ERREPORTAJEA

Hamar eguneko bidaia, planeta euskaldunetara

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko maiatzaren 3a

Fabio Perez, Uxue Izko eta Jon Txarroalde Eusfera proiektuaren aurkezpenan, asteon, Bilbon. TAUPA

Haurren ingurua, atmosfera edo unibertsoa euskalduntzeko Eusfera ariketa soziala antolatu du Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak. Maiatzaren 7tik 17ra egingo da Euskal Herri osoan, eta, euskaraz jakin ala ez, 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei dago zuzenduta.

Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak haurren ingurunea euskaldunagoa izatea nahi duten familientzako ekimen berri bat antolatu du. Maiatzaren 7an hasiko da eta hamaika eguneko iraupena izango du, hilaren 17ra bitarte, alegia. Iruñeko Gaztelu plazan izango da hasiera ekitaldia datorren ostegunean, 17:00etan, eta bertan sortuko da lehen Euspazioa.

Eusferaren helburu nagusia da haur eta gaztetxoen atmosferan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea eta unibertso hori euskaldunagoa izateko aurrerapausoak ematea. Ekimen honen bidez, gurasoek ahalegina egingo dute haurren egunerokotasunean hizkuntzarekin lotuta dauden elementu desberdinak euskarara hurbiltzeko, haien atmosfera ahalik eta euskaldunena izan dadin.

Taupak aurrerapausoak ematen jarraitu nahi du aisialdia, kultur kontsumoa, erreferenteak, kirola nahiz etxeko hizkuntza-praktikak euskaldunagoak izan daitezen. «Norabide horretan, jada pausoak ematen dituzten familiei baliabide, tresna eta euskarazko espazio berriak eskainiko dizkiegu, eta horretan hasi nahi duten familiei, berriz, abiapuntu eroso bat», esan du Taupak.

Ekimen honekin ere zenbait azpi-helburu bete nahi ditu Taupak, hala nola, helduak haurren testuinguru linguistikoak duen garrantziaz zein eta bertan eragiteko duten gaitasunaz jabetzea, helduen hizkuntza praktikak aktibatzea, haurrekin zein helduen artean, eta helduak –euskaraz jakin ala ez– hizkuntza sozializazioan duten garrantziaz jabetzea eta prozesu horretan euskararen alde eragiteko modua dutela ikusaraztea.

0 eta 12 urte artean dituzten eta hezkuntza sistemaren bidez euskararekin harremana duten –A, B eta D ereduan ikasten duten– haurren gurasoei edo guraso rola betetzen duen edozein helduri –tutorea, senideren bat…– zuzendutako ekimena da. Gainera, euskararen edozein ezagutza eta gaitasun duten gurasoak barnebiltzen ditu ekimenak. «Guztiok dugu aukera haurren hizkuntza unibertsoan eragiteko, hizkuntzaren erabilera sustatuta, hizkuntzarekiko dugun jarrera erakutsita edo hizkuntza portaera zehatzak ohiko eginda».

Misioak eta Euspazioak

Euskal Herri osoan antolatu dituzte Eusferari lotutako ekintzak; askotarikoak izango dira, herri bakoitzera egokituak. Eusferarekin bat egitea erabaki duten gurasoek bi modu dituzte parte hartzeko. Batetik, etxekoekin etxean, familia giroan, egiteko dinamika bat izango dute: Misioak osatzea. Eusfera.taupamugimendua.eus webguneko Gurasoen Txokoa ataleko galdetegia beteta, gurasoen hizkuntza gaitasunaren eta etxeko haurren adinera egokitutako misioen zerrenda jasoko dute.

Etxekoekin etxean egiteko erronkak izango dira Misioak; Euspazioak, berriz, euskaraz aritzeko kaleko gune erosoak

Misioak haurren testuingurua osatzen duten zortzi planetatan daude banatuta: ipuinak, jolasak, musika, sormena, etxeko hitzak, pantailak, euspazioak eta euskara. Gurasoek eta haurrek elkarrekin erabakiko dute unibertso euskaldunago baterako haien bidaia zein izango den, zein planetatan sartu eta zein misio osatu, alegia. Zenbait baliabide izango dituzte eskura, tartean, egiten dituzten misioak markatzeko pasaporte bat.

Bestetik, elkargune erosoak sortuko dituzte familientzat, kalean herritarrekin eta lagunekin euskaraz hitz egiteko eta gozatzeko: Euspazioak. Haur eta gurasoen espazioak izango dira, ekintza zehatzen bueltan antolatutakoak. Ekintza horiek askotarikoak izan daitezke, esaterako, irteerak, sukaldaritza edo margolaritza ikastaroak eta aisialdiari lotutako bestelako proposamen dibertigarriak.

