Elkarrizketa

«Euskararen mundura erakarri nahi dugun komunitateari egiten diogu dei»

Jon Miranda Labaien 2026ko urtarrilaren 14a

Geroz eta gutxiago falta da Korrikaren 24. edizioa iristeko. Tolosaldeko AEKn ari dira dena prestatzen. Xabier Etxanizek hartu du aurtengo Korrikaren ardura eskualdean.

Asteasun bizi den Xabier Etxaniz (Donostia, 1983) aurten hasi da AEKn lanean eta euskaltegian sartu eta buru-belarri murgildu da Korrikaren antolakuntzan. Intentsitate handiko hilabeteak izango dira Etxanizentzat, baina argi adierazi du eskualdeko AEKko gainerako kideek babes handia eskaintzen diotela, tartean, Olatz Peñagarikanok (Anoeta, 1990) Tolosaldeko eta Andoaingo AEKko zuzendariak.

Xabi, noiz eskaini zizuten Korrikaren ardura hartzea Tolosaldean?

Xabi Etxaniz: Urrian hitz egin genuen koordinatzaile izateko aukeraz eta proposamen ederra iruditu zitzaidan. Erronka polita denez, baiezkoa eman nuen. Aurten sartu naiz AEKn eta hasi eta berehala Korrikaren ardura hartzeak ematen dio adrenalina puntu bat nire lanari.

Olatz Peñagarikano: Iaztik egin genuen harremana Xabirekin eta fitxatuta geneukan. Iruditu zitzaigun antolakuntzarako profil ona duela. Onartu zuen erronka, eta gu, jakina, pozik.

Zein da Korrika arduradun baten egitekoa?

Etxaniz: Hainbat egiteko dituela esango nuke. Korrika batzordeak maila nazionalean hartutako erabakiak eskualdean jakinarazi eta manatu horren baitan aritzea batetik. Eta bestetik, gure kasuan, Gipuzkoako beste kideekin koordinatzea, denok puntu berean egon gaitezen eta ekimenak kohesio eta koherentzia bat izan dezan.

Peñagarikano: Gainera, arroparen inbentario, Korrika Lagun, Korrika Laguntzaile eta lekuko hartzeen kudeaketa antolatzea ere badagokio Korrika arduradunari, noski, gure laguntzarekin. 

Etxaniz: Behin ibilbidea publiko eginda, ziklo eroan sartuko garela esan didate AEK kideek.

«Ibilbidea publiko egiten denetik, ziklo eroan sartuko garela esan didate ikasguko AEK kideek»

Xabi Etxaniz - Korrika arduraduna

Nola koordinatzen zarete beste eskualdekoekin eta Gipuzkoako arduradunarekin?

Etxaniz: Orain arte hilabetean behin egin izan ditugu bilerak eta orain maiztasuna areagotuko da. Gipuzkoako Koordinatzailearekin etengabeko harremana daukagu. Beti laguntzeko prest dago.

Euskaltegian nola antolatzen zarete?

Peñagarikano: Korrika urtea denean beste lan gehigarri bat izaten dugu antolaketari dagokionez, baina gure egunerokoa ez dugu alde batera uzten. Gure lana kalitatezko eskolak ematea da eta helduen alfabetatzean ahalik eta ondoen aritzea. Uneoro dugu begiz jota AEKren misioa: Euskal Herri euskaldun bat sortzea eta euskaldun aktiboak geroz eta gehiago izatea. Ahalegin horretan ari garen bitartean Korrikak asteroko bileretan eragiten digu; Xabik helarazten dizkigu notiziak, pausoz pauso, eta horren arabera antolatzen gara.

Etxaniz: Nik ere tarte honetan jarraituko dut eskolak ematen eta gaur gaurkoz dauzkadan taldeei eusten saiatuko naiz. Momentuz Korrikaren ardura eta eskolak ematea uztargarri izan daitezkeelakoan gaude. Ikusiko dugu ea horri eutsi ahal izango diogun otsail edo martxo inguruan.

