Berastegi da, azken urteotan, eskualdean jaiotza kopuruan hazkunde nabarmenena izan duen herria. 2023an eta 2024an, 28 haur jaio ziren, 14na urte bakoitzean. 2021ean eta 2022an, berriz, bost eta lau, hurrenez hurren. Gorakada hori nabaritu dute guraso elkartean. Uxue Gorostarzu bertako kidea da, eta Ixiar Atxukarro duela urte batzuk izan zen bertako partaide. Biak ere, hiru haurren amak dira, eta duela gutxi igaro dute azken haurdunaldia. «Oso gustura» daudela aitortu dute.
Nola bizi izan duzue azken urteetako jaiotza kopuruaren bilakaera Berastegin?
Ixiar Atxukarro: Beti izan dira gorabeherak kopuruetan. Ni jaio nintzen urte berean, haur gutxi jaio ziren; aurrekoan eta hurrengoan, ordea, gehiago. Egia da azken urteetan kopuruak esanguratsuak izaten ari zirela. Lehen, akaso, haur gutxi jaiotzen ziren urtean, ez ziren horren gutxi izaten, gaur egun bezala.
Nik iaz izan nuen hirugarren haurra, eta jakinda aurreko urtean 14 ume jaio zirela, uste nuen iaz ez zirela horrenbeste jaioko. Bada, gerora, haurdun zeuden herritarrak zenbatzen hasi ginenean, eta beste horrenbeste jaioko zirela jakin genuenean, poza sentitu nuen. Batetik, nire haurrak lagunarte zabala izango duelako. Bestetik, herritar kopurua nabarmen areagotuko delako, eta horrek Berastegiri bizia emango diolako.
Uxue Gorostarzu: Jaiotza kopuruaren beherakada kezka handiarekin saltzen diguten egoera da. Bada garaia zaintza eta bizitza erdigunean jarri eta diskurtsoa hortik eraikitzeko. Zer hobetu asko dago, eta agintariak benetan kezkatzen dituen gaia bada, horri buruz hitz egin beharko da. Lau hormako arazo modura hartzen da, eta ez da hala; gizarteko arazo bat da.
Gehienetan, gurasoak edukitzea izaten da haurrak izateko baldintza, haiek zaindu ahal izateko norbait egon dadin. Bestela, askok uste du salduta egongo liratekeela. Guraso izateko erabakia hartuz gero, ezinbestekoa da laguntzak ematea. Kanpotik begiratuta, kontziliazioa oso polita da, baina errealitatean ez da hala. Nik, zorionez, amaren laguntza izaten dut, eta asko errazten dit bizitza. Askok, baina, ez daukate zaintzarako sarerik, eta nire ustez, beharrezkoa da. Guztiek ez dituzte aukera berdinak, eta hori mahai gainean jarri beharra dago.
Azpimarratzekoa da urtean 10 haur baino gutxiago jaiotzetik, bi urtetan 28 haur jaiotzera igarotzea.
Gorostarzu: Kasualitate hutsa izan da. Hori bai, herriko gazte askok egin dugu azken urteotan bertan bizitzen gelditzeko hautua, eta hori, neurri handi batean, udalak egindako lanari esker izan da. Zenbait etxebizitza berri egin dituzte, eta ondorioz, herritarrei bertan gelditzeko aukera eman diete. Gainera, herrian bertan geratu garenak adin bertsukoak gara, eta horrek ere asko laguntzen du. Antzeman dudanez, belaunaldi berriek ere hemen gelditzeko asmoa daukate, nahiz eta horrek ez duen ziurtatzen haurrak izango dituztenik.
Zergatik uste duzue hazi dela horrenbeste kopurua?
Gorostarzu: Etxebizitzaren kasuari helduz, argi dago hemen edo Tolosan etxe bat erostea ez dela gauza berdina. Hemen prezioak nahikoa eskuragarriak dira, batez ere, pisua bikotean erosiz gero.
Atxukarro: Horrez gain, etxea bikotean erosi dutenen kasuan, gehienetan behintzat, biek egiten dute lan, eta horrek, asko errazten du haurrak izatea erabakitzea.
Gorostarzu: Era berean, baserri asko ditugu herrian, baina zenbaitek ez dute animaliarik. Nabarmentzekoa da horietako batzuetan, familiek, etxebizitza berriak sortzeko hautua egin dutela. Hartara, eraikin berean bizi dira gazteak, haien gurasoekin, eta bertan eraiki dute familia berria.
Zuen kasuan haur bat baino gehiago dituzue. Ez zenuten zalantzarik egin, ezta?
