Eta zer ez da (ez)berdin

Amaia Azkue eta Aiara Agirrezabala aurrez aurre

Ataria 2025eko urriaren 2a

Hainbat urtez politikagintzan aritu eta gero, hezkuntza arloan ari da gaur egun Amaia Azkue. Aiara, alaba, berriz, Realeko lehen taldean ari da lehiatzen, pasa den denboraldian debutatu ondoren.

 

Zuretzako zer da parekoa? 

Azkue: Alaba, eta, eguneroko kezken eta pozen iturri, eta nire euskarrietako bat.

Agirrezabala: Ama. Txikitatik erreferente izan dudana, eta bizitzako hainbat momentu elkarbanatzeko konfiantza transmititzen didan pertsona.

Nola definituko zenuke?

Azkue: Langilea, arduratsua eta konprometitua da. Bereziena zera du halere, duen adinarekin, ideiak garbi dituela. Ondo daki zerk sentiarazten duen ondo, eta zein behar dituen ondo sentitzeko.

Agirrezabala: Oso txeratsua da, eta ingurukoak zaintzea eta ondo sentiaraztea gustatzen zaio. Beti entzuteko prest dagoen pertsona da.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz? 

Azkue: Egoera zail eta berrietan, haiek aurrera eramateko dituen tresna positiboak.

Agirrezabala: Niretzat onuragarria dena, askotan ez daukat hitzekin azaldu beharrik jakiteko zer ari naizen pentsatzen. Hain ondo ezagutzen nau jada…

Zerbait ez hain positiboa parekoaz? 

Azkue: Haizeak jotzen dionean lekuz kanpo uzten gaitu askotan, eta ez dugu jakiten nondik hartu.

Agirrezabala: Etxeko lanetan daukan zorroztasuna. Askotan bere erara egitea gustatzen zaio eta…

Nora joango zinateke gustura parekoarekin? 

Azkue: Jakinda oraindik ere nerabe bat dela, aipatzen dizkidan plan guztiei baiezkoa ematen diet. Gustura joango nintzateke berarekin soilik bidaitxo bat egitera egun batzuetarako.

Agirrezabala: Mendira edo arratsalde pasa bat egitera hondartzara. Oporretara egun batzuk pasatzera ere joango nintzateke.

Berarekin pasatako une bereziren bat. 

Azkue: Azkenaldian futbolaren munduan izan ditugun garaipenak eta momentu berezi horiek familiakoek berarekin bizitzeko aukera izan dugu. Beste momentu berezi bat Donejakue bidea egitera joan ginenean biok eta nire lagun bat.

Agirrezabala: Munduko Txapelketara joan nintzenean, egun batzuek pasa nituen bertan, eta bi astera gurasoak iritsi ziren. Haiek han ikustea ederra izan zen. Bertan bizitako gauza guztiak gogoratzen ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!