Inauterien jarraipen berezia ATARIAn

Ataria 2026ko otsailaren 11

Joan den urteko txupinazoko irudia.

Festaren hasiera zuzenean emango da 'Ataria.eus'-en, eta egunero egunkaria banatuko da. Mozorro lehiaketa ere antolatu da beste urte batez.

Urtero moduan Atariak esfortzu berezia egingo du datozen egunetan, inauteriak hasten diren unetik amaitzen direnera arte gertatzen den oro herritarrei helarazteko helburuarekin. Hala, festa lehertzen den unea zuzenean jarraitu ahalko da Ataria.eus-en. Tolosako Udalarekin eta 28 Kanalarekin elkarlanean saio berezia egingo du Ataria-k, txupinazoaren bueltako giroa jasoz. 11:15etik aurrera jarraitu ahalko da.

Bestalde, gaurtik asteazkenera egunero egunkaria banatuko da. Harpidedunek euren etxeetan jasoko dute ohi bezala, eta Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan, banaketa berezia egingo da Tolosako hainbat gune eta kafetegi eta tabernatan. Ataria.eus-ek ere ezohiko jarduna izango du, eta egun guzti horietan argazki eta bideo sorta andana izango da ikusgai. Hori guztia modu erraz eta ikusgarriagoan Atariaren Appean egongo da. Aplikazioa doan deskargatu daiteke, eta behin gailuan instalatuta, erregistratu egin beharko da.  

Bada, Atariaren erabiltzaileek inauterien jarraipen zehatza egin ahalko dute, eta horretaz gain, jolas egiteko modua ere izango da. Izan ere, azken urteetan bezala, egunero inauterien inguruko galderak luzatuko ditugu. Parte hartzaileen artean sariak banatuko dira.

Mozorro lehiaketa

Eta, aurten ere, mozorro polit eta originalenari saria eman nahi dio Atariak, eta horretarako, Mozorro Lehiaketa antolatu du. Parte hartzeko, Ataria.eus webgunean lehiaketaren atalera jo beharko da, eta bertan igo beharko dira argazkiak dagozkien datuak jarrita. Tolosaldeko herrietako inauterietan ateratako argazkiak izan beharko dute, eta parte hartzeko azken eguna otsailaren 25a izango da. Ondoren, martxoaren 13ra bitarte, bozkatzeko aukera izango da, eta irabazleak martxoaren 13an jakinaraziko dira Ataria astekarian eta Ataria.eus webgunean. Parte hartzen duten guztiekin, sari banaketa eta erakusketa antolatu du Atariak martxoaren 17an, Tolosako 3 tabernan. Epaimahaiaren saria Neka opari txekea izango da, hau da, Nekaturreko edozein ostatutan erabili ahal izateko 90 euroko balioa duen opari txekea. Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria, berriz, Baliarraingo Zartagin 2 pertsonarentzat otordua izango da. Horrez gain, parte-hartzen duten Atarikideen artean, Casa Eceizako produktuez osaturiko kaxa bat zozkatuko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!