Atxukarro: Nire kasua nahikoa berezia da. Dagoeneko nerabeak diren bi haur ditugu, eta iaz izan genuen hirugarrena. Betidanik nahi izan dugu familia ugaria osatzea.
Gorostarzu: Guraso izan baino lehen, hiru ume izateko asmoaren inguruan hitz egiten genuen etxean. Lehen haurra jaio ondoren, baina, ez genuen oso argi, hainbat arrazoirengatik. Hala ere, bigarren haur bat izan nahi genuen, eta gure sorpresarako, bikiak izan genituen. Ondorioz, hiru haur ditugu. Familia ugaria gara, eta oso gustura gaude.
Gurasotasunaren lehen etapan gaude, eta oraingoz ez daukagu arazorik gastu ekonomikoei dagokienez, baina, ziur naiz, beranduago gerrikoa estutzea egokituko zaigula. Guraso izatea erabakitzen duzunean, zenbait gauza alde batera utzi behar izaten dituzu, baina niretzako inbertsio bat da seme-alabak izatea.
Berastegin, guraso elkarte bat duzue. Elkarteko kideen artean hitz egin izan duzue gorakada honen inguruan?
Gorostarzu: Aurten, ia 100 haur daude eskolan, eta hori datu azpimarragarria da. Kontuan izan behar da 12 urte dituztenean joaten direla Tolosara. Horrez gain, ia egunero, plazan sekulako giroa egoten da, batez ere, ostiral arratsaldetan. Irudia oso polita izaten da. Bizirik dagoen herri bat da, eta gure haurrak dira herriaren etorkizuna.
Atxukarro: Herri bizia izateko, ezinbestekoa da herritar guztien parte hartzea. Gure seme-alabak horretara bideratzen saiatzen gara, hau da, herria bizirik mantentzeko lan egin dezaten.
Zuen ustez, hurrengo urteetan azken urteetako kopuruak errepikatuko dira, hazten jarraituko dute, edo jaitsiera gertatuko da?
Atxukarro: Azken urteetan, guraso gehienok, bigarren edo hirugarren haurrak izan ditugu, hau da, ez gara lehen aldiz guraso izan. Baliteke familia horiek haur gehiago izatea, baina oso zaila iruditzen zait. Etxeak egiten ari dira, salgai daude, eta gazteak badaude herrian, hemen bizitzen geratzeko moduan. Horren hautua eginez gero, baliteke aurrerago haur berriak jaiotzea herrian. Urteren bat edo beste izan daiteke haur jaioberri gutxiagorekin, baina pentsatzen dut, orain arteko joera ikusita, zifrak mantenduko direla.
Zer esango zeniekete gazte horiei haurrak izatera animatu daitezen?
Gorostarzu: Gaur egun, pribilegiatuak gara, erabaki dezakegulako. Batetik, norberak nahi izan behar du, eta bikotean bada, biek nahi izan behar dute. Gero, posible izan behar duzu. Posible duen eta nahi duen hori, noski animatuko nukeela. Bizitzan egin dezakezun gauzarik onenetakoa iruditzen zait. Aldaketa handia da, baina bueltan asko ematen dute haurrek.
Atxukarro: Berastegik animatzen ditu herritarrak haurrak izatera. Txikia da, baina zerbitzu asko dauzka, besteak beste, haur eskola eta eskola. Behin haurrak izanez gero, erraztasuna ematen dute. Herri bizia da, lasaia, eta nahiko ondo komunikatuta dago herri handiekin. Horrek ere motibatzen ditu gazteak pauso hori ematera.
Gorostarzu: Haurrak hezteko herri egokia da. 12 urte bete arte egoten dira eskolan, eta maila bakoitzeko ikasle taldeen tamaina oso egokia izaten da. Bestetik, herritarrok elkar ezagutzea ezinbestekoa da. Nik askotan behar izan dut beste herritar batzuen laguntza haurrak zaintzeko, etorri izan naizelako plazara hirurak hartuta; eta herritarrak beti egon dira prest. Hori eskertzekoa da.
Atxukarro: Sare handia dago hemen, beste herri batzuetan ez bezala. Hori faktore handia izan daiteke haurrak izateko; behintzat, lagungarria da.
Gorostarzu: Eskertzekoa da herrian ama-sareak osatuta egotea. Taldetan funtzionatzen dugu, elkarri babesa ematen diogu, eta kezkak eta zalantzak elkarbanatzen ditugu. Oso lagungarria izaten da. Horrez gain, udalak guraso eskola antolatzen du. Psikologo bat etortzen da hilean behin, eta doako zerbitzua izaten da guraso guztientzat. Guraso asko elkartzen gara eta oso aberasgarria izaten da guretzat.