Berastegiko ama-alaba ezagunenak dira zalantzarik gabe Amaia Azkue (Villabona, 1983) eta Aiara Agirrezabala (Berastegi, 2008). Amaia, ama, hainbat urtez irakasle izan eta gero, herriko alkate izan zen bi legealditan, aurretik lau urtez zinegotzi izan eta gero. Aiara, alaba, berriz, Realeko lehen mailako jokalaria da, aurreko denboraldian debuta egin eta gero. Liga hasierako jokalari nabarmenetakoa izaten ari da.
Nolako umea zen Aiara txikitan?
Amaia Azkue: Orokorrean, Egoitz beste semea bezala, ume errazak izan dira. Lehen urteetan oso lotuta egon ginen, gehienbat denbora luzez egon zelako bularra hartzen [barrezka]. Oso kirolaria izan da anaiaren antzera, eta haren arrastoan ibiltzen zen. Bere izaera badauka, baina esanekoa ere izan da. Beti kirolaren inguruan murgilduta ibili izan da, bai baloiarekin, bai erraketarekin…
Baloia beti besapean eramaten zuen horietakoa izan zara?
Aiara Agirrezabala: Hori esaten dute! Futbola beti izan dut gustuko, baina berdin gustatzen zitzaizkidan pilota edo erraketa. Kirola zen guztia egiten nuen!
Erraza izan al zen hainbat urtetan alkatearen alaba izatea?
Agirrezabala: Oso gaztea nintzen eta ez nintzen asko jabetzen horretaz.
Zu Amaia, nola murgildu zinen politikagintzan?
Azkue: Villabonan bizi nintzenean ere gauza askotan hartzen nuen parte, eta Berastegira bizitzera joan nintzenean ere berdin jarraitu nuen. Berastegin jada 23 urte daramatzat, eta, hasieran, herrian integratzeko ere ondo etortzen da herrigintzan aritzea. Herrian egiten ziren hainbat bileretara joaten hasi nintzen, eta horrelakoetan beti izaten da ondoan gauzak egitera animatzen zaituena. Bizitzako erabaki asko nire kabuz hartu izan ditut. Ziur nago politikarako erabakia familian eztabaidatu izan banu, atzera botako nindutela [barrezka]. Egunero ikasten da zerbait politikan, eta azkenerako hamabi urte joan dira bidean. Egia esan, oso gustura egon naiz denbora honetan guztian. Beti izan dut gauzak aurrera ateratzeko nahia.
Zuri Aiara, Tolosako futbol taldean hainbat urte egin eta gero, noiz iritsi zitzaizun Realera joateko aukera?
Agirrezabala: Ez dakit ziur noiz izango zen! Gurasoei deitu zieten lehenik, eta haiek ez zidaten ezer aipatu hilabete batzuetan. Teknifikazio saioetara joaten hasi nintzen lehenik, baina COVIDarengatik ezin izan nuen joan deialdi haietako batetara.
Azkue: Gabon batzuetan deitu ziguten. Ilusio handiz jaso genuen deia, eta Aiararentzat opari bat balitz bezala jaso genuen. Etxean beti izan gara oso zuhurrak, eta deitzen zioten aldiro beti esaten genion opari bat zela, eta gozatzeko momentu hura. Maiatzean, denboraldia amaitu zenean esan genion Aiarari Realak fitxatu nahi zuela.
Agirrezabala: Esan zidatenean aipatu nien ea zergatik ez zidaten lehenago esan nire kontu bat izanda! Orain, hausnartzen hasita, normala iruditzen zait.
Aiarak Realean burua ateratzearekin batera utzi zenuen zuk politika, Amaia.
Azkue: Kasualitatez hala izan zen, eta ez naiz batere damutzen. Utzi baino urtebete lehenago erabakia hartuta neukan. Nabaritzen nuen jada ez nuela ilusio berdinarekin jarraitzen politikan. Beste modu batera ikusten hasi nintzen gauzak. Txispa galtzen hasi nintzen, eta orduan konturatu nintzen uzteko garaia zela. Seinale bat izan zen hura. Batzar Nagusietan ere egon nintzen, baina argi neukan, alkatetza uzten banuen bestea ere utzi egingo nuela. Hamabi urteko eszedentzia amaitu eta berriro irakaskuntzara itzultzera nindoan, eta lasai itzuli nahi nuen.
Etxean ospatu zenuten amak politika uztea?
Agirrezabala: Ez daukat oroitzapen berezirik une hartaz, baina denborarekin konturatu ginen zenbat denbora pasatzen zuen etxetik kanpo. Etxean maizago ikusten hasi ginenean arraroa eta dena egiten zitzaigun.
Denborarekin, alkatearen alaba izatetik, ama pasa da orain Realean jokatzen duen Aiararen ama izatera?
Agirrezabala: Herritik kanpo batzuentzat bai, baina herrian oraindik ere alkate ohiaren paperarekin jarraitzen du.
Azkue: Gertatu izan zitzaidan, alkatetza utzi ondoren oraindik ere baten batek kalean gelditzea. Orain egun gutxi, Emakundeko zuzendariak oraindik ere «gure alkatea» bezala agurtu ninduen!
