egiturazko konponbide bat behar dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!