Jaiotza kopuruen jaitsiera ez da azken egunotako albistea, ezta asteotakoa ere. Ia hamarkadak atzera egin behar da grafikoetan, beherakada nabaritzeko. Eustatek jasotako datuen arabera, EAEn, 2011z geroztik, nabarmen ari da jaisten jaiotza kopurua. Urte hartan, 21.180 haur jaio ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iaz, berriz, 12.937. 14 urtetan, beraz, ia % 40 jaitsi da jaiotza kopurua.
Baina, jaitsiera ez da Euskal Autonomia Erkidegoan soilik gertatu. Gurera etorrita, eskualdean, hamar urtetan, % 30 jaitsi da jaiotza kopurua. 2015ean, 495 haur jaio ziren eskualdean; 2024an, 348 jaiotza izan ziren. Urteetan atzera eginda, ikusi daiteke beherakada nabarmenagoa dela. Izan ere, 2004tik 2012ra bitarte, urtero jaio ziren 500 haur baino gehiago.
Jaiotza kopuruen jaitsiera, ordea, ez da lehen aldiz gertatu Tolosaldean. Aurreko mendeko azken urteetako datuekin alderatuta, gaur egungo datuak oso antzekoak dira. Euskal Estatistika Erakundearen arabera, 1988tik 1997ra bitarte, ia urtero, 400 haur baino gutxiago jaio ziren eskualdean; 1992an soilik gainditu zen langa hori –402 jaiotza izan ziren–, eta 1994an, esaterako, iaz baino haur gutxiago jaio ziren: 337. Azken hamarkada horretan ere jaitsiera bat izan zen, 1970eko eta 1980ko hamarkadetako datuekin alderatuta. EAEn ere antzeko egoera jazo zen XX. mendeko azken urteetan.
Ondorioz, argi dago, datuek hala erakusten dutelako, urtero, geroz eta haur gutxiago jaiotzen dela, bai EAEn, baita Tolosaldean ere. Baina, gaur egun gertatzen ari den jaitsiera ez da lehen aldiz gertatzen ari. Hori dela eta, askok pentsa dezakete gorabehera handiko ziklo berri batean murgilduta egon gaitezkeela, baina adituek ez dute ikusten horretarako arrazoirik, batez ere, jaitsiera oso nabarmena izaten ari delako. Azken hiru urtetan, eskualdean, 348 haur jaio dira, bataz beste. Aurreko bosturtekoan, 400dik gora jaiotza izan ziren, bataz beste.
Soziologo askoren iritziz, ezegonkortasun ekonomikoa eta emantzipazio berantiarra dira egoeraren arrazoi nagusiak. Gazte askorentzat arazo bilakatzen ari da guraso izatea, bere gurasoen etxean bizitzen jarraitzen dutelako, eta egoera hori, familia berri bat osatzeko asmoak atzeratzea eragiten ari da. Bestetik, kontziliazio politikak betetzeko beharra dago. Izan ere, emakume askok, haur bat izateagatik, bere lanpostua galtzeko beldurra izaten dute. Baliabide ekonomikoak, baina, ez dira arrazoi bakarra. Lanean ari diren eta etxebizitza bat duten zenbait gaztek, segurtasun eza eta beldur pertsonala sentitzen dute. Uste dute gaur egungo gizartea ez dela egokiena haur bat hazi eta hezteko.
Herri ertainetan, beherakada nabarmenagoa
Eskualdera etorrita, eta herriz herriko datuak aztertuta, zenbait kasu bereiz ditzakegu. Anoetan, Iruran, Amasa-Villabonan eta Zizurkilen, adibidez, jaitsiera nabarmena izan da azken hamarkadan. Lau herrietan, erdira jaitsi da jaiotza kopurua. Ibarran eta Alegian ere behera egin du haur jaioberrien kopuruak, baina ez horrenbeste.
Xabat Laborde Villabonako alkateordeak esan du, udalean bertan, «behin baino gehiagotan» hitz egin dutela jaiotza kopuruaren beherakadaren inguruan. «Zuzenean eragiten die hezkuntza zentroei, batez ere, azken urteotan, haurtzaindegiari. Matrikulazio garaian, zailtasunak izaten dituzte ikasgelak osatzeko. Eskoletan arazoak dauden moduan, musika eskolan nahiz kiroldegiko ikastaroetan ere ari dira eragina pairatzen», adierazi du.
Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea ere jakitun da egoeraz. Aitortu du udalak ez duela azterketa sakonik egin, eta nabarmendu du, azken bosturtekoan, «datu adierazgarriak» izan dituztela ikastetxeetako eta musika eskoletako izen emateetan.
Asteasun ere behera egin zuen, iaz, haur jaioberrien kopuruak. Bertakoa, baina, egoera berezia izan daiteke. Izan ere, 2024an, bost haur jaio ziren. 2015etik 2023ra bitarte, ia urtero hamar haur baino gehiago jaio ziren bertan; bataz beste, hamaika jaioberri izan ziren urteko.
Azken bi urteetako datuak kontuan izanez gero, Leaburun aldaketa nabarmena gertatu da. Bi haur soilik jaio ziren 2023an eta 2024an. Aurreko hiru urtetan, bederatzi jaioberri izan ziren bertan. Antzeko zerbait gertatu da Adunan. 2022tik 2024ra bitarte, bost haur jaio ziren bertan; aurreko hiru urtetan, berriz, 15.