2025/2026 denboraldia bikain hasi duzu, lau partidetan hiru gol sartu dituzu. Historiara ere sartu zara.
Agirrezabala: Denboraldi hasieran zalantza asko nituen jokatuko ote nuen edo ez. Aulkian egoteko aukerak ere banituen, edo minutu gutxi jokatzekoa. Zorionez, jokatzen ari naiz, eta, egia esan, denboraldi hasiera hau ez genuen espero ez nik eta ezta ingurukoek ere. Taldearen joko sistemak asko laguntzen dit, eta gora igotzeko joera handia dut. Hiru golak horrela iritsi dira. Lehen partidan lortutako lehen gola nola ospatu ere ez nekien! Bigarrengoarekin partidatik atera egin nintzen. Ez nekien bi gol horiekin historiara pasa nintzela.
Azkue: Gu ere Madrilera joan ginen bera ikustera, nahiz eta zalantzak genituen. Abuztuaren 31 zen, eta hurrengo egunean lanean hasi behar nuen, arratsaldeko seietan zen gainera… Pentsatzen hasita ere ez duzu horrelako zerbait espero. Oso urduri jarri nintzen! Lehen ere, nire jardunagatik asko sufritu izan dut une askotan, baina alaba ikustera joatean beste sufrimendu mota bat da. Tentsioa, sufrimendua, kezka eta poza biltzen zaizkit aldi berean. Momentuz jokatzen ari da, eta oraingoz alde polita ezagutzen ari gara. Ziur beste aldea ezagutzea ere tokatuko zaigula, eta haiek beste bizipen batzuk izango dira.
Zuk Amaia, politikagintzan egun txar bat izaten zenuenean, norengana jotzen zenuen penak asaskatzera?
Azkue: Uf… Askatu etxean ez, baina ziur bertan izaten nituela jarrera okerrenak [barrezka]. Une txar horietarako, benetan ondo ulertuko zaituen erreferente batzuk izaten dira. Zenbait gaiekin oso zaila da gertukoengana joan eta haiek zu ulertzea. Une zehatz batzuetan eta gaiaren arabera, jakin behar izaten da norengana joan. Nik, esaterako, emakume politikari erreferenteei errazago kontatzen nizkien nire zalantzak edo ezjakintasunak.
Bai politikan eta baita futbol profesionalean ere, asko sentitzen den gauza bat presioa omen da. Nola eramaten duzue?
Agirrezabala: Geroz eta maila altuagoan jokatu, presioa asko areagotzen da, bai jolasteko garaian, ingurukoek eskatzen dizutena egiteko garaian edo partidak ikustera doazenei zerbait erakusteko garaian. Klubean baditugu baliabideak presioa lantzeko, bai taldeko psikologoa, edo entrenatzailea ere. Bestela, etxekoengana jotzen dut penak kontatzera!
Azkue: Sentitzen da presioa, bai, zalantzarik gabe. Politikan egonda eta herri txiki bateko alkate bezala, denek ezagutzen zaituzte, eta beti erdigunean zaude. Momentu horretan ez duzu irakurketa hori egiten, baina beti zaude jendearen ahotan. Lehen urteetan batez ere, ematen du beti demostratu behar dela zer egiten duzun, eta alkatetzako bulegoak beti irekita egon behar duela. Kanpora begira egiten da lan asko, eta horrek sortzen du presioa. Ikusten ez diren gauza askotan egin behar izaten da lan. Urteak aurrera joan ahala, ikuspegi hori asko aldatzen da, eta egoera gehiago kontrolatzen hasten zara. Gauzek bere denbora behar dutela ikasten joaten zara. Jendeari tamaina hartzen hasten zara, baina hala ere denekin ondo gelditzea oso oso zaila da. Inoiz lortzen ez den gauza bat da. Inguruan talde on bat izatea ezinbestekoa da politikan.
Pertsonaia ezaguna izatearen alderik onena eta txarrena zein da?
Azkue: Nik ez diot gauza negatiborik ikusten. Alde ona, berriz, jende on asko ezagutzen dela bidean. Orain, leku askotan jende ezagun asko topatzen dut, eta etxekoak kexa izaten dira horrekin. Denekin gelditu behar izaten dut hizketan!
Agirrezabala: Ezagun izatearen alde txarrik oraindik ez dut ezagutzen. Alde onak, berriz, jendearentat ezaguna zarela.
Azkue: Aiarari, tarteka, sinadurak eskatzen dizkiote, eta hori ere oso polita da, batez ere ondoan umeak ikusten dituzunean. Askorentzat, agian, etorkizunean erreferente izango da.
Zuk Araia, zein izan zenuen erreferente?
Agirrezabala: Umetan futbola ikustea ez zitzaidan gustatzen. Reala jarraitzen nuen beti etxeko taldea zelako, baina gizonezkoena gehiago. Nire erreferentea Antoine Griezmann zen.
Zer hartuko zenukete batak bestearengandik?
Azkue: Bere freskotasuna hartuko nuke. Adin horrekin konplexurik ez izatea, berak duen ausardia… Bere bidea egiteko dituen baliabideak ere hartuko nituzke.
Aiara: Bere esperientzia hartuko nuke.