Peñagarikano: 12 kidek osatzen dugu Andoain eta Tolosaldeko euskaltegia eta bakoitzak badu bere funtzioa bai antolakuntzan bai Korrika egunean ere. Batzuek batzorde batzuetan parte hartzen dugu eta beste batzuk, adibidez, arroparen kudeaketaz arduratzen dira. Gero, Korrika iristen den egunean bertan laguntza behar izaten dugu, eta hori boluntario bidez egiten dugu.

Tolosaldeko AEKn ikasle asko matrikulatu al dira aurten?

Peñagarikano: Aurtengo ikasturtean zazpi talde ditugu eskualdean, zazpi talde desplazatu; horrek esan nahi du nork bere herrian ikasteko aukera daukala. Zizurkilen bi talde eta Ikaztegietan, Alegian, Ibarran eta Anoetan bana dauzkagu. 80 bat ikasle dira; iaztik igo egin da matrikulazioa. Talde desplazatuko ikasleei batu behar zaizkie Andoaingo euskaltegian ikasten dutenak; ordutegiagatik edo beste arrazoiren batengatik, euren herrian bertan ezin izan dute izena eman eta Andoainera etorri zaizkigu ikasle dezente. Tolosaldeko eta Andoaingo AEKn, orotara, 200 ikasle baino gehiago izango dira. Pozik gaude. 

Herriz herri Korrika batzordeak sortuko al dira aurten ere?

Etxaniz: Bai, aste honetatik aurrera martxan jarriko gara. Aldez aurretik aktibatu ditugu whatsapp taldeak eta ia herri guztietan daukagu ordezkaritza. Aurreko edizioetatik dakidanaren arabera, bakoitzak bere martxa jarraitzen du eta horien arteko koordinazioa egitea izango da nire betebeharretako bat. Hasiera batean, bi batzorde antolatuko ditugu eskualdean: bat Aiztondo bailaran eta bestea Tolosa inguruan.

Zein da batzorde horien egitekoa?

Etxaniz: Ekarpen handia egiten da herrietatik, dela Korrika Txikia antolatzen, dela hainbat ekimen eginaz, eta noski, Korrikaren etorrera sozializatuz. Korrika maila nazionaleko ekimena izanda ere, txikitik eragiten den ekintza dela esango nuke.

Peñagarikano: Herrietako batzordeetatik korrika lekukoak saltzen laguntzen digute; batzorde horietako jendeak ezagutzen ditu herriko eragileak eta elkarteak eta haiek jakiten dute ondoen zein dagoen prest laguntzeko. Euskaltzaleek hartzen duten konpromisoagatik ez balitz, Korrika ez litzateke aurrera aterako, hori ziur. Ezingo genuke egin jendearen boluntariotza gabe eta haien eskuzabaltasuna jasoko ez bagenu. Herri mugimendu bat da gurea eta zortea dugu hemen Tolosaldean: euskara arnasten dugu gure inguruan eta ez dugu inolako arazorik jendearekin koordinatzeko.

«Ezingo genuke Korrika egin jendearen boluntariotza gabe eta haien eskuzabaltasuna jasoko ez bagenu»

Olatz Peñagarikano - Tolosaldeko AEK

Ikasleekin ere egiten al duzue Korrikaren inguruko lanketa?

Peñagarikano: Noski, eta Korrika gerturatu ahala, are eta gehiago aipatzen diegu ikasleei. Badirudi mundu guztiak ezagutzen duela Korrika baina jende askok ez daki zer den. Gure helburuetako bat bada euskal kultura transmititzea eta Korrikak hor lekua behar du. Unitate didaktikoak ere sortuak dauzkagu, gure ikasleekin ez ezik, ikastetxeetako umeekin lantzeko.

'Euskara gara' da aurtengo leloa. Zer adierazi nahi duzue horrekin?