Bi herritan, gorakada
Azken urteetan, baina, badira jaiotza kopuruan gorakada izan duten bi herri Tolosaldean: Berastegi eta Hernialde. Hernialden, 2015etik 2019ra bitarte, hiru haur jaio ziren; 2020tik 2024ra bitarte, berriz, 14. Berastegin, are gehiago egin du gora jaiotza kopuruak. 2023an eta 2024an, hamalauna haur jaio ziren bertan. 2015etik 2020ra bitarte, urteko, bataz beste, 8 haur jaio ziren Berastegin; 2021ean eta 2022an, berriz, bost eta lau, hurrenez hurren.
Ia haurrik gabe
Txanponaren bestaldean, berriz, Orexa eta Gaztelu daude. Orexan, hiru haur jaio ziren 2015ean. 2016tik 2024ra bitarte, baina, haur bakarra jaio zen herrian. Gazteluren kasuan, 2015etik 2020ra bitarte, hamar haur jaio ziren. 2021etik 2024ra bitarte, bi besterik ez ziren jaio. Altzon ere beherakada nabarmena izan da. 2022an, sei haur jaio ziren; 2023an, bost; iaz, haur bakarra jaio zen bertan; aurten, ez da bakar bat bera ere jaio; eta datozen hilabeteetan, ez dute jaioberririk aurreikusten. Ondorioz, haur eskola itxi behar izan dute.
Etxebizitza berrien beharra
Lehen aipatu moduan, teorian guraso izateko adinean dauden eskualdeko herritar askorentzat, emantzipazioa izaten ari da arazo handiena. Zenbaitek, etxe berri batera bakarrik joateko zailtasunak dituzte, baina bikoteen kasuan ere, egoera konplexua da. Horrek, noski, familia berri bat sortzeko aukera gutxiago dakartza.
Villabonan duela gutxi onartu zuten Etxebizitza Plana. Alkateordeak uste du bizitoki berrien beharra dutela herrian: «Azken urteotan ez da promozio aipagarririk egin, txikiren bat besterik ez. Eskaintza falta handia da. Planean jasota dagoen moduan, ahal dela, babestutako alokairu eskaintza zabaldu nahi dugu, hau da, hutsik dauden etxebizitzak merkatura atera».
Alkateordeak nabarmendu du, etxebizitza berriak eraikitzeak, haurrak izateko adinean dauden herritarrak bertan geratzeko aukera areagotzea ekarriko lukeela. Hala ere, jakitun da horrek ez lukeela zuzenean eragingo haur jaioberrien hazkundean. «Herriko gazte askok herritik kanpo bilatu behar izan du bizitokia, eta guk, neurri batean, hori saihestu nahi dugu datozen urteetan», esan du Labordek.
Zizurkilen ere etxebizitza berrien beharra azpimarratu du alkateak. «Azken hamar urteetan ez da bakar bat ere eraiki. Gazte ugari dago herrian, eta bertan gelditu nahi duten arren, ez daukate horretarako ia aukerarik. Ondorioz, beste herri batera joan behar izan dute askok. Pena handia sentitzen dugu, baina errealitatearen isla da, eta ezin diogu bizkar eman», azaldu du Amenabarrek.
Alkateak gaineratu du «eskuak lotuta» dituztela. «Ez daukagu lurzoru publikorik, etxebizitza proiektuak garatu ahal izateko. Kontziente gara etxebizitza plana ere zaharkituta dagoela, eta gaur egungo proiektuak aurrera eramateko oztopo bat izaten ari dela. Beharrezkoa da gaur egungo errealitateari erantzungo dion plan orokor bat sortzea». Zenbait erronka landu eta epe motzean martxan jarri nahi dituztela esan du Amenabarrek. «Ez da izango erantzun orokor bat, eta arazoa ez dugu guztiz konponduko».
Gaur egun, bi etxebizitza proiektu daude martxan Zizurkilen; biak ere, eraikuntza enpresa pribatuak garatuko dituzte, eta horietako bat, «oso garatuta» dagoela esan du alkateak. «Udalak, ordea, ezin du prezioan eta baldintzetan eragin, proiektu pribatuak direlako», adierazi du.
Migrazioaren eragina
Zenbait herritan, jaiotza kopuruak behera egin duen bezala, heriotza kopuruak ez dira areagotu. Horrek, herri horietako biztanle kopurua mantentzea, edo kasu batzuetan areagotzea, eragin du. Egoera demografikoaren egonkortzean, baina, bada beste faktore garrantzitsu bat: migrazioa.
Batzuk, barne-migrazioa deiturikoa egiten dute. Inguruko herri edo eskualdeetatik lekualdatzen dira, batez ere, etxebizitzaren prezioan dagoen aldeagatik. Beste batzuk, berriz, kanpo-migrazioaren parte dira. Europako beste herrialde batzuetatik, Afrikatik nahiz Hego Amerikatik etortzen dira, bertan dutena baino bizimodu hobe baten bila. Normalean, etorkin gazteak izan ohi dira.
Laborderen ustez, Villabonan, biztanleria datuei eutsi eta jaiotza kopuruak behera nabarmen egin ez dezan, arrazoietako bat etorkinek seme-alabak izatea da. «Migrazio hori gertatuko ez balitz, egoera are larriagoa izango litzateke».
Amenabarrek aitortu duenez, Zizurkilen ere atzerritar askok errotu du bere bizitza, eta haurrak izan ditu. «Gaur egungo egoerari erreparatuta, migrazioa ezinbestekoa da, eta modu naturalean bizi beharko genuke. Herri batetik besterako mugimendu handia dago gaur egun, batez ere, etxebizitza aukeragatik».

