Ordubeteko lanuzteak egingo dituzte ikastoletan ostegunean

Ataria 2026ko maiatzaren 20a

Azaroan egindako itxialdian Tolosan egindako elkarretaratzearen irudia.

LAB sindikatuak ordubeteko lanuzteak deitu ditu ikastoletan ostegunerako, hilak 21, 'Hezkuntza Saila, akordio laborala bete!' lelopean.

LAB sindikatuak esan duenez, Hezkuntza Sailak sindikatuarekin 2023ko ekainean izenpetutako lan akordioak EAEko ikastoletako langile guztien soldatak 2027rako sare publikokoekin erabat parekatzea aurreikusten bazuen ere, 2025 urteaz geroztik egin diren soldata eguneraketek kanpoan utzi dituzte hainbat kategoria, besteak beste, Haur Hezkuntzako 1. zikloko hezitzaileak eta administrazio, jangela, garbiketa, mantenu eta garraioko langileak. Horrez gain, akordioak aurreikusten zuen ikastoletako langileen lan baldintzen homologazio azterketarekin hasi ere ez direla egin esan du. Hori dela eta, soldata arrakala areagotu dela uste du sindikatuak, eta lan akordioa bete dadin eskatzeko ordubeteko lanuzteak deitu ditu ikastoletan ostegunerako.

Pasa den azaroan itxialdiak egin zituzten hainbat ikastolatan.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!