Tolosan egiten diren eguneroko erosketak errazteko zerbitzu modura nahiz tokiko establezimenduetako eskaintza ingurukoa ez den publiko baten eskura jartzeko helburuarekin jaio zen Gogoko 2019an. Beti xede izan du bertako saltokiak sustatzea. Orain arte, zerbitzura atxikitako Tolosako saltokietan erosteko aukera zuten erabiltzaileek; orain, berriz, Ibarrako zenbait establezimendu batu dira zerbitzura. Horrela, Ibarrako denda horietako produktuak ere eskatu ditzakete Tolosaldeko herritarrek. Esteka honetan dago saltokien zerrenda osoa.
Zerbitzuaren funtzionamendua erraza bezain erosoa da: bezeroak goizean egiten du eskaera WhatsApp (688 75 07 83) bidez. Ondoren, Gogokoko irudia den Maialen arduratzen da guztiaz: Tolosa eta Ibarrako dendetan eskatutako produktuak erosi, mimoz bildu eta eskatutakoa etxera bidali. Produktuak freskoak badira eta erabiltzailea Tolosaldean bizi bada, eskaera egunean bertan jasoko du, arratsaldean; bestela, bidalketak penintsula osora egiten dira, 24 eta 48 orduren artean.
Igor Zapirain Ibarrako alkateak azaldu duenez, «eguneroko egoera bati erantzutea» da zerbitzuaren helburua: «Denbora faltagatik edo erosotasunagatik, askotan presaka egiten ditugu erosketak. Gogokok aukera ematen du hori errazago egiteko, eta, aldi berean, tokiko merkataritzari eusteko, betiko dendetan erosteko modua galdu gabe, tokikoa zainduta, baina modu berrian». Era berean, Zapirainek Tolosako eta Ibarrako merkatariek urtean zehar egiten duten lana eskertu du: «goraipatzekoa da».
Gogokoko arduradunek nabarmendu dute zerbitzua ez dela bakarrik etxez etxeko banaketa sistema bat. Herriko saltokiak, merkatarien lana eta herritarren arteko harremanak bizirik mantentzeko tresna ere bada. Tolosa eta Ibarra batuta, Gogokok pauso berri bat eman du, erosketak errazteaz gain, tokiko merkataritzaren inguruan komunitatea sortzeko bidean».
Aitor Agirresarobe Tolosako Udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua, Merkataritza, Turismoa eta Azokak saileko zinegotziak adierazi du tokiko merkataritzak, eta kasu honetan, bi herrietako saltokiek, egunerokotasunean «garrantzi handia» dutela. «Pertsianak irekita egoteak bizia ematen die herriei. Argi daukagu, baina azpimarratu egin behar da, kontsumo ohituretara egokitzeko erronka dugulako. Horretarako, beharrezkoa da estrategia, tresna eta ideia berriak izatea, eta Gogoko horren adibide da».
Zerbitzuaren berrikuntza hau ezagutarazteko, duela bi aste spot bat aurkeztu zuen Gogokok. «Historikoki bi herrien artean egon den lehia umoretik jorratzen du, eta Tolosa eta Ibarra batuta, tokiko merkataritza-sarea indartsuagoa dela adieraztea da spotaren helburua», esan du Miren Amondarain Ibarrako merkatariak.
Balioak txikienei transmititzeko
Zerbitzua zabaltzeaz gain, zenbait komunikazio- eta sentsibilizazio-ekintza ere jarri dituzte martxan bi herrietako merkatariek, etxeko txikienei tokiko merkataritzaren garrantzia eta balioa helarazteko helburuarekin. Hala, Tolosako Zerkausian aurkeztu dituzte Maialenen abenturak haur-liburua eta pertsonaiaren buruhandia.
Batetik, liburuak, 5 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako istorio bat biltzen du. Maialenek Tolosa eta Ibarrako saltokietan erosketak nola egiten dituen kontatzen du, herritarren eskaera zoroei irtenbidea eman nahian, horietako batek «herri puska bat» eskatzen dion arte. Aintzat hartzen du materiala ez den hori, hau da, dendarien eta herritarren arteko harremana, konfiantza eta gertutasuna. Chroma Estudioak sortu du liburua, eta Deiff MG ilustratzailea arduratu da ilustratzeaz.
Tolosa&Co-ren eraikinean (Pedro Tolosa Pasealekua, 2) erosi daiteke fisikoki, edo etxean jasotzeko Gogoko zerbitzuaren bitartez eskatu daiteke; 5 euro balio du. Dagoeneko aurkeztu dute Tolosako eta Ibarrako ikastetxeetan. Azken asteotan, Garazi Urkola ipuin kontalari billabonatarrak istorioaren gorabehera guztiak kontatu dizkie haurrei.
Bestetik, arestian aipatutako spotean agertzen den Maialenen buruhandia aurkeztu dute. Gogokoko pertsonaia ipuinetik eta pantailatik atera, eta kalera eraman dute. Aurrerantzean, Maialen noizbehinka eta ezustean ikusi ahal izango da Tolosa eta Ibarrako kaleetan, erosketak egiten, saltokiak bisitatzen eta haurrak agurtzen. Tolosako
Buruhandi eta Erraldoien konpartsako Txus Garcia artisau beasaindarrak egin du buruhandia.
Jaione Ormazabal Tolosako merkatariak adierazi du «begirada geroan» dutela. «Hausnarketa sakona egin dugu saltoki txikien etorkizunari buruz. Ondorioa argia da: txikiengan jarri behar dugu fokua. Gure haurrak dira herri bizien etorkizuna; hortaz, garrantzitsua da txikitatik ulertzea herri txikietan erosteak duen balioa. Ez da soilik produktu bat eskuratzea, herriari bizia ematea baizik. Gure herrietako saltokiak babestearen garrantzia irakatsi nahi diegu, ohitura onak txiki-txikitatik ikasi ditzaten».
