Eusko Jaurlaritzak Tolosako ospitale berriaren plan funtzionala onartu du, eta eraikitzeko proiektuaren lizitazioa bideratu. 107,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, eraikin berrirako 8.445 metro koadroko lurzatia aurreikusi dute, Iurramendi inguruan, 2028ko erdialdean hasiko da eraikitzen, 2031n amaituko dute, eta 380 profesional izango ditu; fakultatiboak, erizainak, laguntzaileak eta zelariak izango ditu, profil zehatzagoak (optometristak, fisioterapeutak edo gizarte-langileak) eta zerbitzu orokorretako 98 profesional. Plan funtzionalaren arabera eraikinak 7 solairu izango ditu eta ospitalizazioko 90 ohe aurreikusten dituzte.
Jaurlaritzak ohar bidez zehaztu du ospitale berria Larramendiko muinoaren hego-ekialdean dagoen 8.445 metro koadroko lursailean eraikiko dutela, eta bere helburua izango dela «areagotzen ari den eremuko osasun-zerbitzuen eskariari erantzuna ematea, eta kalitate asistentziala hobetzea, baliabideak optimizatzea eta hurbileko eta kalitateko arreta bermatzea». Hori gauzatzeko, Osasun Sailak eta Osakidetzak 107,6 milioi euro inbertituko dituzte. Obra egiteko epeak gutxi gorabeherakoak direla esan dute, eta Osakidetzak aurreikusten duela eraikuntza lanak 2028ko erdialdean hasiko direla eta 2031n amaituko direla.
Tolosaldeko egungo eredu asistentziala «oso zatikatuta» dagoela esan du Jaurlaritzak, eta asistentzia-kudeaketan parte hartzen duten profesionalen eguneroko jarduna baldintzatzen duen «egoera berezi eta konplexu batean» dagoela. «Egoera horrek egitura mailako erronka bat suposatzen du sustatzen den arreta integratu eta jasangarriaren eredurantz aurrera egiteko orduan, hain zuzen ere, arreta pertsonengan jartzen duen kudeaketa kohesionatu eta efizientea oinarri hartzen duen eredurantz». Ospitale berriarekin «eskualdeko pazienteei arreta hurbila eta kalitatezkoa bermatu» nahi dute, «kontuan hartuta biztanleria gero eta nagusiagoa dela eta osasun-premia konplexuak dituztela».
Tolosako Ospitaleko Plan Funtzionala onartzea
Plan funtzionalean kalitateari eta berrikuntzari dagokionez erreferente izango den eredu asistentzial bat erabili nahi dutela esan dute, hau da, «osasun-emaitzetara bideratuta egongo dena; humanizatua, segurua eta jasangarria izango dena». Tolosaldeko biztanleen uneko eta etorkizuneko behar asistentzialei erantzuteko gaitasun eta kaudimen handiak izango dituela ere esan dute, eta «egungo konplexutasuna kontuan hartuta, azpiegitura sanitario berri bat eraikitzea» proposatzen dutela. Horiek horrela, azpiegitura horren jarduera-nukleoa atal hauekin osatuko dutela esan dute:
- Erabakimen handiko kanpo-kontsultak, prozedura diagnostikoekin eta proba osagarriekin.
- Konplexutasun txikiko gaixotasun kroniko akutua duten pazienteentzako eta egonaldi ertainean / eriondoan dauden pazienteentzako ospitalizazio medikoa.
- Eskaera urgente ez programatuari arreta ematea.
Aurreikusten denaren arabera, Donostialdeko ESIaren mende egongo den ospitale publikoak kirurgia-prozedurak egiteaz gain, prozedura diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko erreferentea izango da Gipuzkoan. Horrela, «euskal sistema publikoak erantzuteko duen gaitasuna indartuko du». Zehazki, ospitale berriak honako zerbitzu hauek izango dituela esan dute:
- Kanpo-kontsultak: 50 gela izango ditu hainbat espezialitateko kontsultak eta proba funtzionalak egiteko, eta hiru prozedura-gela kirurgia txikiak eta sedazioa behar duten beste praktika interbentzionista batzuk egiteko.
- Erradiodiagnostikoa: Ortopantomografo bat, 2 ekografia-gela, erradiologia konbentzionaleko gela bat (X izpiak), erradiologia espezializatuko gela bat (teleagintea), ordenagailu bidezko tomografia-gela bat (OT) eta erresonantzia magnetiko bat izango ditu.
- Kirurgia Unitatea: 4 ebakuntza-gela balioaniztun, horietako bat izan ezik, oftalmologiarako soilik erabiliko baita, eta anestesia osteko suspertze-unitate bat –azken horrek 7 ohe eta 22 besaulki izango ditu–.
- Endoskopia Unitatea: 2 endoskopia-gelekin.
