Datorren ikasturteari begira aldaketak izango dira Multikirola proiektuan. Bertan 8 eta 12 urte arteko haurrek parte hartzen dute, eta entrenamenduak egiteaz gain, kirol topaketak egiten dituzte asteburuetan. Haurrek kirol klubetan parte hartu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak arau batzuk ezarrita zituen, eta horietako bat zen Multikirola programan parte hartzeko derrigortasuna izatea. Guraso batzuek derrigortasun hori ezbaian jarri, eta epaitegietara eraman zuten. Epaia derrigortasun horren aurkakoa izan zen, eta horrek eragin ditu egingo dituzten aldaketak.
Goizane Alvarez Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol departamentuko foru diputatuak azaldu duenez, epaiaren beste ondorioetako bat da erregulatzeko gaitasun «nahiko txikia» geratu zaiola aldundiari: «Entrenamendu eta lehiaketa saioak mugatuta genituen, Multikirola programan zein klubetan, eta orain ezin dugu hori mugatu. Kluben saioak mugatuta genituen bizikidetza hori bermatzeko, eta kontziliazioaren aldetik haurrek beste gauza batzuk egiteko aukera izan zezaten».
Mugikortasunari dagokionez ere aldaketak izango dira. Aurretik mugatuta zegoen: neska edo mutil batek bere eskola dagoen herrian edo bizi den herrian egin beharra zuen kirol klubarekin jarduera. «Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Realak eskatutako neurri bat izan zen», esan du Alvarezek, «ikusten zutelako klub handiek jokalariak kentzen zizkietela klub txikiagoei. Ikusita epaitegiko ebazpenaren interpretazioa nondik norakoa zen, mugikortasunaren muga hori kendu egin dugu».
Bestalde, Alvarezek beste aldaketa bat nabarmendu du, kasu honetan alor ekonomikoari lotuta. Eskola kirolaren kuota bakarra izango da, 60 euro haur bakoitzeko ikasturte osorako. «Horregatik aurrekontua 1,2 milioitik ia 7 milioi eurora igo dugu. Lehen kuota ezberdinak ordaintzen zituzten, eta horren inguruko hausnarketa egin genuen legealdi hasieran, ikusten genuelako desoreka bat zegoela», esan du diputatuak. «Materiala, prestakuntza eta profesionalizatzea pixkanaka joango dira sartzen, eta beti eutsiko zaio 60 euroko kuota horri». Diru laguntzak ere bideratu dituzte kuota hori ordaintzeko, eta bekadunak diren familiek ez dute ezer ordainduko.
Akordioen beharra
Epaia errespetatu beharra dutela dio, eta betearazi, «gure filosofiaren eta ereduaren kontrakoa bada ere», esan du Alvarezek. «Beste akordio batzuetara iritsi beharko dugu, baldin eta gure kirol hastapeneko ereduaren izpiritua mantendu nahi badugu. Printzipioak eta helburu gorenak akordioen bitartez bultzatu beharko ditugu, arautzeko gaitasun txikia dugulako».
Multikirola egitasmoaren eta kirol kluben ibilbideen artean bizikidetza lortu beharko dela gaineratu du diputatuak. «Bermatu nahi dugu bi ibilbideak bateragarriak izatea, haurrek aukeratu behar ez izateko». Horretarako akordioak adosteko bidea beharrezkoa izango dela esan du: «Tokian tokiko akordioetara iritsi, espazioen eta denboraren banaketak adosteko. Hori ezin dugu modu homogeneo batean bermatu, arautzeko gaitasuna ez dugulako». Bide horretan, dagoeneko Gipuzkoako hainbat lekutan dituzte toki-mahaiak, eta horietan hainbat eragilek hartzen dute parte. «Hori izango da eztabaidagunea, eta hor ikusiko dira zailtasunak eta tentsioak».
Bestalde, programatzeko gaitasuna dutela nabarmendu du diputatuak: «Udalei eskatu diegu larunbatetan Multikirolari espazio eta denbora zehatz bat gordetzeko. Ezin dugu debekatu, baina eskatu dezakegu gorde dezatela espazio bat eta denbora tarte bat. Gaur egun ere horrela egiten da».
Multikirola egitasmoaren filosofia laburbildu du diputatuak: «Pedagogikoa izatea, eta ikasketa bat eta prozesu bat bezala planteatzea, eta ez teknika ikasteko gune bat bezala. Teknika ikasteko klubak daude, eta horiek bere nortasunaren arabera egiten dute. Eta nahiz eta modu progresibo batean egiten duten, arriskua dago espezializazio goiztiarrera joaten den eredu bat izatea». Espezializazio goiztiar hori ekiditea da helburuetako bat. Bestea hezitzailea izatea: «Neska-mutil guztiek hartzen dute parte, talentua izan edo ez izan, baxuagoak, altuagoak, azkarragoak edo motelagoak izan». Kuota bakarrarekin bermatu nahi dute baliabide ekonomikoak oztopo bat ez izatea. «Neska-mutikoaren garapena erdigunean jarri, eta ez teknikaren ikaskuntzak, lehenengo urteetan behintzat».
