Tolosaldeko ospitale publikoa

Osasun Sailak ospitalea eraikitzeko partzelak lagatzea eskatuko dio Tolosako Udalari datorren astean

Ataria 2026ko maiatzaren 29a

Alberto Martinez osasun sailburua, Legebiltzarrean. Iturria: Eusko Jaurlaritza

Alberto Martinez osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean eman du eskaeraren berri, eta aurreratu du aste gutxi barru esleituko dutela proiektuaren idazketa.

Osasun Sailak Tolosan eraiki asmo duen ospitale publiko berria eraikitzeko partzelaren lagapena eskatuko dio Tolosako Udalari datorren astean. Gainera, aste gutxi barru esleituko du proiektuaren idazketa. Hori azaldu du, gaur, Alberto Martinez osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egin duen hitzaldian, eta adierazi du «dagoeneko eraikitzen ari den errealitatea» dela zentro berria.

Tolosako udalbatzaren martxoko osoko bilkuran, Tolosako HAPOko 24. Iurre hirigintza-esparruaren aldaketa puntuala egitea onartu zuen udalbatzak, leku horretan Tolosaldeko balizko ospitalea jarri ahal izateko behin betiko erabakia, alegia. Maiatzaren 12an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Esparruan bertan dauden eta udalaren jabetzakoak ez diren bi orube eskuratzeko lanak abiatzeko ardura hartu zuen udal gobernuak, lursaila Jaurlaritzari utzi eta prozesua errazagoa eta azkarragoa izan dadin. Lagapena izapidetu ondoren, Osasun Sailaren esku geratuko da lursaila.

2024ko irailaz geroztik

Martinezek adierazi du etorkizuneko ospitaleak «nabarmen» hobetuko duela Tolosaldeko osasun-arreta. «Ez da bat-bateko erabakia, Osasun Saila 2024ko irailaz geroztik eskualdeko eta Donostiako alkateekin, gizarte-eragileekin, plataformekin eta osasun-arloko profesionalekin batera egiten ari den azterketa- eta entzute-prozesu zorrotz baten emaitza baizik», esan du.

Azaldu duenez, ospitale berria «ondorio partekatu batetik» sortu da: «Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du, baina baita sare zabalago batean integratutako zentro bat ere, ahalik eta arretarik onena bermatzeko. Horregatik, ospitalea Donostialdeko ESIarekin eta bertako konplexutasun handiko zerbitzuekin eta profesional espezialistekin konektatuta egongo da». Nabarmendu du integrazio horrek «osasun-emaitzak hobetu, bikoiztasunak murriztu, koordinazio-arazoak saihestu eta arreta seguruagoa eta eraginkorragoa ahalbidetuko» duela.

Sailburuak berriro azaldu ditu ospitaleak izango dituen zerbitzuak: erabakimen handiko kanpo-kontsultak, erresonantzia magnetiko propioa, ebakuntza-gelak, ospitalizazioa, endoskopiak, larrialdiak eta hainbat prozedura diagnostikotarako gelak. Plan funtzionalak 77 ohe –90 izatera iritsi daitezke, etorkizuneko beharren arabera–, lau ebakuntza-gela, urtean 3.600 kirurgia baino gehiago, 3.000 endoskopia inguru eta Gipuzkoarako teknologia diagnostiko aurreratua aurreikusten ditu.

Espezialitateei dagokienez, digestio-arloa, kardiologia, neurologia, traumatologia, ginekologia eta maiz erabiltzen diren beste laguntza-arlo batzuk eskainiko ditu. «Horri esker, zerbitzu gehiago eskaini ahal izango dira, hurbilagoak eta Osakidetzaren estandarrekin», esan du sailburuak.

Hobekuntza-neurriak

Proiektuak aurrera egin ahala, Osasun Sailak esan du dagoeneko «hobekuntza-neurriak aplikatzen» ari dela inguruan. Haien artean, barne-medikuntza indartzea, asistentzia anbulatorioa hobetzea, pazienteak Donostialdeko zirkuituetan integratzea eta profil profesional berriak sartzea.

Sailburuak gogorarazi du, halaber, proiektuak plan funtzional asistentzial bat duela, profesionalek onartu dutena, eta lanaren zati bat dagoeneko abian dela, Tolosaldeko eta Donostialdeko ESIetako taldeekin. Gainera, proiektua idazteko 2026an onartutako aurrekontu-partida bat dago, eta, hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPOa) aldatu ondoren, partzela bat aurreikusi da. «Hori ez da promesa bat, errealitatea eta hasitako bidea da», esan du Martinezek Legebiltzarrean egin duen hitzaldian. Amaitzeko, adierazi du proiektuaren helburua dela Tolosaldeko herritarrentzat «arreta hurbilagoa, integratuagoa eta kalitate handiagokoa bermatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!