Bigarren deialdira begira

Ataria 2025eko urriaren 27a

Ostiralean banatu zituen ATARIAk Tolosaldea Zure Ahotik Bideo-Podcast Lehiaketako sariak.

Tolosaldea Zure Ahotik Bideo-Podcast Lehiaketako sari banaketa egin zen ostiralean, Villabonako Subijana etxean. Eskualdeko 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduriko lehiaketa izan da eta Laboral Kutxak babestu du. Guztira zazpi taldek hartu dute parte lehen edizio honetan. Zer diozu Tolosaldeaz? galderari erantzun diote, eta euren irudimena eta trebezia uztartu dituzte.

16 eta 18 urtekoen saria Joana Hernandez, June Makibar eta Mireia Larretak osatutako Gure Xarma taldeak eskuratu du Euskararen oihartzuna Tolosaldean lanarengatik. ATARIAk bertakoa eta gertukoa zaintzeko duen konpromisoari jarraiki, Tolosa, Villabona eta Ibarrako dendetan gastatzeko 400 euroko bonu banarekin saritu ditu.

12 eta 15 urte artekoen saria Neomak taldeak irabazi du, hau da, Maitane Lasak, Oihane Blancok eta Nahia Elosegik. Tolosaldea irratia izeneko bideo-podcasta egin dute eta taldekide bakoitzak 300 euroko bonu bana jaso dute, hauek ere Tolosa, Villabona eta Ibarrako dendetan gastatzeko.

Hirugarren sari bat ere banatu du ATARIAk, Laboral Kutxarekin elkarlanean, webguneko erabiltzaileen saria, hain zuzen. Bozka gehien Tolosaldeari Bira izeneko lanak jaso du, eta honenbestez GIM taldea osatu duten Danel Maizak, Julen Inzak eta Ekhi Garrok ATARIAko urtebeteko harpidetza digital bana eta materiala jaso dituzte.

ATARIAk eta Laboral Kutxak lan guztietako egileei egindako lana eskertu nahi diete.

Datorren urtera begira

Deialdia arrakastatsua izan da eta eskualdearen ezagutza zabaltzeko, euskara indartzeko eta ahozkotasuna lantzeko dituen balioak sustatu nahian ATARIAk eta Laboral Kutxak bigarren edizio bat antolatzea adostu dute. 2026-2027 ikasturtean izango da hori, eta ATARIAk aurrez emango ditu xehetasun guztiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!