Berazubi estadioa berriro ere Olinpiaden egoitza izango da. Eskola kiroleko Multikirola egitasmoan parte hartzen duten 600 haur elkartuko dira bihar goizean hainbat kiroletan aritzeko. Tolosako Udalak eta eskualdeko hainbat ikastetxetako eskola kiroleko arduradunek antolatu dute, eta festa handi bat izatea nahi dute, ikasturteari amaiera borobila emateko asmoz.
Irura Ikastolako Xabier Saizarrek azaldu du nola sortu zen Tolosaldeko Eskolarteko Olinpiadak antolatzeko ideia: «Ikusten genuen eskola kirola gainbehera zihoala pixka bat, eta pizgarri bat sartu nahi genuen. Denok genituen oroitzapen oso onak garai batean Berazubin egiten ziren Olinpiaden inguruan, irribarre bat ateratzen zitzaigun horri buruz hitz egitean, eta pentsatu genuen antzeko zerbait egitea».
Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarren mailara bitarte parte hartzen dute Multikirola egitasmoan, hau da, benjamin eta alebin mailakoek. Astean behin elkartzen dira ikastetxeetako eskola kiroleko arduradunak, eta ikasturtean zehar forma eman diote biharko topaketari. Maiatza gorde dute Olinpiadetarako sailkapen partidak jokatzeko. Lehendabiziko hiru asteburuetan topaketak egin dituzte talde kiroletan, hau da, eskubaloian, saskibaloian eta futbolean. «Biharko Olinpiaden eguna festa bat izatea nahi dugu, orain arte jokatzen egon diren sailkapen horietatik finalista guztiak sartzeko. Kirol pila bat egongo dira aldi berean, eta zerbait ikusgarria eta koloretsua egin nahi dugu», esan du Saizarrek.
Sailkapen partidak maiatzean egin badituzte ere, urte osoko planteamendua izan dute. Egutegi bat osatu dute taldekako hiru kirolekin, eta horrez gain banakako kirolak egin dituzte: piragua, herri kirolak, arrauna, errugbia, pilota... Laskorain Ikastolako Ioritz Egigurenek azaldu duenez «banakako kirol horietan parte hartu izana saritzeko, puntuazio banaketa bat egin dugu. Taldekoen
% 70a joan bada banakako kirol horietara; puntuak jaso dituzte. Puntuazio guztiak gehituta aterako dira Olinpiadetako egunean taldekako kirol horietan parte hartuko dutenak».
Beste kiroletan ere parte hartzea sustatu nahi zuten. «Ikusten genuen taldeek partidetarako konpromisoa hartzen zutela», esan du Samaniego Herri Ikastetxeko Patricia Urretabizkaiak. «Beste kirol elkarte batzuei eskatzen zitzaien esfortzua beraien kirola ezagutarazteko, baina familia asko ez ziren animatzen, beste plan batzuk zituztelako edo eguraldiarengatik-eta. Horregatik erabaki genuen, Olinpiadei begira, puntuazio bat ematea banakako kiroletan parte hartzeagatik». Taldekako hiru kirol ezagun horiez gain, beste kirol batzuk ezagutzea eta probatzea «aberastasuna» ematen diola gaineratu du.
Eskola kiroleko arduradunek azaldu dute Olinpiadetarako puntuak emateko pizgarri horrek lagundu duela beste kiroletan aritzeko. «Laskorain Ikastolaren kasuan baietz esango nuke. Beste urtetan baino konpromiso handiagoarekin erantzun diote banakako kirol horiei», adierazi du Egigurenek. Herrikide ikastetxeko Egoitz Jauregik gaineratu du taldeen arabera izan dela parte hartzea: «Talde batzuk oso lehiakorrak dira, eta sailkatu nahi zutenez, ekintza guztietara joan dira. Beste talde batzuek ez dute konpromiso hori hartu».
Hainbat oroitzapen
Berazubiko lehen Olinpiadak 1973an egin ziren, eta 2004a arte iraun zuten. Estangak gogoan du lehenengoan parte hartu zuela. «Orduan ez zegoen eskola kirolik», esan du Estangak.
«Atletismoko jardunaldi potolo bat zen, eta oso konektatuta zegoen jendearekin. Gogoan dut gure eskolakoek gimnastikako erakustaldi bat egin zutela ekitaldiaren hasieran». Tolosaldetik kanpoko eskolek ere parte hartzen zuten. «Lehen Olinpiadak egin zirenean hemengo ikastetxeentzat antolatu zituzten. Gero gustatu egin zitzaien beste ikastetxe batzuei, eta bigarren urterako hasi omen ziren Tolosaldetik kanpokoak deika parte hartzeko», esan du Estangak. Lasarte-Oriakoek parte hartzen zuen, eta Goierri aldetik ere etortzen ziren. TEE-CITek antolatzen zuen, eta eskola kirola indartzen hasi zenean erakargarritasun hori galdu zuen, eta azkena 2004an egin zen.