- Eguneko Ospitale Medikoa: 4 box izateko gaitasunarekin eta ospitalizatutako pazienteei zuzendua.
- 3 ospitalizazio-unitate: akutuen unitate bat, egoera berezietan dauden (gripea, isolamenduak eta abar) akutuen unitate bat eta egonaldi ertaineko/susperraldiko hirugarren unitate bat. Unitate bakoitzak 30 oheko gaitasun maximoa izango du. Guztira, 90 ohe izango ditu.
- Errehabilitazio Zerbitzua: Hemen, Egonaldi Ertaineko / Eriondoko Unitatean ospitalizatutako pazienteen beharrei erantzungo zaie, hau da, hauskortasun-maila askotarikoa dutenei eta funtzionalitatea errehabilitazioaren bidez hobetu behar dutenei.
- Larrialdietako Zerbitzua: Bizkorketa-gela bat, triajea, lau kontsultategi izango dituen eremu anbulatorioa eta 8 boxerako gaitasuna duen behaketa-eremu bat izango ditu.
- Laborategia: Larrialdietatik eta ospitalizazio-unitateetatik eratorritako beharrei erantzungo die.
- Farmazia Zerbitzua: Azpiegitura berrian ospitalizazioak eta larrialdiak egoteak farmazia-zerbitzu bat izatea eskatzen du.
- Etxeko Ospitalizazioa.
- Larrialdietako basea: anbulantzietarako aparkalekuarekin eta langileentzako eremuarekin.
- Zerbitzu Orokorrak.
Aurreikusitako espezialitateei dagokienez, hauek izango ditu: Digestio-aparatua, Dermatologia, Endokrinologia, Ginekologia eta obstetrizia, Neurologia, Errehabilitazioa, Pneumologia, Alergologia, Kardiologia, Hematologia, Barne Medikuntza, Erreumatologia, Anestesiologia, Kirurgia Orokorra, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Traumatologia eta Urologia.
Gainera, plan funtzionalak planteatutako premiei zerbitzu egokia emateko behar diren giza baliabideen zuzkidura ere proposatzen dute plan funtzionalean. Zehazki, asistentzia-jarduerarako 380 profesionalez osatutako plantilla aurreikusi dute, fakultatibo, erizain, laguntzaile, zeladore eta baita beste profil zehatzagoen bat duten langileekin: optometristak, fisioterapeutak edo gizarte-langileak. Bestalde, zerbitzu orokorretarako 98 langileko plantilla aurreikusi dute.
Tolosako ospitale berriaren plangintza Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programan (2025-2032) jaso dute, eta helburua da azpiegitura sanitarioa modernizatzea eta hobetzea.
Jaurlaritzak esan du Tolosaldea ESIak urrats sendoak eman dituela jada osasun-arretaren eredu berrirako trantsizioan. «Tolosaldeko eskualdean egin ditu Donostialdeko ESIak, eta Osasun Sailak eta Osakidetzak eskualdean osasun-kalitatea hobetzeko hartutako konpromisoari erantzuten diote, zerbitzuak pixkanaka berrantolatuz». Horrela, bada, 2025. urtearen amaieratik eta 2026. urtearen hasieratik, Donostialdeko ESIrekiko koordinazioa eta paziente konplexuen arreta hobetzeko hainbat aurrerapen abian direla esan dute.
Dagoeneko martxan dauden diagnostiko-zirkuitu azkarrak
Gehitu dute 2025eko azaroaz geroztik, otorrinolaringologiako diagnostikoa bizkortzen duen Minbizi ORL zirkuitua martxan dagoela Donostialdea ESIarekin. Hilabete geroago, abenduan, biriketako minbizi kasuetarako Minbizi Birika zirkuitua aktibatu zela ere esan dute, eta ibilbide horiek «probak eta tratamenduak arintzen dizkiete eskualdeko biztanleei». Hurrengo urratsa Loaren Unitatearen zirkuitua martxan jartzea izango dela esan dute.
Barne-medikuntzako errefortzua
2025eko abenduan Tolosaldea ESIak, Asuncion Klinikak eta Donostialdea ESIak, modu bateratuan eta koordinazio lanetarako Donostialdea ESIko barne-medikuntzako erreferentearen rola duen profesional bat izendatu zuten.
Gainera, Donostialdea ESIko Barne Medikuntzako espezialistak Tolosaldeko osasun-zentroetan izan dira urtarrilean eta otsailean, familiako medikuekin alderdi horiek guztiak koordinatzeko. Villabona, Ibarra, Alegia, Tolosa eta Andoaingo zentroetan bilerak egin dituzte. «Bilera horiek Lehen Mailako Arretaren eta Arreta Espezializatuaren arteko lankidetza zuzena sustatzen dute, eskualdean asistentziaren jarraitutasuna optimizatuz».
