Elkarrizketa

«Niretzat asko esan nahi du finalean egoteak»

Imanol Garcia Landa 2026ko martxoaren 19a

Profesionalen bigarren mailako txapela eskualdera iritsiko da; zeinen buruan izango den jakitea falta da. Jon Ander Peña tolosarrak Ruben Salaverri atzelariarekin jokatuko du, eta Arkaitz Gabirondo gazteluarrak Ander Murua aurrelariarekin. Partida erabakigarria larunbat honetan jokatuko da Bergaran; jaialdia 17:00etan hasiko da eta bigarren partida izango da finala. 

Eskarmentua du Jon Ander Peñak (Tolosa, 1997) finaletan, eta larunbatean binaka lehen txapela jantzi nahi du.

Nola bizitu duzu txapelketa?

Niretzat negua oso arraroa izan da. Joan den urtean lau eta erdian txapeldun geratu nintzen sanferminetan, uste dut urte ona egitetik nentorrela eta kolpe handia jaso nuen. Azkenean onartu beharra daude gauzak, eta aurrera egin beharra dago. Nik uste dut maila ona eman dudala; jokatzen aritu naiz, eta ordezkapen batzuk egin ditut, eta iruditzen zait ondo aritu naizela. Nahiko negu gogorra izan da, baina aurrera atera dugu eta orain finalean gaude.

Eta zer suposatzen du zuretzat finalean egoteak?

Niretzat asko esan nahi du. Hemen barruan gaudenak badakigu B mailan finalera iristea ere oso zaila dela. Urte batzuk eman nituen B mailan, eta asko sufritu nuen kategoria horretan. Banekien oso zaila zela, eta finalerdietako ligaxka hasi genuen bezala oso zaila jarri zitzaigun finalean sartzea. Baina kirolean ostiralean pasatu zirenak bezalakoak gertatzen dira, eta poz handiarekin finalean gaude.

Dario eta Loza ziren finalerako faboritoak.

Iruditzen zait txapelketako bikotea izan direla. Baina kirol munduan faktore asko izaten dira, urduritasunak eta presioak, eta uste dut nahiko erasanda egon zirela ostiralean. Guk, ordezkapen batekin, galtzeko ezer gabe, gure partida onena egin genuen.

Salaverrik jokatuko ote duen ez dago guztiz garbi.

Rubenek oso negu kaskarra izan du, eta eskuek ez diote batere errespetatu. Partida bat jokatu eta sufritu behar bada, partida hau da. Eskarmentua du, eta erabakia berak hartuko du; nik, behintzat, ez diot inongo eraginik sortuko.

Aurretik finalak jokatutakoa zara.

Batzuk jokatuak ditut, baina finaleko eguna finaleko eguna izaten da. Momentuan zer sentsazio dituzun, zer tentsio duzun gainean ikusi behar da.

Zer final aurreikusten duzu?

Oso gogorra. Irabazi nahi badugu gauzak oso ondo egin beharko ditugu, eta partida gogortu egin beharko dugu. Beraiek bikote jotzaileagoa dira, baina guk baditugu armak partida gogortzeko, partida luzea egin eta beraiei zalantza sortzeko.

Zer giro espero duzu izango dela Bergaran?

Iruditzen zait finalaren aurreko egun hauek oso politak izaten direla. Debutatu berritan iritsi nintzen final batzuetara, eta ingurukoak ikaragarrizko ilusioarekin egoten ziren. Final honetan ez da agian nire kasuan garai haietan bezala izango, baina Rubenek eta nik ingurukoak eramango ditugu, eta ea giro ederra dagoen frontoi eder horretan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!