«Haur askok ez dakite zer izan zen Olinpiadena, baina guraso askok parte hartu zuten», adierazi du Irazustak. «Oroitzapenak oso onak dira, eta uste dut ilusio gehiago egiten diela gurasoei umeei baino». Irazusta jaiotzez Lasarte-Oriakoa da, eta gogoan du haurra zenean parte hartzen zuela Olinpiadetan. Pasadizo bat ere kontatu du: «Ni oso motibatuta etortzen nintzen Lasartetik. Jaunartzea egitea Olinpiadekin bat egin zuen, eta ostiral batean finalerdiak Berazubin jokatu behar genituen. Nik egun horretan apaizarekin hitz egitera joan beharra nuen, paper bat irakurri behar nuelako jaunartzearen egunean. Baina eltzeitsutik dirua hartu, autobusa hartu eta zuzenean Tolosara etorri nintzen. Orduan ez zegoen mugikorrik, eta elizan nire zain egon ziren. Bitartean, finalerdia irabazi genuen eta ikaragarri gustura. Hori bai, elizako hitzorduaz erabat ahaztuta etxera iritsi nintzenean, belarrondoko ederra jaso nuen».
Aurreko Olinpiadak eta biharkoak nola bizituko diren erabat ezberdina izango dela uste du Urretabizkaiak: «Batez ere gurasoen aldetik. Guk txikitan kirola egiten genuenean, gure gurasoak ez ziren aurrera eta atzera ibiltzen, gaur egun bezala. Lehen umeen festa bat zen, arduradun batzuekin eta guraso batzuk etortzen ziren. Niri orain kezka gehiago sortzen dit guraso aldetik egongo den exijentzia hori haurrek nola jasoko ote duten». Hori horrela, gogora ekarri du lehenengo urtea izango dela: «Ekitaldiari forma polit bat eman nahi diogu, nahi dugu ume guztiak protagonista izatea, eta gurasoek ere euste lan bat egin beharko dutela». Estangak gaineratu duenez, «nahigabe guraso askok konparaketa egingo dute, dituzten oroitzapenen eta ikusiko dutenen artean. Nahi izan da zerbait antzekoa egin, eta garrantzitsua da fokua jarriko dela ondo pasatzeko gogo horretan. Topaketa erraldoi bat izango da, eskola kirolaren ikasturtea borobiltzeko festa».
Desfile eta guzti
Goizeko bederatzietan hasiko da ekitaldia, Berazubiko estadioan bertan egingo den desfilearekin. Zelai barrura sartuko dira parte hartzaile denak, eta taldeen aurkezpena egingo da. Argi-zuziak eramango dituzte haur batzuek eta estadioari bueltak emango dizkiote, eta dena prest dagoenean piztuko dute olinpiar su-ontzia. Ondoren harmailetara igoko dira kirolariak. Goiko partea ikasleentzat, eta behekoa gurasoentzat.
Kirol bakoitzak bere eremua izango du. Futbol zelaian bi zelai egongo dira markatuta. Teniseko bi kantxatan saskibaloia jokatuko da, eta eskubaloia jokatzeko eremua Berazubitik kanpo izango da, Paper Eskolaren kantxan. Bestalde, frontoian pilotako partidak jokatuko dituzte, eta atletismo pistaren aurreko zuzenean sokatira eta lokotx bilketa. Sailkapen fasean hiru taldekako kirol horietan sailkatu ez diren taldeek herri kiroletan lehiatzeko aukera izango dute. Xakean ere ariko dira. Azken finean, denek parte hartuko dute kirolen batean.
12:00etan, talde kirolak bukatzen direnean, atletismoari emango diote hasiera. Sei proba egingo dituzte: pisu jaurtiketa, luzera jauzia, 60 metro hesiak, 60 metroak, 600 edo 800 metroko lasterketak (adinaren arabera), eta erreleboen proba. 14:00ak aldera espero dute bukatuko dela ekitaldia. Dominak egongo dira irabazleentzat, eta opari sorpresa bat emango zaio parte hartzaile bakoitzari.
Aurrera begira Olinpiadek jarraituko ote duten, oraindik ez dute erabaki. «Urte osoko jardunaldiari dagokionez, Olinpiaden erreferentzi hori positiboa izan da», gaineratu du Egigurenek. «Ekitaldian ez dena ondo ateratzen hobetuko dugu hurrengo urterako». Irazustak uste du arrakasta izango duela biharko egunak, eta Pello Errota ikastetxeko Isabel Dumallek dio hurrengo urterako haurrak jakingo duela zer den eta zer aurreikusi dezakeen: «Uste dut, aurtengoaren eraginez, datorren ikasturtean konpromiso handiagoa izango dutela kiroletan parte hartzeko». Ekitaldi guztia aurrera ateratzeko kirol klubeko kideek eskaini duten laguntza eskertu du Estangak: «Talde kiroletan epaile lanetan aritu dira, eta eskertzekoa da. Adin tarte horretan lankidetza beharrezkoa da».
Antolatzaileak
Tolosako Udala eta eskualdeko hainbat ikastetxeetako eskola kiroleko arduradunek antolatu dituzte Olinpiadak.
- Arantxa Estanga (Tolosako Udaleko kirol teknikaria).
- Xabier Saizar (Irurako Ikastola).
- Egoitz Jauregi (Herrikide Ikastetxea).
- Olaia Murgiondo (Alegiako Herri Eskola).
- Ioritz Egiguren (Laskorain Ikastola).
- Joseba Irazusta (Amezketako Zumadi Eskola).
- Patricia Urretabizkaia (Samaniego Herri Ikastetxea).
- Isabel Dumall (Asteasuko Pello Errota Ikastetxea).
- Patxi Goya (Anoetako Ikastola).
- Iker Gibelalde (Uzturpe Ikastola).
- Izaro Navas (Berastegiko J.A. Muñagorri Eskola).
- Jon Altuna (Berrobiko Eskola).