Haurrentzako hainbat onura
Ikastetxeetako eskola kirolaren arduradunek Multikirola programak hainbat onura dituela diote. Irurako Ikastolako Xabier Saizarrek azaldu duenez, «zure gertuko lagunekin zabiltza, zure eskolako kamiseta soinean, Tolosaldeko herriak ezagutuz, neska-mutil berriak ezagutuz, hainbat kirol probatuz». Herrikide ikastetxeko Egoitz Jauregik gaineratu du «balore batzuk transmititzen» direla, eta lehiari ez zaiola «horrenbesteko garrantzia» ematen: «Parte hartzeari ematen zaio, eta saiatzeari».
Anoetako Ikastolako Patxi Goyak programaren aniztasuna nabarmendu du: «Hainbat kirol ezagutzen dituzu. Klub batean sartzen zarenean, horretara bakarrik zoaz. Iristen zara LH6 edo DBH1 mailara eta agian kirol hori baino ez duzu egin. Multikirolean kirolak probatzen dituzu, lagunarteko giroan; probatu eta gero aukeratuko du bakoitzak zer nahi duen». Laskorain Ikastolako Ioritz Egigurenek gaineratu du eskualdean «sekulako aukera» dagoela kirola egiteko. «Hori umetan ikusten da, eta gero etorkizun batean, lesio batengatik edo klubak aparte utzi zaituelako, beste aukera batzuk ezagutu izanak, adin batetik aurrera kirola egiten jarraitzeko bultzada ematen dizu». Hain ezagunak ez diren beste kirolei ikusgarritasuna ematen zaiola gaineratu du Jauregik: «Orain xakea egingo dugu Olinpiadetan, mahai tenisa ere egiten dugu, judoa ere, eta ikusgarritasun txikiagoa duten kirolei ere aukera hori ematen diegu».
Eskola kirolean egiten duten lana «oso garrantzitsua» dela esan du Zumadi ikastetxeko Joseba Irazustak: «Kirolean lehiatzeko duzun modua edo duzun jarrera, eta gero bizitzan duzuna oso antzekoak izan ohi dira. Bizitzan askotan galtzea tokatzen zaigu, gehienetan, eta kirola da modu bat horretan hezteko eta bizitzari aurre egiteko».
Samaniego Herri Ikastetxeko Patricia Urretabizkaiak azaldu du ohiturak txikitatik hartzen direla: «Gero handitan berdin da zer kirol egiten duzun, baina zure gorputzak eta ongizateak eskatzen dizute kirola egitea». Arantxa Estanga Tolosako Udaleko kirol teknikariak gaineratu duenez, «txikitan barneratzen diren mugimendu-patroi horiek betirako geratzen dira. Mugimendu-patroi horiek txikitan barneratu ez dituenak gerora lantzea zailagoa du. Horregatik du garrantzia aniztasunak: ahalik eta patroi gehienak bizitu behar ditu haurrak. Aberastasuna hor dago, eta gure erronka da hori ahalik eta ondoen egitea».
Datorren ikasturteari begira kezka azaldu du Jauregik: «Zaila izango da begiraleak bilatzea. Begirale guztiak tituludunak izatea eskatzen dute diru laguntzak jaso ahal izateko». Ikastaro bat dago gaur egun egoera horri aurre egiteko, baina etorkizunean gutxienez lanbide heziketako kirolaren inguruko goi mailako ziklo bat izatea eskatuko dute.
Bestalde, datorren ikasturteari begira zenbat haurrek emango duten izena ez dakite. «Gurasoengandik ez dut ezer berezirik jaso. Ez dut uste aldaketa ikaragarria ekarriko duenik. Nik gurasoak kontentu ikusten ditut eskola kirolarekin», esan du Saizarrek. Kirol klubetan izena ematen ez duten haur batzuk Multikirola egitasmoan eman dezaketela ikusten du Urretabizkaiak: «Egoera zaurgarrian dauden familiei aldundiak laguntzak emango dizkie, haientzat parte hartzea doakoa izan dadin. Datorren ikasturtetik aurrera dirua ez da aitzakiarik izango kirola egiteko».
Kirol kluben inplikazioa eta konplizitatea «ezinbestekoa» izango dela esan du Estangak. «Beste eszenatoki bat irekitzen da, ez delako derrigorrezkoa izango kirol klubetan parte hartzeko Multikirola egitasmoan izena ematea». Fokua haurrengan jarri behar dela dio, «bere heziketa prozesu hori eskola kirolaren bidez behar den bezala bermatzeko».
