Taupa Euskaltzaleen Mugimenduko kide da Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkartea. Hori dela eta, haurren unibertsoa euskalduntzeko ekimena eskualdean txertatzeko elkarlanean ari dira azken asteotan. Eusferak bertan izango duen presentziari eta gurasoen parte hartzearen garrantziari buruz hitz egin du Idoia Aiestaran Andueza (Tolosa, 1995) elkarteko kideak.
Zer pentsatu zenuten Galtzaundin Eusferaren berri izan zenutenean?
Gure helburua bada ingurune guztietan euskararen erabilera sustatzea, eta etxea ingurune garrantzitsu bat iruditzen zaigu. Aldi berean, eragiteko zaila den ingurunea da, eremu itxi bat delako. Hala ere, familia giroan egingo da. Euskaraldia ariketa soziala, adibidez, helduei zuzendutakoa da; Eusferaren kasuan, berriz, haurrek ere parte hartuko dute. Hortaz, ariketa interesgarria iruditu zitzaigun.
Zergatik da garrantzitsua Eusfera?
Haurrek, euskaraz hitz egiterakoan, ia erabateko eragina dute helduengan. Hori dela eta, oso modu egokia izango da helduen hizkuntza-praktikak aktibatzeko. Hori da Eusferaren azpi-helburuetako bat. Helburu nagusia haurren ingurunea euskaldunagoa izatea da, baina paraleloki, helduek haurrekin, eta euren artean noski, euskaraz gehiago hitz egitea lortu nahi da. Gainera, hiru tipologiatako gurasoak hartuko ditu kontuan: euskaldunak, mistoak –bietako bat euskalduna denean– eta euskaldunak ez direnak.
Tolosan egindako kaleko hizkuntza-erabileraren azterketaren arabera, gurasoek haurrekin euskaraz egiten dute gehienbat, baina helduen arteko elkarrizketa asko gaztelaniazkoak dira.
Ez da Tolosako kasua bakarrik. Eskualdean, oro har, gurasoek edo helduek euskaraz gehiago egiten dute haurrak aurrean daudenean. Lehen aipatu bezala, Eusferaren azpi-helburuetako bat da gurasoen hizkuntza-praktikak aktibatzea eta euskararen erabilera handitzea. Helduek haurrekin euskaraz egitea ezinbestekoa da, baina uste dugu helduen arteko hizkuntza-ohiturak pixkanaka aldatzen joan beharko liratekeela, eta interesgarria izango litzatekeela euskararen presentzia areagotzea. Espero dugu Eusferak horretan laguntzea.
Tauparekin elkarlanean aritzen zarete urtean zehar. Nolakoak izan dira azken hilabeteak?
Koordinazio-lan etengabean aritu gara. Taupak ezarritako urratsak eman ditugu, eta ekimena eskualdera ekarri dugu. Eusferak bi lan-ardatz ditu: Misioak eta Euspazioak. Bada, gure kasuan, eskualdearen errealitatea kontuan izanda, erabaki dugu gure egitekoa Misioetan bakarrik oinarritzea.
Eta nola ari zarete lantzen Misio horiek?
Familia bakoitzak etxean egiteko direnez, ikastetxeekin egin dugu zubi-lana. Materiala banatzen ari gatzaizkie, haiek gero gurasoei banatu diezaieten. Espero dugu ikastetxeek ere zubi-lana egitea, eta Eusfera etxeetara iristea, gurasoek haurrekin misioak egin ditzaten.
Beraz, ez duzue Euspazioak sortzeko asmorik.
Hasiera batean, ez. Eskualdeko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ez dugu beharrezkoa ikusten. Haurrak eta guraso edo helduak barnebiltzen dituzten ekintza denak euskaraz antolatu eta egiten dira. Hori bai, herri edo ingurune bakoitzeko talde edo eragileek aukera dute, nahi izanez gero, Euspazioak antolatu eta sortzeko. Laguntza behar izanez gero, Galtzaundira jo dezakete.
Ekimenaren jarraipen berezia egingo duzue?
Aurretiazko aktibazio lanean murgilduko gara, koordinazio-, sustapen- eta komunikazio-lanean, alegia. Gure nahia da ahalik eta guraso gehienek ekimenean parte hartzea. Horretarako, jasotzen ditugun baliabideak eskualdera ekarri eta zabalduko ditugu, eta beharrezkoak diren azalpen guztiak emango ditugu. Hala ere, ez da nahikoa izango, gurasoen parte-hartze aktiboa ezinbestekoa delako.
Uste duzu gaur egungo haur euskaldunen atmosfera edo unibertsoa geroz eta erdaldunagoa dela?
Eusferaren ideiatik abiatuta, iruditzen zaigu atmosfera edo unibertso berean badirela planeta desberdinak. Askotan hitz egiten dugu pantailen botereaz. Eremu edo planeta hori, ziurrenik, ez da guztiz euskalduna izango, nahiz eta etxean denak euskaldunak izan, eta, beraz, eragina du unibertsoan. Hezkuntzaren planetan, aldiz, bestelakoa da egoera, bermatuta daukagulako eskualdeko ikastetxeetan euskaraz egiten dutela.
Horiez gain, etxearen planeta dago. Kasu honetan, badirudi tendentziak aldatzen ari direla azken urteetan. Datuen arabera, gaur egun duela 30 urte baino etxe gutxiago daude eskualdean euskara bakarrik transmititzen dutenak. Gutxiago dira euskara bakarrik transmititzen duten gurasoak. Batzuek bi hizkuntza transmititzen dituzte, beste batzuek gaztelania bakarrik, eta badira bestelako hizkuntzak transmititzen dituzten etxeak.