Oria Sport Wear-ek jantziko ditu pilotariak

Imanol Garcia Landa 2026ko apirilaren 24a

Oria Sport Wear enpresako Rakel Uribeetxeberria eta Atariako kudeatzaile Xuhar Garmendia. I.G.L.

Kirol arropa teknikoa egiten duen eskualdeko enpresak babesten du X. Ataria Pilota Topaketa. 

Oria Sport Wear da X. Ataria Pilota Topaketako babeslea. Apatta industriagunean kokatuta dagoen eta kirol arropa teknikoak egiten dituen enpresaren helburua oso argi dutela esan du Rakel Uribeetxeberria koordinatzaileak: «Oria Sport Wear-en inguruko lurralde eta pertsonekin konprometituta gaude. Gure misioa, kalitate gorena bermatzen duten zuntzeko kirol produktuak sortzea da, gure bezeroei ongizatea eta poztasuna eskaintzeko».

Bide horretatik, eskualdeko pilotaren harrobia elkartzen den kirol ekimena babestea naturaltasunez eman duen pausoa izan da. Oria Sport Wear-ek jarriko ditu eskura pilotariek topaketaren partidetan erabiliko dituzten kamisetak. Orain bi urteko ekinaldian ere horrelaxe izan zen, eta aurtengoan errepikatu egingo dute. 

Eskualdeko hainbat kirol talderen arropa sortzen du enpresak, tartean Oriako Txirrindulari Eskolako neskena, Alpino Uzturre trail taldearena, eta Tolosa CFko futbol eta eskubaloi taldeena. «Guk argi genuen eskualdetik hasita, eta Euskal Herrira begira, gure kirol arropa teknikoa denek izan dezaten lan egingo genuela, eta batez ere bakoitzak berea», esan du Uribeetxeberriak. «Pertsonalizazioa da gure helburu handiena, eta leku guztietara iritsi ahal izatea. Inor ez dadila geratu berak nahi duen kirol arropa teknikorik gabe». 

Kirol taldeak janzteaz gain, kirol ekitaldiak antolatzen ere parte hartzen du Oria Sport Wear enpresak. Esaterako, iaz lehen aldiz egin zen Tolosaldea Ultra Trail Erronka mendi lasterketa, eta aurten uztailaren 4an egingo da. Alegian hasi eta bukatuko da eskualdeko mendiak zeharkatuko dituen proba.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!