24. Korrika

Atharratzetik Bilbora izango da 24. Korrika, martxoaren 19tik 29ra

Ataria 2025eko azaroaren 13a

Iturria: Alea

‘Euskara gara’ leloa aukeratu dute 24. ediziorako, «euskara ez baita muga bat; euskara arnasa da». Errigora egitasmoa omenduko dute. 

Badator 24. Korrika. Atharratzen (Zuberoa) hasiko da, martxoaren 19an, eta Bilbon amaitu, martxoaren 29an. Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute aurkezpen ekitaldia, non AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe igo diren oholtzara. Begiristainek, lehenik, azpimarratu du Korrikaren 24. edizioak erakusten duela euskara herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa dela: «Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza... Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte- zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita».

Etxezarretak, bere aldetik, hiru mezu helarazi dizkio jendarteari. Batetik, Begiristainen hitzen ildotik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia: «Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea». Bigarrenik, presa: «Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer gerorako utzi; orain da unea»; eta zera gehitu du: «Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda». Hirugarren mezua instituzioei helarazi die. Euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, «hizkuntza-politika ausarta eta sendoaren beharra». 

Euskara gara
Ondoren, Korrikaren mezua azaltzeko, Korrika arduradun Ane Elordi Alburquerquek hartu du hitza. Euskara gara leloak jendartea du helburu: «Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da». Euskarak jendarteari arnasa ematen diola aipatu du: «Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...».


Errigorari gorazarrea
24. Korrikak Errigora omenduko du; Korrikak aitortza egingo dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den ekimen herritarrari egiten ari den ahaleginarengatik, eta babesa ere adierazi nahi dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko. Elordik adierazi duenez, «Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere».

Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika Laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere: «Guztioi esker, euskara gara».

Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea. Izan ere, aurkezpen honekin batera piztu da Korrikaren garra, eta, euskararen aldeko lasterketa martxoan izan arren, bitartean hamaika hitzordu egongo dira, Korrika Kulturala kasu. Hala, Kaka antzezlana —Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekaren irabazlea— izango da ikuskizun nagusia. Hilaren 19an estreinatuko da Donostiako Antzoki Zaharrean; ondoren, hainbat herritan ikusteko aukera izango da.

Eraman Korrika poltsikoan

Korrika doako aplikazio berritua ere gaurtik aurrera egongo da eskuragarri, Android eta IOS sistema operatiboentzat. Bestalde, Korrikaren arropa eta petoa ere eskuragarri daude, Hiriburuetako Korrika dendetan eta online dendan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!