Martxan jarri da X. Ataria Pilota Topaketa, atzo jokatu baitziren aurtengo ekinaldiko lehen partidak. Guztira sei mailatan ariko dira pilotariak, horietatik bostetan eskuz eta batean palaz. Finalak ekainaren 27an, larunbatez, jokatuko dira Anoetako Alkartasuna pilotalekuan.
Hamargarren topaketa izango da aurtengoa, eta parte hartzaileen kopurua pixka bat jaitsi da iazkoarekin alderatua. Aurtengoan 233 pilotarik eman dute izena, eta 2025ean 257 izan ziren. Luis Galarraga topaketaren koordinatzaileak gogora ekarri du 2024ean 300 inguru izan zirela parte hartzaileak. «Jaitsieraren arrazoietako bat haur gutxiago daudela ere bada», esan du. «Bestetik, ohiturak ere aldatzen doaz, eta familiak nola antolatzen diren eragiten dio parte hartzeari». Pilota ez da taldekako kirol bat, eta partidetara joateko banaka mugitzen dira. «Gaur egun bi gurasoek lan egin ohi dute etxetik kanpo, eta denbora libre gutxiago izaten da. Nahiago izan ohi da haurrek taldekako kiroletan parte hartzea, horrela partidetara joateko desplazamenduak erraztu egiten dira, taldeka egiten baitira».
Bestetik frontoietan aritzeko ohiturak ere aldatzen ari direla ikusten du Galarragak: «Lehen ordu gehiago sartzen zituzten haurrek frontoietan, herri txikietan batez ere. Gurasoak ere gehiago aritzen ziren beraiekin. Hori aldatu egin da, eta orain frontoietan entrenamenduetan bakarrik aritu ohi dira haurrak». Eskolaz kanpoko jarduera gehiago daudela, eta horrek ere eragiten duela gaineratu du.
Autengo topaketan iazko mailak mantenduko dira. Eskuz benjamin A eta B mailak, alebinak eta infantilak ariko dira, eta benjamin eta alebin nesken mailari ere eutsiko zaio eskuz jokatzeko. Palaz, maila berean elkartu dira parte hartzaileak, hau da, alebinek eta infantilek elkarren aurka jokatuko dute. Iazkoan palaz ere benjaminak aritu ziren, baina aurtengo topaketan ez du adin horretako inork izena eman. Hirugarren urtez jokatuko dute neskek elkarren artean eskuzko modalitatean. 2024an jarri zen martxan aukera hori, eta aurten ere berriro egin da apustua. Aurretik mutilekin batera jokatzen zituzten partidak. Zazpi bikote, iaz baino bi gutxiago, ariko dira partidak jokatzen Alkizan.
Anoetan, lehen aldiz
Topaketaren filosofiarekin jarraituta, aurtengoan ere beste herri batek hartuko ditu Ataria Pilota Topaketaren finalak. Anoetako Alkartasuna pilotalekuan jokatuko dira azken partida horiek, eta lehenengo aldia izango da bertan egingo dela ekitaldia. Iaz igandez egin zen finalen eguna agenda kontuengatik, baina aurtengoan larunbatez egiteko ohitura berreskuratuko da: ekainaren 27an emango zaio amaiera aurtengo topaketari.
Ohiko moduan, eskualdeko hainbat herritan jokatuko dira topaketako partidak. Infantilak Amezketan eta Albizturren ariko dira; alebinak Berastegi, Bidanian eta Zizurkilen; benjamin A mailakoak Alkiza, Larraul, Tolosa eta Berrobin; benjamin B mailakoak, berriz, Amasan eta Anoetan; eskuz neskak Alkizan, eta palaz Adunan ariko dira. Hori horrela, hamahiru pilotalekutan jokatuko dira partidak, eta datozen asteetan beste behin eskualde osora zabalduko da topaketaren jarduna.
«Beste behin eskualdeko pilota elkarte eta eskola guztiek parte hartzen dute topaketaren antolakuntzan, eta hori asko eskertzen da», nabarmendu du Galarragak. «Maila horietan bestela ere partida asko izaten dituzte pilotariek, eta pilota elkarteek eta eskolek urtero Ataria Pilota topaketa antolatzeko ahalegina egitea asko eskertzen dugu. Beraien parte hartzerik gabe ez litzateke posible izango egitasmo hau aurrera ateratzea». Hain justu, elkarteek eta eskolek izen-emateetan laguntzen dute, eta gero topaketaren partidak norberak bere herrian gauzatzeko ardura hartzen dute.
Antolakuntzaren parte dira Aurrera Tolosa (Tolosa), Behar Zana (Amasa-Villabona), Intxurre (Alegia, Altzo, Ikaztegieta eta Baliarrain), Kuku (Anoeta), Otsabio (Lizartza), Txulobi (Aduna), Zazpi Itturri (Amezketa) eta Ziotza (Zizurkil) pilota elkarteak, eta Albiztur, Alkiza, Asteasu, Berastegi, Berrobi, Bidania-Goiatz eta Larraulgo pilota eskolak.
Ikusirik azken bi urteotan parte hartzaile kopurua jaitsi egin dela, Ataria Pilota Topaketak are eta garrantzi gehiago hartzen du harrobiaren lanketan. «Pilota elkarteek eta eskolek lan handia egiten dute haurrei pilota erakusteko, eta horrelako topaketa batek aukera ematen du eskualdeko beste pilotariak ezagutu eta beraiekin pilotan jokatzeko», esan du Galarragak. «Ataria Pilota Topaketan, eta aurretik Hitza Pilota Txapelketan, ehunka pilotari aritu dira jokatzen, eta horietako hainbat iritsi dira gero goi mailan jokatzera».
Hamargarren urtez antolatu da Ataria Pilota Topaketa, eta eskatzen duen lan horri aurrera begira ere eusteko beharra nabarmendu du Galarragak: «Pilota hemengo kirola da, eta herri eta auzo guztietan gutxienez pilotalekuren bat badago. Pilotaleku horietan pilotaren hotsa entzuten jarraitu dadin lanean segi beharra dago».
Mailak eta egoitzak
Eskuz, benjaminak A
- Alkiza, Larraul, Tolosa eta Berrobin jokatuko dituzte partidak. 32 bikote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, benjaminak B
- Anoeta eta Amasan jokatuko dituzte partidak. 17 bikote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, alebinak
- Berastegi, Bidanian eta Zizurkilen jokatuko dituzte partidak. 29 bikote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, infantilak
- Amezketan eta Albizturren jokatuko dituzte partidak. 18 bikote ariko dira parte hartzen.
Eskuz, neska benjamin eta alebinak
- Alkizan jokatuko dituzte partidak. Zazpi bikote ariko dira parte hartzen.
Palaz, alebinak eta infantilak
- Adunan jokatuko dituzte partidak. Bost bikote ariko dira parte hartzen.


