Arkaitz Gabirondorentzat (Gaztelu, 2004) profesionaletan lehen finala izango da.
Nola bizitu duzu txapelketa?
Anderrekin jokatuko nuela esan zidatenean ilusioa egin zigun, kantxatik kanpo sekulako harremana dugulako. Gero, ez genekien zer maila emango genuen. Oso txapelketa handia izan da izenez, eta ez genuen pentsatzen ez berak ez nik honaino iritsiko ginenik.
Zer suposatzen du zuretzat finalean egoteak?
Datorren astean betetzen ditut bi urte profesionaletan, eta niretzako sekulako poza da. Txapelketa jokatzea pozgarria da, eta finalera iristea guretzako handiena da. Sorpresa izan da finalera iristea, eta oso pozik.
Kantxa barruan ondo konpondu zara Muruarekin.
Oso espresiboa da, biok gara espresiboak, ondo komunikatzen gara, eta hori transmititzen dugu. Anderrek sekulako bolada onean harrapatu du txapelketa, eta nik aprobetxatu dut berarekin batera. Gauzak ondo atera zaizkigu, eta partidak zaildu zaizkigunean gure alde erori dira.
Aste hau nola bizitzen ari zara?
Bereziagoa izaten da. Babes handia sumatzen dut, eta herrian ere jende asko ari da galdetzen, afaria dela, sarrerak, autobusa... Eta hori da gauza politena.
Zer final aurreikusten duzu?
Peña lehen mailako pilotaria da, aldea markatzen duena. Atzean Salaverrik jokatuko duela dirudi, baina partida aldatu egiten da jokatzen duenaren arabera. Peñarekin harremana dut, hemen bertakoak gara biok, eta ilusio berezia egiten dit finala bere mailako pilotari baten aurka jokatzeak.
Nola jokatuko duzue beraien aurka?
Ez dugu oraindik hitz egin Anderrek eta biok estrategiaren inguruan, baina partidak berak erakusten dizu nola jokatu.
Finalerdietan irabazi egin zenuten beraien aurkako partida. Zerbaitetarako balio du?
Hobe errepikatuko balitz, baina jakina da nola izaten den hau: gaur jokatzen duzu partida eta bihar erabat aldatzen da, eta pilotan oraindik gehiago. Partidak balio dezake ikusteko nola jokatu genuen, baina ez du ezertan eragingo.
Zer giro espero duzu Bergaran? Gertukoak bertan izango al dira?
Gaztelu herri txikia da oso. Jende oso gutxi bizi da, baina beti izan dut beraien babesa, eta orain ere horrela daukat. Kuadrillakoak eta familiakoak ere hor dauzkat. Sarrerak eskatzen ari naiz, baina nahi baino gutxiago ari dira ematen, azkar saldu direlako. Sekulako giroa izango da, eta niretzako opari handiena hori da, jendeak horrela erantzutea.
Giro horrek urduriago jarriko zaitu?
Guk nahi izaten dugu kantxara ateratzean jendea egotea, giro ederra izatea, eta horrek sekulako adrenalina ematen dizu. Garrantzitsua sentitzen zara, eta beste animo bat izaten duzu.