Ataria TB

Astelenita girotzeko prest dira aisialdi taldeak

Leyre Carrasco 2026ko otsailaren 5a

Tolosako eta Ibarrako bost aisialdi taldek hartuko dute Astelenita egunean San Frantzisko pasealekua, eta mimo handiz prestatu dituzten koreografiak erakutsiko dituzte.

Aisialdi taldeak prest dira egun handirako; alegia, Astelenitarako. Azken hilabete hauetan lanean aritu dira horretarako, eta otsailaren 16an, azkenean, aurtengorako aukeratu dituzten mozorroak erakutsi eta mimo handiz prestatu dituzten koreografiak egingo dituzte San Frantzisko pasealekuan barrena. Iaz bezala, aurten, Tolosa eta Ibarrako bost aisialdi taldek parte hartuko dute. Horiek dira, besteak beste, Kazkabarra, Kirikiño, Atsedena, Ttenttek eta Txiribitu aisialdi taldeak.

Aurten, Kazkabarra aisialdi taldekoek euskal esaera zaharrak pertsonai bihurtuko dituzte. Horretarako sei mozorro prestatu dituzte; sorginak, xaguak, deabruak, aingeruak, oiloak eta azeriak. Parte hartzaile handiena duen aisialde taldea izan ohi da, eta aurtengoan ere hala izango da. Guztira, 600 haur eta gaztek eta 100 begiralek parte hartuko dute.

Kirikiño aisialde taldekoak mendebaldeko cowboy pertsonaiaz mozorrotuko dira, eta denak janzkera bera emango dutela jakinarazi dute begiraleek: txapel bat eta laukidun alkandora. Guztira, 250 haur eta gaztek eta 30 begiralek parte hartuko dute.

Atsedena aisialsi taldekoek estropadak irudikatuko dituzte, eta horren bueltako pertsonaia ugariz mozorrotuko dira; esatariak, patroiak, arraunlariak, etabar. Guztira, 6 eta 16 urte bitarteko 150 haur eta gaztek eta 20 begiralek parte hartuko dute.

Ttenttek aisialdi taldeak Broadwayeko musikalak hartu dituzte gaia nagusi, eta horien bueltako hainbat klasiko dantzatuko dituzte; besteak beste, Singin in the Rain, Cats edota Chicago. Guztira, 4 eta 64 urte bitarteko 100 lagunek parte hartuko dute.

Azkenik, Ibarrako Txiribitu aisialdi taldekoek udalekuetan egiten duten otsoaren jokuaz mozorrotuko dira. Horretarako bost pertsonaia nagusi izango dituzte; otsoa, alkatea, ehiztaria, sorgina eta Kupido. Guztira, 180 lagunek parte hartuko dute, horietatik 30 begirale eta Gaztezulo kideak ere bertan izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!