ERREPORTAJEA

Ume bakarrarekin, haur eskolarik ez

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko urriaren 5a

Altzoko haur eskola itxita dago. J.A.D.

Eustaten datuen arabera, Altzo izan da azken urteotan jaiotza kopuruan jaitsiera nabarmenena izan duen herria. XXI. mendeko lehen hamarkadan, bataz beste, bost haur jaio ziren, urteko. Bigarren hamarkadan, kopuruek behera egin bazuten ere, urtero gutxienez bi edo hiru haur jaiotzen ziren. 2022an, sei haur jaio ziren, eta hurrengo urtean, bost.

Bazirudien zifrak ez zirela kezkatzeko modukoak, baina azken bi urteetan gertatu da beherakada. Iaz, haur bakarra jaio zen Altzon, eta Eustatek aurtengo datuak ez baditu ere, Ataria-k jakin du 2025ean bi haur jaioko direla, biak ere, urte amaieran.

 

Jaitsiera nabarmen horrek, ondorio larri bat ekarri du herriarentzat: haur eskola itxi behar izan dute. Ainara Garcia zinegotziak aitortu du «kezkatuta» daudela egoerarekin. «Ikasturte honetan ez zegoen haur eskola martxan mantentzeko nahikoa ume», azaldu du. Garciak esan du herritarrak orain jabetu direla itxieraz, eta udalean bezala, kezka eragin duela. «Gu, ordea, jakitun ginen egoera honetara heldu gintezkeela, aurreikusten genuen, eta azkenean, iritsi gara».

Beranduago, eskolan

Gerora, haur gehiago jaiotzen badira, haur eskola berriz irekitzeko aukera izango dutela aitortu du zinegotziak. «Partzuergoarekin adostasun batera heldu gara. Urtean hiru haur baino gehiago jaioko balira, kasua aztertuko lukete, eta esan ziguten, beraien aldetik, prestutasun osoa zutela berriz irekitzeko».

Garciak, baina, gaineratu du, datozen urteei begira, aurreikuspena ez dela ona. «Epe motzean ez da espero haur gehiago jaiotzea. Aurten, haur eskolan izan du eragina jaiotza kopuruaren beherakadak, baina horrek esan nahi du aurrerago eskolan bertan izango duela eragina. Urte batzuk barru, eskolara bideratuko da arazoa. Horregatik, kezkatuta gaude, baina argi dugu udalak eta herriak aurre egingo diogula egoerari».

Etxebizitza berriak, 2027rako

Demografia arazoari aurre egiteko, udalaren erronka handienetako bat herriko gazteak herritik ez joatea dela adierazi du Garciak. «Hori dela eta, mahai gainera ekarri dugu etxebizitzaren gaia, eta martxan jarri ditugu bizitoki berriak eraikitzeko proiektuak. Zerrendak ireki ditugu, eta aurreikusten dugu 2027rako etxebizitza berriak eraikita egotea. Gazteek hemen geratzea erabakitzen badute, aukera gehiago izan ditzakete haurrak edukitzeko. Hori, baina, ezinezkoa izango da epe motzean lortzea. Oro har, erronka handia dugu eskuartean, ez Altzon bakarrik, gizarte osoan baizik».

Erlazionatuak

Jaiotza gutxiago, eta kezka ugaritzen

Josu Artutxa Dorronsoro urr 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!