Bergarako pilotalekuan lehiatu da B Serieko txapela. Aurrez aurre, eskualdeko bi pilotari aritu dira nor baino nor: Arkaitz Gabirondo gazteluarra, Ander Murua aurrelariarekin bikote osatuta, eta Jon Ander Peña tolosarra, Ruben Salaverrirekin bikote osatuta. Harmailetan aurpegi ezagun ugari: Jokin Altuna pilotari amezketarra, Julen Gabirondo segalaria —Arkaitz Gabirondoren lehengusua—, Aimar Olaizola... Guztiek pilotarien profesionaltasunaz gozatzeko prest.
Pilotalekua beteta jokatu dute norgehiagoka lau pilotariek; aurreko asteazkenetik online sarrerak agortuta zeudelarik.
Partida hasieratik urdinak —Murua eta Gabirondo— kokatu dira markagailuan aurretik; hasieratik partidan zentratuta. Hala ere, urdinek 14. tantoa egin dutenean, Peña IIak eta Salaverriak lau tanto segidan egin dituzte, eta 11-14ra gerturatu dira. 13-17ane, lau tantora kokatu dira berriro ere Peña eta Salaverri.
Lauren faltan, bost tantoko aldea zabaldu da berriro, Peñaren hutsegite batengatik (13-18); Murua eta Gabirondo aurretik. Azken hutsartearen aurretik izan da honako tantoa.
15-18koa lortu du Peña IIak, Gabirondo lurrean leher eginda utzita. Partida guztian urdinek iniziatiba eraman badute ere, honako tantoa erabakigarria izan daiteke, partidari buelta emateko. Segidan, 16-18ra murriztu dute aldea gorriek.
Gorriek kanpora bota pilota, eta berriro 3 tantoko aldea markagailuan: 16-19. Atzean egin du gazteluarrak hurrengo tanto luzea: 20-16. Biren faltan beraz, 4 tantoren aldea.
477 pilotakada zenbatu dituzte, ordubete eta lau minutu jokoan direnean. Tentsioak eta urduritasunak nabari dira lau pilotarien jokoan.
18-20, berriro ere bi tantora gerturatu dira Joan Ander Peña eta Ruben Salaverri. Peñaren hutsegitea etorri da segidan, kantxaren zabalera neurtzeko orduan, kanpora joan baita pilota: 18-21. Muruaren azken sakea, pilota gora joan da eta partida Gabirondo eta Muruarentzat: 18-22.
Pisua Gabirondok
Behin partida amaituta, Murua arrasatearrak Gabirondori eskertu dio egindako lana: «Partida aurrera eraman du Arkaitzek».
Gazteluarra bere aldetik, ezin sinetsirik zegoen behin txapela jantzita: «Kriston poza dut, ikusten nuen irabaztea bagenuena, baina etorri egin dira, eta asko sufritu dugu». Partida hasieratik aurretik kokatu dira Gabirondo eta Murua: «Hasieran ondo ikusten nintzen, txisparekin, baina gero nahiko lan, beldurra eta nekea etorri zaizkit, eta nahikoa lan izan dugu».
Bergarako frontoian izan den giroa ere txalotu du gazteluarrak: «Kristoren giroa egon da, buila... ikaragarri pozik gaude, ez baigenuen pentsatzen iritsiko ginenik».
Txapela nori eskainiko eta familiakoak, lagunak eta herriko jendea gogoan izan badu ere, «attona Jexux eta amona Maritxurentzat doa», zehaztu du pozik Arkaitz Gabirondo txapeldunak.
Ospakizuna kalean
Partida hasieratik izan dute zaleen babesa Gabirondok eta Muruak, baina ez orduan bakarrik; izan ere, finala irabazi ostean, kalean itxaron diete lagunek pilotariei, garaipena guztiek batera ospatzeko. Ikusi hemen Goienaren bideoa.