Etxaniz: Harro Herri leloa izan zen azken ediziokoa. Harro dagoen herria baina ez konforme. Aurtengoa Euskara gara da. Euskararen mundura erakarri nahi dugun komunitateari egiten dio dei; euskarak batuko gaituen komunitateari, alegia. Lehen lerrora ekarri nahi dugu helduen euskalduntzea eta euskal hiztun aktiboentzako espazioak irabazi behar ditugu.

Peñagarikano: Larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzak berpizkunde bat behar du eta hori komunitatetik etorriko da. AEK zerbait irekia da, solidarioa, euskararen normalizazioa ardatz duena, eta zutabe horien gainean laguntzen du kulturaren transmisioan, integrazioan eta herri kohesioan.

Etxaniz: Euskara gara euskara ez delako muga, euskara arnasa delako. Eta batez ere, Korrika kolektiboa eta kohesionatzailea delako. Denok bil gaitzake.

Zein omenduko du aurtengo Korrikak?

Etxaniz: Errigora omendu nahi dugu; Korrikak aitortza egin nahi dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari, egin duen eta egiten ari den lanarengatik, baita babesa adierazi eta aurrera jarraitzeko bultzada eragin ere.

Zenbat kilometro zeharkatuko ditu Korrikak eskualdean?

Etxaniz: Lehen bueltan, martxoaren 23an, 33 kilometro inguru; eta bigarrengoan, martxoaren 28an, 19.

Peñagarikano: Eskualdean Korrikak bi sartu irten egingo ditu. Martxoaren 23an sartuko da lehenengo aldiz, astelehenez, Lizartzatik 21:30ak inguruan, Tolosan 22:30ak aldera, eta Andoainera gauerditik aurrera iritsiko da, tartean pasako ditu Ibarra, Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Aduna.

«Eskualdean Korrikak bi sartu irten egingo ditu. Martxoaren 23an sartuko da lehenengo aldiz, eta bigarrenez martxoaren 28an pasako da»

Xabi Etxaniz - Korrika arduraduna

Etxaniz: Anoetatik Villabonara joateko, nobedade bezala, ez dugu Sacem-go bidea erabiliko. Baimena eman digute N-1 errepide gaineko bidegorriko pasabide berria erabiltzeko; handik pasako da Korrika. Hori lehen egunean, gero, bigarrenez martxoaren 28an pasako da, larunbatez 12:30ak aldera, hau da, lasterketa bukatu bezperan. Kasu honetan Goierritik sartuko da eta Ikaztegieta, Alegia, Tolosa, Albiztur eta Bidaniatik pasata, Urolan utziko dugu guk.

Kilometroen salmentan ariko zarete orain. Zer egin behar da kilometro bat erosteko?

Etxaniz: Zehaztapen bat egin nahiko genuke hemen. Kilometroen salmentaren ordez lekuko hartzeak salduko ditugu aurten. Baliteke kilometro bat izatea, baina baliteke gutxiago izatea ere. Hausnarketa kolektibo bat egin da eta kilometroak mugatuak izanik, ezin ase genezake euskaltzale guztien nahia, horregatik zuzenagoa izango da lekuko hartzeez hitz egitea. Zintzoago iruditu zaigu 'lekuko hartze' kontzeptua.

Peñagarikano: Lekuko hartze bat erosteko, gurekin harremanetan jar daitezke herritarrak tolosaldea@korrika.eus helbidean, edo bestela, euskaltegiko arduradunekin hitz egin dezakete. Otsail hasiera arte, aurreko edizioan erosi zutenek edukiko dute lehentasuna. Ondoren erosle berri izan nahi dutenen txanda izango da.

«Otsail hasiera arte, aurreko edizioan lekuko hartzea erosi zutenek edukiko dute lehentasuna. Ondoren erosle berri izan nahi dutenen txanda izango da»

Olatz Peñagarikano - Tolosaldeko AEK

Hemen kostatzen al da kilometroak saltzea edo jendea gogoz egoten da ekarpena egiteko?

