LAB sindikatuak deituta eskualdeko ikastoletako langileek protestak egingo dituzte haien soldaten parekatzean eta lan baldintzen homologazioan Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak bete ditzan eskatzeko. Bihar, 18:00etan kontzentrazioa egingo dute langile guztiek elkarrekin Tolosako Dama Berde parean eta, handik, ikastoletara joango dira ikastetxe barruan gau osoko itxialdiak egitera.
Sindikatuak hezkuntza sistema osoko langileentzat akordio laborala sinatu zuen Hezkuntza Sailarekin 2023ko ekainean eta besteak beste adostu zuen 2027rako ikastolako langile guztien soldatak sare publikoko langileekin parekatzea. Akordioaren markoaren barruan sare bakoitzeko langileek euren lan hitzarmenak adostu zituzten; ikastoletako langileek iazko urtarrilean sinatu zuten eurena –2024an bertan % 15,3ko igoera aplikatu zitzaien–.
Orain LABeko ordezkariek salatu dute Eusko Jaurlaritzak ez duela igoera horiek gauzatzeko hitzemandako finantzaketa ahalbidetu: ordainketa eskuordetuan dauden langileei aplikatu zaizkie igoerak, eta ez gainerakoei. Dena den Ikastolen Elkarteak, lan hitzarmenean jasotakoa betez, langile guztiei igo dizkie soldatak. «Ikastolek euren kontura finantzatu behar izan dituzte soldata igoerak eta ez horrek ez du ahalbidetzen ikasleei kobratzen zaizkien kuotak progresiboki jaisten joatea. Ez da bidezkoa. Doakotasunaren eta unibertsaltasunaren bidean urratsak eman behar diren garaian ikastolei trabak jartzen ari zaizkie» nabarmendu du Mikel Gerriko Uzturpe ikastolako LABeko ordezkariak.
Jaurlaritzaren jarduteko era gaitzetsi du Auritz Garmendia Laskoraingo delegatuak: «Funtzionatzeko modu eskasa iruditzen zaigu eta seriotasun minimo bat eskatzen diogu gobernuari. Guk ez dugu lan hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin sinatzen, Ikastolen Elkartearekin baizik; lotsagarria da horrela ibili behar izatea, gure lan baldintzak hobetzeko adostutako marko hori bete dezatela eskatzen. Oraingoz, Ikastolen Elkarteak bete ditu bere konpromisoak, baina Eusko Jaurlaritzak ez».
Homologazio eske
Baldintza ekonomikoak hobetzea garrantzitsua dela uste duten arren, ikastoletako ordezkariek azpimarra berezia egin dute sare publikoko eta ikastoletako langileen lan baldintzen homologazioan. Eusko Jaurlaritzak 2023ko ekainean, LABekin akordioa sinatu zuenean, bi urtean gaia aztertzeko mahai tekniko bat osatzeko konpromisoa hartu zuen baina ez du bete. «Pasatu dira bi urte baina mahai horren arrastorik ez dugu».
Xabier Mikel Uitzi Zubimusu ikastolako ordezkariak argitu du gauza asko direla mahai horretan eztabaidatu beharrekoak: «Badira gure langile batzuk sare publikoan existitzen ez direnak. Nola emango da langile hauen soldatzen parekatzea? Horrekin batera, guk eskola publikoan baino eskola-ordu gehiago izaten ditugu –guk DBHn 19-20 eskola-ordu dauzkagu astean eta 17 dituzte publikoan– eta gurean ratioak ere nabarmen handiagoak dira –DBHn gehienezko kopurua 25 ikasletakoa da publikoan, gurean 30ekoa–. Ikastoletan kalitatezko zerbitzua eskaintzen dugu, baina are kalitate handiagokoa eskaini nahi dugu eta zaila da baldintza hauetan. Ezin diegu erronka berriei duela 25 urteko baliabide berdinekin erantzun. Eskola publikoan dituzten problematika berak ditugu guk ere».
Ikastoletako langileek argi utzi nahi dute ez dituztela zalantzan jarri nahi sare publikoko langileen baldintzak, haien eskubideak ere irabazitakoak direla diote. «LABen helburua da euskal eskola publiko-komunitario berri bat sortzea, beste publikotasun eredu batekin, auto-kudeatua, nazionala eta elkarlanean oinarritutakoa. Konfluentzia baten bidez helburu horretara iritseko modua da azpi-sektore guztietako baldintzak parekatzen joatea».
Tolosaldean 350 langile inguru aritzen dira Uzturpe, Laskorain, Inmakulada, Zubimusu, Irura eta Anoetako ikastoletan. Denak daude deituta protestara bihar 18:00etan eta ondoren ikastola bakoitzean egingo dituzte itxialdiak. Hurrengo egunean, Tolosako Sakramentinoetako egoitzaren aurrean, beste elkarretaratze bat egingo dute Laskoraingo langileek, eskola ematen hasi aurretik.
Aurretik LABeko ordezkariek elkarretaratzeak egin izan dituzte Gasteiz eta Bilboko Hezkuntza Sailaren egoitzetan. Biharkoaz gainera, ikastoletako langileek adierazi dute abendu erdialdera, Lakuan, beste protesta bat egiteko asmoa dutela.
«Borrokan ari gara gure lan baldintzengatik, baldintza horiek erabakigarriak direlako gure ikasleei ematen diegun zerbitzuan. Haiengatik ere ari gara mobilizatzen, ez guretzako bakarrik», gaineratu du Garmendiak.