Euspazio guztiek hiru elementu izango dituzte komunean. Batetik, Tauparen proposamena da haurrek eta gurasoek elkarrekin parte hartzea. Bestetik, parte-hartze hori aktiboa izatea nahi dute, inork aspertzeko tarterik izan ez dezan. Azkenik, euskara izango da erdigunean, eta euskarara hurbiltzeko aukera bermatuko da modu atseginean. Hala, euskaraz ez dakiten edo gutxi dakiten gurasoei ere aukera emango diete Euspazioetan parte hartzeko.

Gurasoak aktibatzeko nahia

Tauparen egiteko nagusia euskararen erabilerak gora egin dezan aukerak eskaintzea da. Horretarako, jendartea aktibatzeko eta euskaldunak ahalduntzeko proposamenak landu, eta, helburu horrekin, hainbat ekimen, egitasmo eta proiektu garatzen dituzte. Horietako batzuk nazio mailan gauzatzen dira, beste batzuk, berriz, sektore zehatzetan. Oraingoan, nazio mailan eragiteko ekimen berri bat landu dute. Haurren unibertsoa euskaldunagoa izateko gurasoekin elkarlanean aritzea da proposamena, eta helburu du gurasoak haien haurren hizkuntza ingurunean eragitea.

Haien haurrentzako onura moduan ikusten da gurasoek euskara jakitea, ezagutzea edo atxikimendu bat izatea

Taupak adierazi duenez, azken urteetan argitaratutako datu berriek «argi» adierazi dute gurasoekin lan egiteko beharra eta aukera badagoela, eta esan dute hainbat arrazoi daudela gurasoak esku-hartzeen xede-talde izateko: «Batetik, inoizko belaunaldi euskaldunena dugu gaur egungo gurasoena. Ezagutza tasa altua da, aurreko belaunaldiekin alderatuta. Bestetik, gurasoek, haurren ingurunea zein eta nolakoa den definitzeko erabakiak hartzen dituzte; horrenbestez, euren buruengan eta haurrengan eragiteko gaitasuna dute. Azkenik, guraso izateko unea euskarara hurbiltzeko garaietako bat izaten da. Hau da, haien haurrentzako onura moduan ikusten da gurasoek euskara jakitea, ezagutzea edo atxikimendu bat izatea».

Gurasoekin lan egiteko, 2021 eta 2023 urteetan, Haurren aurrean helduok heldu ekimena gauzatu zuen Taupak; haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan jartzen zuen fokua, nagusiki. Eusferaren kasuan, berriz, gurasoak aktibatzea lortu nahi dute. Horretarako, guraso euskaltzale gehienek partekatu dezaketen kezka jarri dute ekimenaren erdigunean: Haurrek etorkizunean euskaraz egingo dute? Horretarako aukerak izango dituzte? Bestela esanda, haurren hizkuntza unibertsoaren eta hizkuntza testuinguruaren gaineko kezka partekatuan jarri dute ekimenaren fokua. Hezkuntza eragileekin eta herrietako euskara elkarte zein eragileekin dituzten harremanetan ikusi dute kezka bera agertzen dela, behin eta berriz.

Haurren hizkuntza jokaeretan eragiteko

Haurrek haien egunerokotasunean entzuten, irakurtzen edota hitz egiten dituzten hizkuntzek osatzen dute haien hizkuntza unibertsoa edo testuinguru linguistikoa. «Ez da soilik beste pertsonekin egotean erabiltzen den hizkuntzari buruz ari, baizik eta aisialdian, telebistan, ikastetxean, familian eta bestelako eremuetan jasotzen diren hizkuntzei buruz. Hau da, haurra inguratzen duten hizkuntzek osatzen dute», azaldu dute Taupatik.

Eta zergatik da garrantzitsua haurren testuinguru linguistikoa euskarara hurbiltzea? «Ingurunea geroz eta euskaldunagoa den heinean, etorkizunean euskaraz hitz egiteko gaitasun, motibazio eta aukera handiagoa dagoelako. Beraz, haurren unibertsoan euskarazko atmosfera osasuntsu bat eraikitzea garrantzitsua da, haurraren hizkuntza jokaeretan norabide horretan eragiteko», azaldu du Taupak.

Euskaltzaleen mugimenduak azpimarratu du fokua aldatzeak guraso profil guztiak barnebiltzea ahalbidetzen diela: «Gurasoen hizkuntza errealitatea edozein dela ere, haurren hizkuntza unibertsoan eragiteko aukera egon daiteke, beti».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!