Urteroko zitara ez dute hutsik egingo Amezketako talaiek eta Abaltzisketako txantxoek. Bi herrietako etxeetako atariak makil hotsez agurtuko dituzte: gaur eta bihar Amezketako talaiek; eta bihar, berriz, Abaltzisketako txantxoek.
Talai dantzariak gaur goizean Amezketako plazako elkartean elkartu, eta kafea anisarekin hartuko dute. 08:00etan bi taldetan banatu, eta horietako bat Bedaio inguruko etxeetara joango da; eta bestea, berriz, Amezketako baserrietan ibiliko da. Bihar ere modu berean hasiko dute eguna, eta talde batek Ugarte ingurua egiten duen bitartean, besteak Amezketan aurreko egunean egin gabe geratutako baserriak pasako ditu. Eguerdi aldean, berriz, bi taldeak elkartu eta herria pasako dute bukatu arte.
Izarne Otamendi trikitilariak kontatu du 40 dantzari inguru bilduko dituztela aurten ere: «Iaz urteurrena zela eta hiru talde egitera iritsi ginen; aurten, berriz, bi izatera itzuliko gara». Zentzu berean gehitu du «entseguren bat» egin dutela, eta egunean bertan egingo dutela beste bat, hasi aurretik: «Dena dela, dantzari berriek etxez etxe barneratuko dituzte pausoak».
Transmisioari dagokionez, momentuz ez du kezkarako arrazoirik ikusten: «Urtero sartzen da jende berria. Momentuz, etorkizuna izango dela ematen du». Eta horren arrazoitzat dauka euren arteko giro «oso ona»: «Giroagatik ez balitz, ziur asko jendea ez litzateke gerturatuko. Primeran moldatzen gara, eta egun politak izaten dira».
Txantxoak, bihar
Abaltzisketan ere, urtero legez, bihar aterako dira txantxoak herriko etxeen zein baserrien atariak alaitzera. Xabier Yugeros kideak azaldu du «gero eta gazte gehiagok» hartu nahi izaten duela parte ekimenean: «Giro ikaragarri ona izaten da gurea artean. Nagusienek utzi ahala sartzen dira gazteak, eta jendea aldatzen bada ere, ez dugu sekula festa girorik falta izan».
Hain zuzen, iaz lehenengoz taldea zabaldu zuten zortzi dantzari izatetik, hamarrera. Eta aurten ere beste bi gehitu dituzte: «Beste bi gazte ere ateratzeko gogoz zirenez, eta jantziak bagenituenez... Aurten hamabi dantzari izango gara».
Taldea handitzeak aparteko eraginik ez duela ere azaldu du, dantza bikoteka egiten dutela-eta. Dena dela, zailtasunen bat aurreikusi du, batik bat, gehiago izanda zailagoa izango dutelako etxe atari txikietan kabitzeko.
Dantzaren transmisioari dagokionez, berriz, konfiantzaz egin du hitz: «Ez dut gogoan eguna iritsi aurretik inoiz entseatu dugunik. Dantza erraza da, eta hasiberriek euren kabuz ikasi beharko dute pausoak nola diren».
Eguraldia baldintza
Talaiei zein txantxoei, biei ala biei eragiten die zuzenean egunean egiten duen eguraldiak. Iragarpena aurretik begiratuta ere, fidagaitz hitz egin du Otamendik: «Azkenaldian egun batetik bestera asko aldatzen da, beraz, eguna iristen denean ikusi eta horretara moldatu beharko gara».
Eta, zentzu berean hitz egin du Yugerosek ere: «Azken urteetan eguraldi txukuna tokatu zaigu; eta ea aurten ere zorte bera izaten dugun. Euria eginez gero gorputza hoztu egiten da etxez etxe, eta eguna gogorragoa izan da».
Txantxoak bihar lehenik, Orendain aldeko baserrietara joango dira, eta 10:30ak aldean itzuliko dira herrigunera. Bertan mezatik ateratzen direnei egiten diete dantza, «aspaldiko ohitura» legez. Jarraian, herrian bertan ibiltzen dira etxez etxe; eta Gaintza aldera dauden baserriak pasata, Larraitz auzora joaten dira.
Bertako ermitan ere meza izaten da eta, auzoko baserrietan zein etxeetan ibili ondoren, amaitzen denerako iristen dira. Behin hori eginda, Amezketa aldeko etxeetara joaten dira, eta 15:30-16:00ak aldera bukatzen dute udaletxean.