Etxaniz: Tolosaldea zinez euskaltzalea da eta esan didatenez, konturatzerako, lekuko hartzeek hegan egiten dute. Horien banaketa kudeatzea izango da egokituko zaidan lanetariko bat. Batek baino gehiagok Eguberri aurretik deitu eta idatzi du interesa agertuz...

Peñagarikano: Batzuetan lanak izaten ditugu lekuko hartzeak kudeatzen, baina jendea normalean kontzientea da ez dela erraza eragile asko dagoenean denei lekua egitea. Badaude eragile batzuk ohituraz toki jakin batean hartu nahi izaten dutenak eta saiatzen gara, egiten duten ekarpena egiten dutela ere, haien eskaera betetzen, baina beti ez da posible. Izan ere, geroz eta eragile gehiago animatzen da lekukoa hartzera eta hori pozgarria da. Orokorrean oso pozik gaude jendeak Tolosaldean Korrikari egiten dion harrerarekin.

Etxaniz: Beti da eskertzekoa gogo hori, ekimenean parte hartzeko gogoz eta ilusioz daudela adierazten du eta. Guk saltzen ditugun lekuko hartzeak aplikazio batean sartuko ditugu, modu horretara, lasterketak irauten duen bitartean streaming-ez zuzenean jarraitzen duenak, jakin dezan, unean berean zeinek daraman lekukoa. Saiatuko gara hori ahalik eta ondoen kudeatzen.

Zeintzuk dira Korrika laguntzeko beste moduak?

Etxaniz: Korrika laguntzaile izatea da laguntzeko modu bat: 15 euroren truke norbanako oro izan daiteke Korrika Laguntzaile –web gunean sartuz edo lehen aipatutako emailera idatziz egin zaitezke–; eta bestela, Korrika Lagun izatea da beste aukera; egunotan saltokiek gutun bat jasoko dute eta nahi duten ekarpena egin ahal izango dute ekimena laguntzeko.

Materiala erostea ere bada Korrika laguntzeko modu bat.

Peñagarikano: Bai, noski. Kamisetak, jertseak, petoak, buffak, biserak, galtzerdiak, giltzatakoak.... denetarik dugu. Gabonetako azoketan postuak jarri genituen Tolosan eta Zizurkilen eta erantzun oso ona jaso genuen. Euskaltegian badugu arropa salgai eta Korrika gerturatu ahala han-hemen postuak jarriko ditugu. 

Etxaniz: Web orrian badugu katalogo zabal bat: Korrika.eus. Hor eskaintza zabala aurki dezake nahi duenak.

Korrika iritsi aurretik egongo da Tolosaldean data edo hitzordu seinalaturik?

Etxaniz: Batzordeak aktibatzen ditugun heinean hasiko gara agenda antolatzen. Nola ez, jakinaren gainean egongo zarete eta herritarrei egiten diegun deia da parte hartzeko antolatzen diren ekintza guztietan.

Korrika amaierako festa aurten Bilbon egingo da. Hara joango zarete laguntzera?

Etxaniz: Nola ez, deitzen gaituzten tokira joateko prest gaude, baina gaur gaurkoz, eskualdea antolatzea da gure zeregin eta lehentasun nagusia. Hasi ere ez gara egin, eta egia esan amaiera (eta festa) oraindik urrun ikusten ditugu.

Peñagarikano: Normalean, bukatzen den herrialdeko AEK kideek hartzen dute antolatzeko ardura. Irizpidea hori da, baina beti behar izaten da jendea, txosnetarako txandak betetzeko edo salmenta postuetan egoteko. Eskatzen badigute gogoz joango gara, baina bestela, aukera badugu behintzat, festa pixka bat egiten saiatuko gara.

Beste zerbait esan nahi duzue?

Etxaniz: Herritar guztiak gonbidatu batzordeetan parte hartzera. Anima daitezela eta segi dezatela komunitatean txikitik eragiten, izan ere…. Euskara gara!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!