Ikaztegietako Guraso Elkarteko kideak dira Miren Mendizabal Makazaga (Ikaztegieta, 1984) eta Pili Arsuaga Lizaso (Baliarrain, 1976). Kezkatuta daude, haurren artean, adinean behera egin ahala, euskara baino gaztelania gehiago entzuten dutelako. Joera aldatzeko itxaropena dute, eta uste dute Eusfera dinamika aproposa izango dela horretarako.
Zer pentsatu zenuten Eusferaren berri izan zenutenean?
Miren Mendizabal: Beti eman izan diegu garrantzia euskararen aldeko proiektuei; beraz, berehala pentsatu genuen aurrera egitea. Gainera, guztiok dugu presente herri askotan dagoen arazo bera: gaztelania tokia egiten ari da euskararen ondoan, batez ere, haurren artean. Hala ere, zalantza dut zenbaterainoko onespena izango duen Eusferak euskaraz bizi ez diren familietan.
Zuen artean erabaki duzue ariketa nola landu?
Pili Arsuaga: Askotariko erronkak proposatu dizkigute, haurrekin egiteko, eta horiek betetzen saiatuko gara. Elkartera heltzen ari zaigun informazioa familiei helarazten ari gara, eta ekimenean parte hartu dezaten animatzen ari gara. Hala ere, hasiera batean, ez dugu ekintza berezirik antolatuko, ezta Euspaziorik sortuko ere, gure errealitatea bestelakoa delako.
Etxean, beraz, misioak egiteko asmoa duzue haurrekin. Gogotsu zaudete?
Mendizabal: Bai. Nire seme-alabei ikaragarri gustatzen zaizkie gisa horretako ekintzak; erronka txikiak dira, baina oso baliagarriak. Gogoan dut itxialdi garaian eskolak antzeko zerbait proposatu zuela; etxean sartuta geundela, askotariko jarduerak egin genituen haurrekin batera. Beraz, aitzakia ederra izango da haiekin momentu goxo bat partekatzeko.
Zuen ustez, gaur egungo haur euskaldunen unibertsoa geroz eta erdaldunagoa da?
Arsuaga: Zoritxarrez, bai. Hagaxka magiko bat izango bagenu hori aldatzeko... Ohartuta gaude pixkanaka giroa geroz eta erdaldunagoa dela, eta arrazoi bat baino gehiago egon daitezke: inguruan haur erdaldunak izatea, pantailen eragina, sare sozialak... Bakoitzak bere eragina dauka. Erdalduntzeko joera hori, bereziki, gazteagoak diren haurretan gertatzen ari da. Nahikoa da tartean haur erdaldun bat izatea inguruko haur euskaldunek gaztelaniaz hitz egiten hasteko.
Mendizabal: Ikaztegietan, 5. eta 6. mailako haurrek ia erabat euskaraz hitz egiten dute; adinean behera egin ahala, gehiago entzuten da gaztelania, ikastetxeko haur gazteenetako batzuen gurasoek hori dutelako ama-hizkuntza. Guraso horien haurrak eskolan euskaraz hezten dituzte, baina herriko plazan daudenean, logikoa den moduan, gaztelaniaz hitz egiten dute. Arazoa, ordea, ez da hori, guraso euskaldunek haur horiei automatikoki gaztelaniaz hitz egiten dietela baizik.
Arsuaga: Haur euskaldunek ere gaztelaniaz hitz egiten diete.
Mendizabal: Ez zaizkiete euskaraz zuzentzen, eskolan egiten duten moduan. Ondorioz, haur multzo osoak gaztelaniaz hitz egiten du.
Zergatik? Kalean askeago sentitzen direlako?
Arsuaga: Automatikoki egiten dute gaztelaniaz. Eskolan denak aritzen dira euskaraz; ez dute beste aukerarik. Handik kanpo, ordea, elkarren artean ez dute euskaraz egiten. Esanguratsua da.
Mendizabal: Ikusteko dago nerabezaroan nolako joera izango duten. Nik 11 urteko alaba bat eta 9 urteko seme bat dauzkat. Alaba euskararen zale amorratua da. Semeak ere euskaraz hitz egiten du, baina, tarteka, erdarakadaren bat esaten du, eta alabak kargu hartu eta zuzendu egiten dio.
Arsuaga: Horretaz guztiaz gain, pantailen eragina dago. Euskarazko edukiak badaude, baina ez gehiegi, eta daudenak, gainera, oso errepikakorrak dira. Hori dela eta, zenbait eduki gaztelaniaz ikusten dituzte haurrek.
Zer egin daiteke joera horri buelta emateko? Eusfera lagungarri izan daiteke?
Mendizabal: Herrian egiten ditugun euskararen aldeko ekimenetan saiatzen gara gaztelania ama-hizkuntza duten heldu edo haurrak erakartzen, beti guraso berdinak elkartzen garelako, denak euskaldunak, baina zaila da horretan asmatzea. Eusferaren kasuan, gurasoek haurrekin egin beharreko misioak ez dira batere zailak, eta, gainera, etxean egitekoak dira, hau da, intimitatean, konfiantzazko eremu batean. Ulergarria da guraso erdaldun batek guraso euskaldunekin euskaraz egiteko lotsa sentitzea, baina Eusfera egokia izan daiteke, erronkak aitzakia hartuta, ezinegon hori aldatzeko.
Eusferak ere bultzatu ditzake gurasoak euren artean euskaraz gehiago aritzera, ezta?
Arsuaga: Euskaldunok joera handia dugu multzo batean euskaraz hitz egiten ez dakien norbait dagoenean gaztelaniaz hitz egiteko. Hori ez gertatzea gure esku dago, eta kontzientziatu behar dugu euskaraz egin behar dugula. Eusferak balio dezake horretarako.
Mendizabal: Zaila iruditzen zait. Gertatu liteke euskaraz ez dakienak errespetu-falta modura sentitzea. Uste dut ezinbestekoa dela euskaldunok gure artean euskaraz egitea, eta euskaraz ez dakien norbaitengana zuzendu behar garen kasuetan bakarrik aldatzea hizkuntzaz.
Egunerokoan haurrekin euskaraz egiten duen gurasoek pentsatu dezakete Eusferak ez duela ezertarako balioko. Zer esango zeniekete?
Mendizabal: Guraso guztiok gure alea jarri behar dugula, eta eredu izan behar dugula. Ariketa honek ez du esfortzu bat suposatu behar, eta euskara bultzatzeko ekimena izateaz gain, haurrekin aisialdiaz gozatzeko aitzakia izan behar du.